Pilote (zimendua)
Pilotea eraikuntzan erabiltzen den zimendu sakoneko elementua da. Eraikuntzen zamak eusten dituen lurreko geruza sakonegi dagoenean eta, horren ondorioz, azaleko zimendu arruntak —zapatak, zimendu-putzuak edo zimendu-lauzak— erabili ezin daitezkeenean egokitzen dira piloteak, horrela gainean duten karga, lur egonkor zein zurrun horretara bideratuz.
Bertikalean ezartzen diren zilindro itxurako zimenduak dira, eta amaieraren arabera, lur zurrunean atxikituta ala ez, egon daitezke. Lur zurrunarekin bat lan egiteko, kono itxurako punta egiten zaio, honek duen punta zorrotza bertan hobeto sartzen delako. Ez badu punta zorrotzik, lurzorura zuzenean igortzen ditu kargak marruskadura bidez. Zimendu hauetara transmititzen dira gaineko pilare, entzepatu zein lauzetatik datozen kargak.
Antzina zurezkoak eraikitzen baziren ere, gaur egun ohikoenak hormigoizkoak dira, aurrefabrikatuak zein in situ egindakoak. Aurrefabrikatuak kolpez iltzatu ohi dira; in situkoak, berriz, hainbat teknika erabiliz, atorraren arabera, berreskuragarria ala berreskuraezina izan baitaiteke.