Txantiloi:2009-28 Nabarmendutakoa

Kittilä (inariko samieraz: Kittâl; iparraldeko samieraz: Gihttel) Lappi lurralde finlandiarrean dagoen udalerri bat da. Finlandia iparraldeko udalerria da eta Enontekiö eta Inari udalerriak iparraldean, Kolari eta Muonio mendebaldean, Rovaniemi hiriburua hegoaldean eta Sodankylä udalerria ekialdean ditu bizilagun. Ia 8.263,15 km²ko azalera du herriak, zazpi aldiz Gipuzkoa lurralde osoa, eta Finlandiako laugarren udalerri handiena da, 6.038 biztanlerekin. Nahiz eta antzinean udalerriaren lurretan samitarrak bizi ziren, gaur egun, hauen kopurua biztanleria guztiaren ehuneko batera ere ez da iristen; gehienak, elur-orein zaintzatik bizi dira iparraldean.

Azken urteotan, Kittiläko biztanleria izugarri hazi da Levi mendixkako eski-azpiegiturak erakarritako turismoagatik batik bat, Finlandia osoko eski-azpiegitura natural eta onena baita Ruka eta Ylläs mendixketakoekin batera. Gainera, Kanadako Agnico-Eagle enpresak, 2008. urte bukaeran, Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuen udalerrian, Kiistala eta Pokka herrixken tartean dagoena.