Bilboko Euskalduna jauregiko auditorioa espazio akustiko bat da

Akustika fisikaren adar bat da, soinua eta bere propietateak aztertzen dituena: adibidez, nola sortzen den, nola transmititzen den eta zer efektu dituen. Akustikak soinuarekin zerikusia duten hainbat gertakari aztertzen ditu, soinu-iturriek sortzen dutenetik hasi eta entzuleak hautematen duenera arte.

Soinuak nola funtzionatzen duen ulertzea oso garrantzitsua da soinu-ingeniaritzarako, espazio akustikoak (auditorioak, adibidez) nola diseinatu jakiteko eta baita medikuntzarako ere, ultrasoinuaren teknika (ekografiak egiteko erabiltzen dena) akustikan oinarritua baitago.

Oinarrizko kontzeptuak aldatu

Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da soinua energia dela eta ingurune batean zehar hedatzen dela ulertzea. Ingurune hau airea, ura edo solido bat ere izan daitezke. Akustikak soinu-uhin hauek nola sortu eta transmititzen diren eta soinu-uhin hauek eta beren inguruneak elkarri nola eragiten dioten ikertzen du.

Soinuaren sorrera soinu-iturri batean hasten da. Soinu-iturri bat dar-dar egiten duen edozer izan daiteke. Objektu batek dar-dar egiten duenean (gitarra baten hariak, ahots-kordak edo bozgorailu baten mintzak, adibidez) inguruko airearen presioan aldaketak eragiten ditu. Presio aldaketa hauek soinu-uhin moduan hedatzen dira.

Bi soinu-uhin mota nagusi daude: luzetarakoak eta zeharkakoak. Luzetarako uhinetan, hedapen-inguruneko partikulek uhina hedatzen den norabide berean egiten dute dar-dar. Zeharkako uhinetan, ordea, hedapen-inguruneko partikulek uhina hedatzen den norabidearekiko elkarzuta den norabidean egiten dute dar-dar. Soinua airean dagoenean, soinu-uhinak luzetarakoak dira, aire partikulek haien norabide berean egiten baitute dar-dar.

Akustikan, maiztasuna eta anplitudea bi kontzeptu oso garrantzitsu dira. Maiztasuna uhin batek segundo batean egiten duen ziklo kopurua da, eta hertzetan (Hz) neurtzen da. Soinu baten altuera, hau da, soinua altua edo baxua izatea, maiztasunaren araberakoa da. Adibidez, txistu altu batek danbor baten soinu baxua baino maiztasun altuagoa du. Anplitudeak, bestalde, uhinaren presio aldaketak neurtzen ditu, eta soinuaren intentsitatearekin, hau da, ozentasunarekin du zerikusia. Anplitude handiagoa duen soinu-uhina anplitude txikiagoa duena baino ozenagoa da.

Soinua espazioan nola hedatzen den eta ingurune desberdinek eta uhinek elkarri nola eragiten dioten ikustea akustikaren beste alderdi liluragarri bat da. Soinuaren abiadura hedatzeko erabiltzen duen ingurunearen araberakoa da. Adibidez, soinua azkarrago hedatzen da uretan airez baino. Gainera, objektuek soinuaren hedapenenean eragin dezakete; hau soinua islatzen duten objektu asko dauden gela batean erreberberazioa (oihartzunaren antzekoa den gertakaria) sortzen denean ikus dezakegu, adibidez.