Txantiloi:2012-24 Nabarmendutakoa

Faxismoa (italierazko fascio hitzetik dator, eta hau latinezko fasces hitzetik) nazioaren ideia goraipatzen duen ideologia autoritarioa da. Faxismoa mugimendu totalitarioa da, nazioaren zein banakoen bizitzen alor guztietan eragitea bilatzen baitu. Faxismoa berritasunean oinarritu zen, ideologia tradizionalak (liberalismoa eta marxismoa) gainditzea baitzuen xede. Horrela, ondokoak dira faxismoaren ezaugarri nagusiak: antikomunismoa, antiliberalismoa, demokraziaren aurkako izaera, arrazoiaren gainetik sentimenduak azpimarratzea, eta aniztasuna edo desberdintasunaren aurkako jarrera. Era hertsian, mundu gerren arteko erregimenei soilik dagokie; hots, Italiako Benito Mussoliniren eta Alemaniako Adolf Hitlerren erregimenei. Batzuetan, hala ere, faxismoa Italiako mugimendura mugatzen da, Alemaniako nazismotik bereiziz. Edonola ere, autoritarismoan oinarrituriko beste erregimenak definitzeko ere erabiltzen da faxismo terminoa. Kaleko erabileran, irain moduan erabiltzen den terminoa bihurtu da, zehaztasun politikotik urrun.