Rafflesia arnoldii Indonesiako oihan hezeetan bizi den landare bizkarroi espezie bat da, Rafflesia generokoa. Munduko lore handiena ateratzen duelako da ezaguna[1].

Rafflesia arnoldii
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaMalpighiales
FamiliaRafflesiaceae
GeneroaRafflesia
Espeziea Rafflesia arnoldii

Izena aldatu

1818. urtean aurkitu zuten Thomas Stamford Raffles eta Joseph Arnold botanikari ingelesek eta bigarren horrengandik datorkio espezieari izena. Robert Brown botanikari eskoziarrak deskribatu zuen[2] 1821. urtean. Sumatran kerubut esaten diote[3] eta minangkabaueraz cendawan biriang izena du[4].

Deskribapena aldatu

Landarea aldatu

Tetrastigma generoko landareen parasitoa da eta ez du hostorik, zurtoinik ez eta sustrairik ere[1]. Klorofilarik ere ez du. Landarearen gorputza ostalariaren barnean dagoen zuntz sare batek osatzen du, rhizomatoide izena hartzen duena[4].

Lorea aldatu

Raffesiak munduko lore bakan handiena ateratzen du, metro bateko diametroa duena eta 11 kilogramo pisatzen dituena[1]. 30 cm-ko diametroa duen kimu batetatik ateratzen da. Lore handiagoak badirela esan izan da (esate baterako, Amorphophallus titanum) baina kasu horretan infloreszentzia bat da. Rafflesiaren lorea gorrixka da eta puntu argiagoak ditu. Bost petalo lodiz osaturik dago.

Habitata aldatu

 
Rafflesia arnoldii.

Oihan primarioetan eta sekundarioetan aurkitzen da, Tetrastigma leucostaphylum dagoen lekuetan, landare horren bizkarroia baita. Era berean, Tetrastigma bera ere inguruan dituen landareen indarraz eta hazkuntzaz baliatzen da basoko goiko geruzetara iritsi eta eguzki argia eskuratzeko. Rafflesiaren inguruan aurkitzen den landare ohikoena Coffea canephora (robusta kafea) da, bertako landarea ez den arren, Afrikatik ekarritakoa baita.

Uretatik gertu aurkitzen da Rafflesia, 490 eta 1.024 metrotako altuera artean[5].

Ugalketa aldatu

Loreak bost eta zazpi egun artean irauten du eta hainbat urtetan bahin soilik ateratzen du. Haragi ustelaren usain gogorra jariatzen du eta beroa ere irradiatzen du. Hilda dagoen animalia delakoan intsektuak erakartzen ditu eta hauek polinizatu egiten dute[4]. Fruitua aldiz karraskariek sakabanatzen dute[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d (Ingelesez) «5 Awesome Parasitic Plants | Britannica» www.britannica.com (Noiz kontsultatua: 2021-12-23).
  2. «Tropicos» www.tropicos.org (Noiz kontsultatua: 2021-12-23).
  3. «SEAlang Library Malay Lexicography» sealang.net (Noiz kontsultatua: 2021-12-23).
  4. a b c (Ingelesez) Pranata, Syafroni; Sulistijorini, Sulistijorini; Chikmawati, Tatik. (2019-10-26). «Ecology of Rafflesia arnoldii (Rafflesiaceae) in Pandam Gadang West Sumatra» Journal of Tropical Life Science 9 (3): 243–252.  doi:10.11594/jtls.09.03.02. ISSN 2527-4376. (Noiz kontsultatua: 2021-12-23).
  5. (Ingelesez) Pranata, Syafroni; Sulistijorini, Sulistijorini; Chikmawati, Tatik. (2019-10-26). «Ecology of Rafflesia arnoldii (Rafflesiaceae) in Pandam Gadang West Sumatra» Journal of Tropical Life Science 9 (3): 243–252.  doi:10.11594/jtls.09.03.02. ISSN 2527-4376. (Noiz kontsultatua: 2021-12-23).

Kanpo estekak aldatu