Pentsio ez kontributibo

Pentsio ez kontributiboa erretiroan eta premiazko egoeran dauden herritar guztiei ematen zaien pentsioa da. Haren baitan sartzen dira diru-laguntza bat, laguntza mediko eta farmazeutikoa, eta bestelako zerbitzu sozial osagarri batzuk. Horrelako pentsioa jaso dezakete Gizarte Segurantzari inoiz kotizatu ez diotenek edota langile-denboran pentsio "kontributiboa" deritzona jasotzeko eskubidea izateko behar adina kotizatu ez diotenek gaur egun, beharrezkoa da gutxienez hamabost urtez kotizatu izatea[1].

Pentsio ez kontributiboa jasotzeko eskubidea dute Espainiako Estatuko herritarrek eta, beste herrialderen bateko nazionalitatea izanik ere, egoitza legala han dutenek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte: behar adinako diru-sarrerarik ez izatea, kobraturikoak ezin dira urtean 3.762 eurotik gorakoak izan, eta 65 urte edo gehiago izatea[1].

Baliaezintasunagatik kobratzeko beharrezkoa da 18 urte edo gehiago eta 65 baino gutxiago izatea eta %65eko edo gehiagoko elbarritasuna edo ezgaitasuna izatea. Baliaezintasunagatiko pentsio ez kontributiboak kobratzeko eskubidea erkidego autonomoek aitortzen dute, nahiz eta haien finantzazioa Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura izaten den. Aurrekontuen Legean ezartzen da pentsio horien zenbatekoa. Orain artean, autonomia erkidegoek kopuru osagarriak bakarrik eman diezazkiekete beren pentsiodunei[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Udalaitz, Daniel. (2004ko uztailaren 11). «Zer da: Pentsio ez kontributiboa» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu