Txantiloi:2010-27 Nabarmendutakoa

Probabilitatea gertakizun baten ziurgabetasuna, gauzatuko ote den alegia, neurtzen duen zenbaki bat da.

Probabilitateak [0, 1] tarteko balioak hartzen ditu ([%0, %100] ehunekotan azaltzen denean). 1 baliotik zenbat eta gertuago izan, gertakizuna probableagoa edo ziurragoa izango da. Gertakizun baten probabilitatea 1 denean, gertakizuna ziurra dela esaten da, erabateko ziurtasunez gauzatu edo egiaztatuko dela pentsatzen baita. Probabilitatea 0 denean, gertakizuna ezinezkoa dela esaten da.

Probabilitatea zorizkoak edo ausazkoak diren gertakizunak azaltzeko erabiltzen da. Txanpon bat botatzen denean, ez dago jakiterik zer alde erakutsiko duen eta horrela txanpon bat bota eta gurutzeko suertatzeko probabilitatea %50 dela esaten da. Beste fenomeno batzuk, ordea, ez dira guztiz zorizkoak, kausalak baizik (pertsona batek azterketa bat gainditu behar duen, adibidez, ikasten aritu den orduen mendean dago), baina kausa horien eraginari buruzko informazio zehatzik ez dagoenez, emaitza ziurgabea da eta probabilitate batez irudikatzen da. Zoriaren eta ziurgabetasunaren mendean ez dauden fenomenoak deterministak dira eta probabilitatearen azterketatik at geratzen dira.