Trofalaxia intsektuen arteko elikagaien transferentziari deritzo. Intsektu sozialetan batez ere ematen da (inurriak, termitak, erleak...).

Inurrien arteko trofalaxia

Elikagaien elkartrukatze hori ahoz ahokoa izan ohi da, baina hainbat kasutan uzki-ahokoa ere.

Trofalaxiak kolonia bateko partaideen loturak nabarmen sendotzen ditu, funtsezkoa dena intsektu sozialetan [1] [2]. Adibidez, erle bat nektarrez hornitua erlauntzara iristen denean, trofalaxia egiten du erlauntzako beste erleekin, eta nektarra ahoz aho pasatzen da erleen artean. Elikagaiaren transferentzia horrek (eta baita feromonarenak ere) erlauntzako partaide guztiak usain berarekin blaitzen du. Horrek bereizten ditu partaide horiek eta beste komunitate edo erlauntza batekoak.

Termiten trofalaxiak (uzki-ahokoa denak), bere aldetik, egurra digeritzen duten bakterio eta protozooen transferentzia ahalbidetzen du. Kontuan hartu behar da termitek, muda sufritzen dutenean, mikrobio horiek galtzen dituztela, eta egurraren zelulosa digeritu ahal izateko ezinbestekoa dela berreskuratzea. Hori trofalaxiaren bidez lortzen dute [3]


ErreferentziakAldatu

  1. Roubaud E (1916) Recherches biologiques sur les guepes solitaires et sociales d'Afrique. La genese de la vie sociale et l'evolution de l'instinct maternel chez les vespides. Ann Sci Nat 1:1-160
  2. Sleigh, Charlotte (2002). "Brave new worlds: Trophallaxis and the origin of society in the early twentieth century". Journal of History of the Behavioral Sciences. 38 (2): 133–156
  3. Klass, Klaus-Dieter; Nalepa, Christine; Lo, Nathan (March 2008). "Wood-feeding cockroaches as models for termite evolution (Insecta: Dictyoptera): Cryptocercus vs. Parasphaeria boleiriana". Molecular Phylogenetics and Evolution. 46 (3): 809–817

Kanpo estekakAldatu