Egiptoko Inperio Zaharraren mapa.

Inperio Zaharra deitura erabiltzen da K.a. hirugarren milurteko Egipto izendatzeko, Egiptoko zibilizazioaren lehenengo goreneko unea izendatzeko, alegia. Hiru egiptoar inperioetako lehenengoa izan zen eta Niloren behe-ibilguan egondako zibilizazio gorenetako bat (besteak Inperio Ertaina eta Inperio Berria izan ziren), hain zuzen ere.

Egiptoko elezahar edo kondairak oinarri hartuta, hasiera bateko egiptoarren lurraldea populatutako eremu askok osaten zuten, non tribuetako erregeordeek agintzen zuten.

Aro Dinastiko Goiztiarrean, K.a. 3100 inguruan, Narmer faraoi edo erregeak Egipto Garaia eta Egipto Beherea batu zituen. “Koroa Bikoitza” eramaten zuen Narmerrek: Koroa Zuriak Egipto Garaia errepresentatzen zuen; Koroa Gorriak, aldiz, Egipto Beherea. Nilok Egipto Garaia eta Egipto Beherea fisikoki elkartzen zituen, eta Narmerrek politikoki.

Inperio Zaharrak K.a. 2686-2181 bitarte iraun zuen, III. dinastiatik hasita VI.era. Inperio Zaharreko hiriburua Menfis zen. Inperio Zaharrak oparotasuna eta ospea eskuratu zituen, Egiptoko historian sortu diren piramiderik eder eta handienek bistan utzi zuten hori.

Garai horretan, Egiptoko faraoiei jainkoak izango balira bezala begiratzen zitzaien. Faraoiek botere mugagabea zuten arren, haien lana zen oinarrizko ordena eta harmonia mantentzea. Zenbait printzipio hartzen zituzten kontuan agintzeko: egia, justizia, ordena eta harmonia.

Inperio Zaharreko bigarren faraoia Djoser izan zen, K.a. 2665-2645 urteetan. Haren aginteak 19 urte inguru iraun zuen eta garaiko faraoirik ospetsuena izan zen. Haren arrakastarik handiena Sakkaran dagoen Piramide Mailakatua eta inguruko tenplu-gunea izan ziren. Harriz egindako lehenengo eraikin monumentala izan zen. Piramide mailakatuari esker lortu zuen hainbesterainoko ospea Djoserrek bere agintaldian, eta horregatik da ezaguna haren izena gaur egun.

Guztira 42 probintzia zituen Egiptok. Egipto Garaian 22 probintzia zeuden, eta 20 Egipto Beherean. Probintzia bakoitzean agintari bat zegoen, zeina bere probintzian boterea handitzen ahalegintzen zen.

VI. dinastiako faraoiek inperioaren kontrola galdu ostean, “garai iluna” heldu zen. Egipto bitan banatu zen, eta ez zegoen bi aldeen arteko adostasuna lortzerik. Garai horrek 100 urte inguru iraun zuen, bere barne hartu zituen VII, VIII, IX eta X. dinastiak. Egipto berriro XI. dinastian batu zen; horrela hasi zen Inperio Ertaina.