Tebasko Legioa

Tebasko legioa, hagiografia kristauak dioenez, ekialdeko erromatar armadako legio bat izan zen, Egiptoko Tebastik zetorrena; eta haren ofizialak (besteak beste, Maurizio Tebastarra) kristautasunera bihurtu ziren. Maximiano eta Diokleziano enperadoreek bagauda errebeldeen aurka borrokatzera deitu zuten legioa eta sarraskitua izan zen 285 eta 306 artean, Agaunum herrian (egungo San Maurizio), Valaisen (Suitza), legiokoen erlijioa urratzen zuten aginduak betetzeari uko egiteagatik. Ordutik, santu eta martiri katolikotzat gurtzen dira.

Legioaren jatorriaAldatu

XIX. mendeko Amédée Thierry historialariaren arabera[1], legio hau betebeharrik ez zuten Ekialdeko hainbat armada-gorputzetatik sortua izan zitekeen, besteak beste, XXII. legioa edo Legio Deiotariana. Legio hau, bere ausardiagatik eta bere arrakastengatik "Zoriontsu" deitua, Tebasen (Egipto) kantonatua zegoela adierazten du, egungo Jerusalem den Aelia Capitolinara eramana izan aurretik, non bere ofizial nagusienetako hiru, Maurizio, Exuperio eta Kandido, kristautasunera bihurtu zituen Himeneo gotzainak. Behin Erroman, Kaio aita santuaren aurrean, enperadoreari desobeditzeko konpromisoa hartu zuten, enperadoreak, iragarri bezala, bagauden aurkako gerra kristauen aurkako jazarpen bihurtzea erabakiko balu.

Charles Robert historialariaren ustez – Rhin ibaiaren eta haren ondoko haranen defentsarako erromatar legioei buruzko 1867ko lanean –, tebastarrez osatutako bi legio zeuden erromatar armadan: I Maximiana Thebaeorum eta III Diocletiana Thebaeorum[2] . Bi legio hauek Maximianok eta Dioklezianok sortu zituzten Afrika iparraldeko kanpainetarako, Egipto Behereko Koptos eta Busiris hiriak menderatu ondoren, hiru legio osatzeko bertako gazteak errekrutatu zituztenean: "I Jovia Foelix Thebaeorum", "I Maximiana Thebaeorum" eta "III Diocletiana Thebaeorum"[3] izan ziren legioak.

HistoriaAldatu

Iturri bakar batek aipatua, berantiarra eta jatorri erlijiosokoa[4], eta erromatar aro inperialeko autore kristauek aipatua, tebastar legioaren sarraskiaren pasartea elezahartzat hartzen da, bereziki, legio hau, garaiko erromatar legioen zerrendan agertzen ez delako.

Elezahar batek dioenez, Maurizio Tebastarra, Agaunumen, bere agindupean zuen legioarekin zegoenean, berak eta bere ofizialek, enperadorea gurtzeari uko egin zioten zeremonia pagano batean. Bere kideekin batera exekutatua izan zen. Beste elezahar baten arabera, Maximiano enperadorekideak Tebasko legioa deitu zuen Valaiseko kristauak jazartzeko. Legionario gehienak kristauak zirenez, agindu inperiala betetzeari uko egin zioten eta sarraskituak izan ziren. Tebastar legioa Egiptoko Tebas eskualdeko 6500 soldadu koptok osatzen zuten.

Mende bat beranduago, ustezko sarraskiaren tokian Agaunumeko basilika eraiki zen. Martiriaren gorpuzkiak Teodoro Siongoak hobitik atera zituen, Oktoduroko lehen apezpiku ezaguna (gaur egungo Martigny) eta Agaunumeko santutegiaren sortzailea izan zena, San Maurizio izena hartu zuena. Santutegi hau, San Maurizioren abadia bihurtu zen 515ean, Segismundo burgundiar erregearen erregealdian. Burgundia Garaiko lehen erregea, Auxerreko Rodolfo I.goa, abadian koroatua izan zen 888an.

Zaila da kondairak oinarri historikorik duen jakitea. Dioklezianoren erregealdia, sarri, martiri legendariotzat hartzen den aldi bat da, eta, beraz, ez da data fidagarri bat. Ikerlari batzuek elezahar honen eta han 275-277 inguruan gertatuko zen guduaren arteko erlazio baten hipotesia formulatu dute, non alamanak, Suitzako ordokia suntsitu ondoren, San Maurizio clusean atxilotuak izango ziren, erraz defendatzeko haitzarte bat. Han, Junius Marinusen heriotzari buruzko idazkun bat aurkitu zen.

Treverisko kondaira baten arabera, Alemanian, legio tebastarra garaiko hiriaren iparraldean sarraskitua izango zen. Izan ere, martiriei egotzitako burezur asko aurkitu ziren San Paulino basilikako sotoan. Basilikaren sabaian, barroko fresko batzuek Tebasko legioaren sarraskia kontatzen dute. Baina eliza erromatar hilerri baten gainean eraiki zela frogatu zen.

San Victor Marseillakoa, tebastar legioko ofiziala, Agaunumeko sarraskian ihes egin eta Marseillan babestu zena, martiri hil zen hiri horretan. Errota baten errotarriaren azpian zapaldua izan zen 303ko uztailak 21ean (edo 304 beste iturri batzuen arabera), bere fede kristauari uko ez egiteagatik.

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu