Espainiako 1936ko altxamenduak 1939an garaipena lortu zuen. Preso ugari sartu zituzten kontzentrazio eremuetan eta kartzeletan. Hauetako asko “Batallon de trabajadores” delakoetara bidali zituzten haien zigorrak betetzeko.

Errepublikaren alde borrokatu ziren preso gehienek esklabo bilakatu zuten. Francok zigorrak eta heriotza mehatxuak erabili zituen eta gatibu lan merkearen bitartez, berak eragindako hondamendiak konpondu, armadak behar zituen azpiegiturak eraiki eta enpresari konplizeen beharrak asetzeko.

Espainian 550 ”langile batalioi” sortu zituzten. Horietatik 60 baino gehiago Euskal Herrian. Oarsoaldean 18 batailoi antolatu zituzten. 12.500 pertsona 4 urtez aritu ziren gatibu lanetan, errepide eta gotorlekuak eraikitzen. Egoera tamalgarrian aritu ziren, heriotza zigor, gose eta gaixotasunen mehatxupean, Pikoketako, Aritxulegiko, Lanbarreneko eta Jaizkibeleko errepideak egiten.[1]

Trabajadoriak Lezon aldatu

1939tik 1946ra, 1936ko gerra amaitu eta hurrengo urteetan alegia, 1.500 lagunetik gora behartutako esklabotza lanak egiten aritu ziren Lezoko hainbat lekutan. Gerran preso hartutako edota soldadutza urte haietan egitea tokatu zitzaien “errejimenari atxikimendurik ez zioten” pertsonak ziren; frankismoaren esklaboak, edota herriak esaten zien bezala, “Trabajadoriak”. Lezon, egun GI-3440 izenaz ezagutzen dugun errepidearen Errotetatik Guadalupeko santutegira bitarteko zatia eraikitzen aritu ziren hauetako langile gehienak.

Herriko memoria historikoa berreskuratzeko eta ezagutzera emateko helburuz,  Etxetxo, Lezoko Memoria Historikoaren Elkartea sortu zen 2016an. Ordutik, hainbat eta hainbat ekimen burutu dituzte Etxetxoko kideek. Horien artean, auzolanean arituta, Iparragirreko basoaren inguruetako barrakoiak berreskuratu dituzte, bertako sasi eta zuhaitz txarrak kenduta, pilatuta zegoen zabor guztia aterata eta barrakoien jatorrizko zorua azaleratu ondoren.

Erreferentziak aldatu

  1. «Trabajadoriak» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-07-13).