Berlingo Harresia 1988an.

Berlingo Harresia Berlin hiria zeharkatzen eta bi zatitan banatzen zuen harresi handi bat zen. Gainera, Alemaniako Errepublika Federalaren (AEF) eta Alemaniako Errepublika Demokratikoaren (AED) arteko muga izan zen hainbat urtez. Harresiaren eraginez, hiriaren mendebaldeko zatia AEFrentzat geratu zen; eta ekialdeko zatia, berriz, AEDrentzat. Harresiak 45,3 kilometro zituen, 1961an eraiki zen eta 1989 arte iraun zuen.

Zergatik eraiki zuten?

aldatu

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Alemania lau eremutan banatu zen: frantziarrek okupatutako zatia, britainiarrek okupatuta, errusiar-sobietarrek kontrolatutakoa eta amerikarrek kontrolatutakoa.

Gerraren ondoren, Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko Gerra Hotza delakoa hasi zen berehala. 1949ko maiatzaren 23tik aurrera, Frantziak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek okupatutako Berlingo zatiak Alemaniako Errepublika Federal bihurtu ziren (AEF siglaz edo Mendebaldeko Alemania edo Alemania kapitalista izenez ere ezaguna); eta sobietarrek kontrolatutako zatia, berriz, RDA sortu berriaren barruan geratu zen urriaren 7an, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren barruan (AED siglaz edo Ekialdeko Alemania edo Alemania komunista izenez ere ezaguna).

1945eko udatik aurrera, Berlingo bi zatiak banatzeko, muga-hesiak ipini zituzten, eta indar okupatzaileen baimena behar zen muga zeharkatu ahal izateko. Bi estatuen arteko bene-benetako muga 1952an ezarri zen, eta handik aurrera ezinezkoa izango zen muga zeharkatzea; horregatik, komunisten kontrolpeko zatian bizi ziren alemaniar askok AEDtik AEFra ihes egin zuten.

Ihesak eragozteko asmoz, AEDk muga erabat itxi zuen 1952an, Alemania osoan, bai eta Berlinen ere, polizia-postuekin eta alarmekin. Hala ere, jende askok lortu zuen ihes egitea mendebaldera: 2,6 milioi pertsonak ihes egin zuten 1949 eta 1961 artean. Poloniar eta txekiar asko ere Mendebaldera joan ziren Berlindik barrena, gobernu komunistetatik ihesi.

Hori dela eta, 1961ean, AEDko agintariek harresi bat eraikitzea erabaki zuten, arantzadun hesiz betetako kontrolpeko eremu batekin batera eta soldaduek zainduta. Soldaduei agindu eman zitzaien tiro egiteko ihes egiten saiatzen zirenei.

Noiz eta zergatik bota zuten?

aldatu
 
Jendea harresiaren gainean.

Eraiki zenetik aurrera, hainbat pertsona saiatu ziren harresia zeharkatzen, Mendebaldeko zatira ihes egiteko, eta asko hil ziren; inork ez daki zenbat hil ziren, baina 200 baino gehiago izango ziren, seguru aski.

1980ko hamarkadan, bi Alemanien arteko harremanak pixka bat hobetu ziren. Gainera, 1987an, erreforma batzuk onartu zituen sobietar gobernuak, Mikhail Gorbatxoven eskutik. Berlinen, gero eta protesta eta manifestazio gehiago zeuden harresiaren aurka eta gobernu komunistaren aurka, batez ere 1989an.

Urte hartako maiatzean, jende asko lortu zuen AEDko lurraldetik ihes egitea beste herrialde batzuetara, mugetako kontrolak arinduta zeudela aprobetxatuz. Azaroan, AEDko gobernuak errazago jarri zuen ekialdeko alemaniarrentzat kanpora bidaiatzea. Azaroaren 9an, gobernu komunistak hiritarrei mugak zeharkatzen uztea erabaki zuen, baina inork ez zekien Berlingo Harresia zeharkatu ahal izango zen ala ez; jende askoren manifestazio eta protesten ondorioz, harresia zaintzen zuten soldadu batzuek ateak zabaldu zituzten. Ondoko gauean, mendebaldeko berlindar asko harresiaren gainera igo ziren, eta ekialdeko alemaniar asko ere hurbildu ziren ikustera ea benetan joan zitezkeen beste aldera. Alde bateko eta besteko alemaniarrak azkenik elkartu ahal izan ziren, hainbat urtez banatuta egon ondoren.

Jende asko harresia apurtzen hasi zen leku askotan, eta, ondorioz, harresia ia osorik bota zuten. Gaur egun, zati txiki batzuk baino ez dira geratzen. Harresia bota eta ia urtebete geroago, bi Alemaniak herrialde bakar batean bateratu ziren. Estatu Batuek, Frantziak, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak, bi Alemaniekin batera, estatu berriaren mugak adostu zituzten, eta 1990eko urriaren 3az geroztik Alemaniako Errepublika Federala baino ez da existitzen.