Platamon gaztelua
Platamon gaztelua edo Platamonas gaztelua (grezieraz, το κάστρο του Πλαταμώνα) bizantziar Erdi Aroko gaztelua da (X. mendea) eta Olinpo mendiaren hego-ekialdean kokatuta dago.
Platamon gaztelua | |
---|---|
Κάστρο του Πλαταμόνα | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Grezia |
Decentralized administration of Greece | Decentralized Administration of Macedonia and Thrace |
Eskualdea | Erdialdeko Mazedonia |
Unitate periferikoa | Pieria (unitate erregionala) |
Udalerria | Dion-Olinpos |
Koordenatuak | 40°00′20″N 22°35′54″E / 40.00568°N 22.59841°E |
Ondarea | |
Kokapena
aldatuIzaeragatik espero bezala, toki estrategiko batean kokatuta dago, Mazedonia eta Grezia hegoaldearen arteko ezinbesteko igarobide batean, Tesaliatik hegoaldera, Olinpo mendiaren eta itsasoaren artean kokatua. Tenpeko haranaren irteera kontrolatzen du (Peneo ibaiaren beheko arroak zeharkatuta)Olinpo eta Osa mendien artean.
Egitura
aldatuPlatamonas gazteluak oinplano luzanga dauka, triangelu itxura ematen duena, mendi baten goialde osora hedatua. Gaur egun ikusten diren egitura eta aztarnak zortzi mendeko erabileraren lekukoak dira, eta bereziki bizantziarren, gurutzatuen eta otomandarren eskuartzeak antzeman daitezke. Bi barrutik osatzen dute gazteluaren egitura, eta zortzi aldeko eta 18 metro garaierako dorre nagusia mendebaldekoan altxatzen da, bietatik txikiena eta gotorrena. Inguruko itxitura mota eta garai ezberdineko dorrez osatuta dago. Sarrera hegoaldean zabaltzen da, erdialdean gutxi gorabehera, eta ondoan dorre babesle bat izateaz gain, aurrean beste babes-lan batzuk bazituen. Harresien aurrean, ez inguru osoan, beste murru baten aztarnak ikus daitezke, gaztelua erasotzaileen artilleriatik babestearren jarria. Muinoaren hegoaldeko maldak beste horma batzuk eta beste eraikinen arrastoak agerian dira.
Historia
aldatuKontserbatzen den egitura 1204 eta 1222 urteen artean egindako gotorlekutik dator.[1]. Goialde horretan antzinako Herakleion hiria zegoen, eta Platamon izena lehenengo aldiz 1198 urteko inperiar agindu batean azaltzen da.[2]. Konstantinopla erori zenean, Laugarren Gurutzadan, 1204an, Platamon Tesalonikako erregearen jurisdikziopean geratu zen, eta honek Rolando zaldun lonbardiarrari eman zion. Berak berreraiki zuen gaztelua suntsitutako eraikin zaharraren gainean.
Gaztelua laster izan zen berriro bizantziarra. 1218an, Teodoros Aggelos Epiroko despotak hartu zuen, eta, Pelagoniako batailaren ondoren (1259), Mikel VIII.a Paleologo Nikeakoak, geroago enperadore bizantziar bihurtu zenak.
Turkiarrek 1385ean eskuratu zuten gaztelua, eta hainbat moldaketa egin zituzten, garrantzi estrategikoko eremua kontrolatzeko gaztelua behar baitzuten. Veneziarrek gaztelua konkistatzea lortu zuen 1425 eta 1427 urteen artean eta etenaldi labur horren ondoren, turkiarrak itzuli eta XX. mendearen hasierara arte geratu ziren bertan.
Egun, gotorlekuak urtean milaka bisitari erakartzen ditu, eta 2010 urtetik aurrera, Olympus Festival (grezieraz: Φεστιβάλ Ολύμπου), izeneko musika eta antzerki jaialdiaren egoitza da [3].
Erreferentziak
aldatu- ↑ (Ingelesez)NICOLLE, David; HOOK, Adam.-Crusader Castles in Cyprus, Greece and the Aegean 1191-1571. NY: Osprey, 2007. ISBN 978-1-84176-976-9.Orr.56
- ↑ (Ingelesez),(Grezieraz) Platamon gaztelua Kastrologos blogean[kontsulta data 2021-10-31]
- ↑ (Ingelesez) jaialdiaren inguruko albistea, 2015 urteko edizioan [kontsulta data 2021-10-31]
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) (Grezieraz) Platamon gazteluaren inguruko informazioa Greziako Kultura Ministerioaren web orrian Castle of Platamonas [Kontsulta data 2021-10-31]