Basoan moztutako zuhaitza.

Basogintza basoetako baliabideen aprobetxamendu ekonomikoa bilatzen duen jarduera da. Basoetako zuhaitzetatik egurra, erretxina, kortxoa eta kautxua lor daitezke, beste produktu batzuez gain. Hala ere, baliabiderik garrantzitsuena zura da, papera egiteko, eraikuntzarako, altzarien industriarako edo era askotako gaiak lortzeko.

Zura eskuratzeko jarduera klimako baldintzen mende dago. Izan ere, baso tropikal hezeetan eta baso epeletan lortzen da zur gehiena, batez ere zur preziatuenen kasuan. Zuraren ekoizpena hazkunde azkarreko espezieen hedapenagatik handitu da, baina gaur egungo arazo handienetako bat kontrolik gabeko espezieek eta suteek, euri azidoak eta basoetako gaixotasunek eragindako basogabetzeak dira.

Basogintza modernoak nekazaritzaren prozedura berberak erabiltzen ditu, makineria oso espezializatua erabiliz, haziak aukeratuz, lurrak basoberritzeko prestatuz, ongarriak erabiliz, izurriteak kontrolatuz eta ustiapen oso mekanizatua eginez.

Basogintza modu jasangarrian ustiatzen den lekuetan, zuhaitzak moztu ondoren, basoa berritu egiten da, zuhaitz berriak landatuz. Planetako leku batzuetan, ordea, jarduera ekonomiko honen eraginez baso-eremu handiak galtzen ari dira, zuhaitz berriak landatu beharrean lurra nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabiltzen delako; hori ari da gertatzen, adibidez, Amazoniako leku askotan, bai eta Asiako hego-ekialdean ere.