Bibrazioaren uhinak

Soinua edo hotsa objektu baten bibrazioa gure belarrietara iristen denean nabaritzen dugun sentsazioa da. Hau da, objektu batek bibrazioak sortzen duenean beste objetu batekin, halako uhin batzuk sortzen dira (soinu-uhinak deitzen dira), harri bat uretara jaurtitzean gertatzen den bezala. Soinu-uhin horiek airearen bidez iristen dira belarrian dugun mintz sentibera batera (tinpanoa); tinpanoak barne-belarrira bideratzen du bibrazioa eta hortik burmuinera iristen da; burmuina da, azkenik, uhin horiek soinu bezala ulertzen dituena.

Soinua aztertzen duen zientzia akustika da.

Soinua eta zarata ez dira gauza bera. Gutako gehienontzat, zarata gogaitzen gaituen soinu bat da, baina hori oso subjektiboa da; mundu guztiari ez zaizkio gogaikarriak gertatzen soinu berberak. Baina akustikak bai azaltzen dun soinuaren eta zarataren arteko aldea:

  • Soinu musikalak uhin erregular eta ordenatua sortzen du.
  • Zaratak uhin irregular eta desordenatua sortzen du.

Nola zabaltzen da? aldatu

Soinuak bitarte bat behar du hedatzeko, adibidez airea, ura, metalezko objektu bat, etab. Bitarterik gabe, hutsean adibidez, soinua ezin da hedatu. Horregatik, espazioan ezin da inolako soinurik entzun.

Soinua azkarrago edo astiroago hedatzen da bitartearen arabera. Adibidez:

SOINUAREN HEDAPENAREN AZKARTASUNA
Bitartea Azkartasuna
Airean 343 m/s
Uretan 1.370 m/s
Burdinean 5.100 m/s
Hutsean 0 m/s

Soinuaren eta argiaren abiadura konparatu aldatu

Airean, soinuak 343 metro egiten ditu segundo bakoitzean, hau da, 343 m/s. Argiak, aldiz, 300 milioi metro egiten ditu segundo batean, 300.000.000 m/s.

Horrek esan nahi du argia sortzen den ia une berberean antzematen dugula, baita oso urruti sortua bada ere; soinua, aldiz, beranduago iristen zaigu: kilometro bat egiteko, ia 3 segundo behar ditu. Horretaz oso ondo konturatzen gara ekaitza dagoenean: tximistak lehenago ikusten ditugu eta geroago entzuten ditugu trumoiak.

Soinuaren propietateak aldatu

 
Soinu-uhinak eta bibrazioaren maiztasuna

Soinuak lau propietate edo ezaugarri nagusi ditu:

  • Altuera: soinuak altuak, erdibidekoak eta baxuak izan daitezke. Uhinaren maiztasunarekin du zerikusia.
  • Iraupena: soinuak luzeak edo laburrak izan daitezke. Bibrazioaren denborarekin du zerikusia.
  • Intentsitatea: soinuak sendoak eta ahul edo leunak izan daitezke. Uhinen anplitudearekin du zerikusia.
  • Tinbrea: soinu bera modu desberdinean entzuten dugu soinua sortu duenaren arabera. Uhinaren formarekin du zerikusia.

Altuera aldatu

 
Pentagramako marra gehigarriak nota altu eta baxuegietarako.

Soinuak altuak edo baxuak izan daitezke, soinuaren maiztasunaren arabera; maiztasuna da zenbat aldiz bibratzen duen uhinak segundo bakoitzeko. Hertzetan (Hz) neurtzen da. Maiztasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta altuagoa da soinua, eta alderantziz.

Gizakion belarriak 20 eta 20.000 Hz bitarteko soinuak entzun ditzake. 20 Hz azpikoak infrasoinuak deitzen dira, eta ez ditugu entzuten baxuegiak direlako. Era beren, 20.000 Hz baino gehiagokoak ere ezin ditugu entzun, altuegiak direlako; hauei ultrasoinuak deitzen zaie.

Bestetik, musikaren kasuan, Pentagramak eta nota musikalak erabiltzen dira soinuen altuera irudikatzeko. Soinuak altuegi edo baxuegiak izanez gero, marra gehigarri batzuk eransten zaizkio pentagramari.

 
Nora-irudien balio erlatiboa.

Iraupena aldatu

Soinuek zenbat irauten duten adierazten du, hau da, luzeak ala laburrak diren. Soinu-uhina zenbat denboraz luzatzen den, iraupena luzeagoa edo laburragoa izango da. Segundotan neurtzen da.

Musikan, iraupenak ikur edo sinbolo batzuen bidez adierazten da; nota-irudiak erabiltzen dira horretarako.

Intentsitatea aldatu

 
Soinu-uhinen intentsitatea.

Soinuen bolumena edo indarra bereizten du; beraz, soinu sendoak eta soinu ahulak egon daitezke. Soinu-uhinaren luzeraren arabera dira soinuak sendo edo ahulak. Intentsitatea dezibeliotan (dB) neurtzen da, eta horretarako sonometro izeneko tresna erabiltzen da. Soinuaren intentsitatea handiagoa izaten da soinua sortzeko energia handia denean, eta alderantziz; 10 dezibeliotan handitzeko, energiak 10 aldiz handiagoa izan behar du.

Gizakiok 0 eta 120 dB bitarteko intentsitatea duten soinuak entzun ditzakegu; 120tik gora, soinua mingarria eta kaltegarria izan daiteke belarriarentzat. Kalterik ez gertatzeko, eta entzumena galtzen ez joateko, gomendagarria da entzuten dugunak 65 dB-tik gorako bolumena ez izatea.

 
Intentsitatea adierazten duten ikurrak pentagramako marren azpian: mezzoforte, crescendo eta decrescendo.

Musikan, soinuaren intentsitatea ñabardura edo dinamiken bidez irudikatzen dira; italierazko hitz batzuen laburdura batzuk dira, pentagrama azpian idazten direnak: fortissimo, forte, mezzoforte, mezzopiano, piano eta pianissimo. Gainera, intentsitate aldakorreko ñabardura batzuk ere badaude: crescendo (gero eta sendoagoa) eta decrescendo (gero eta ahulagoa).

Tinbrea aldatu

Tinbreak ere oso garrantzi handia du musikan. Txirula batek eta piano batek halako nota bat jotzen dutenean, iraupen eta intentsitate berarekin, belarrik arazorik gabe bereizten du diferentzia; txirulak emandako nota eta pianoak emandakoa desberdin entzuten ditugu. Tinbre desberdina dutelako da.

Tinbrea gertatzen da soinu-uhinak konplexuak direlako; hau da, uhin nagusi bat dago, funtsezko soinua osatzen duena, baina badira maiztasun desberdineko beste uhin batzuk ere, armonikoak deitutakoak. Musika-tresna bakoitzaren tinbrea uhin-batura horren araberakoa da.