Ameba bat mikroskopioarekin ikusita
Ameba baten mugimendua.

Amebak Mikrobio mota bat dira, hots, izaki bizidun txiki-txikiak, mikroskopioz soilik ikus daitezkeenak.

Izaki zelulabakarrak dira, bizidun guztien arteko sinpleenetakoak: estalki fin bat dute, mintz deitzen duuguna. Horren barruan, nukleo bat, digestiorako bakuoloak eta bakuolo uzkurkor bat dute (laburrago bihurtu daitekeena), soberan duten ura kanporatzeko.

Ameba guztiak protozooen taldean sailkatzen dira.

Non bizi dira? aldatu

Uretan bizi dira, baina baita beste animalia batzuen gorputz hezean eta lur hezean ere. Amebak dituen ura edaten badugu, gerta liteke gu gaixotzea, badirelako ameba batzuk kaltegarriak direnak. Beste batzuk, aldiz, ez dira kaltegarriak.

Nola mugitzen dira? aldatu

Ondoko bideoan ikusiko duzun bezala, pseudopodo izeneko gorputz-egitura batzuen bidez mugitzen dira. Mugitzeko, lehendabizi, amebak bere gorputz gelatinosoaren zati bat kanporantz luzatzen du, ukabil itxi batetik irteten den hatz potolo bat balitz bezala. Irtengune horri pseudopodoa (sasi-oina edo oin faltsua) esaten zaio. Ondoren, amebak poliki-poliki isurtzen du gorputzaren zati nagusia pseudopodoan, eta, ondorioz, pseudopodo hori gero eta gehiago hazten da. Azkenean, sasi-oina hainbeste hazten da, non gorputz osoa bihurtzen den. Hori errepikatuz lortzen du mugitzea.

Nola elikatzen dira? aldatu

Amebak, batez ere, landare eta animalia zelulabakarrez elikatzen dira. Amebek aho gisa erabiltzen dituzte beren pseudopodoak: pseudopodoak zabaldu egiten dira, elikagaia inguratu eta haien barrura sartzen dituzte.

Nola ugaltzen dira? aldatu

Ugaltzeko, amebaren nukleoa bi zatitan banatzen da. Bi erdiak banandu egiten dira, eta erdi bakoitzak zitoplasmaren zati bana hartzen du. Horrela, ameba bakoitza bitan banatzen da, eta prozesu horretatik bi ameba ateratzen dira