Karl Marxek Alemanian, Frantzian eta Ingalaterran bizi zen eta Pedagogiarentzako eta Hezkuntzaren Soziologiarentzako ekarpen oso baliagarriak eta garrantzitsuak egin zituen. Karl Marxek, bere teoriak hezkuntza sistemara aplikatu zituen, hau da, ekonomia eta lanaren arlotik iritsiko da hezkuntzara, pedagogiaren hainbat arloetan eragina izanez.

Marxek gizartearen eraldaketa bilatzen du proletalgoaren erreboluzioaren bidez. Horrela, urrats batzuk jarraituz eta gizabanakoaren lanaren ondorioz, gizarte komunista bat lortuko da, hau da, klaserik gabeko gizartea.

Hezkuntza kapitalistari kritika

aldatu

Karl Marxek planteatutako ikuspegi estrukturalistari jarraituz, sistema bati kapitalista deitu dakioke, biztanleriaren gehiengoa (proletalgoa) nominalki askea denean, baina errealitatean aurrera jotzeko bere lan indarra saldu behar duenean, ekoizpen bitartekoen jabe den gutxiengo pribilegiatu bati (burgesia) hain zuzen. Definizio horretatik haratago, kapitalismoaren teoria marxista ugaria da. Marxisten aburuz, burgesiak proletalgoaren lan-indarra "erosten" du bere jabegoak handitzeko asmoz.

Marxek, kapitalismoa kritikatu eta komunismoa proposatzean, gizarte bakoitzean hezkuntzak beteko lukeen zeregina ere aipatu zuen. Gizarte eta gizaki berri bat proposatzen zituenez, aldaketa hori lortzeko hezkuntzak zeregin garrantzitsua beteko luke. Ingurune sozialak baldintzatzen du gizakia, baina une berean, gizaki honek berak ere aldatu egiten du giro hori. Hezigai eta hezitzaile, era batera. Elkarrekintza dinamiko bat ematen da gizabanakoaren eta ingurunearen artean. Marxen ustetan, gizakiaren aldaketa ideologikoa behar da gizartea aldatzeko eta horrekin batera, hezkuntza sistema aldatzeko.

Marxen hezkuntza sistema

aldatu

Marxen teorian «lana» da ideia garrantzitsuenetako bat, eta hezkuntzaren oinarrian ere lana jarriko du. Marxen ustez, gizarte kapitalistetako hezkuntza burgesa da, ez soilik bere edukiengatik, baita bere egituragatik ere: produkzioa eta eskolaren mundua banatu egiten dira, teoria eta praktika ere bai, eta helduak eta ume/gazteak ere bai. Bere ustez, eskola hau kapitalisten tresna da, eta ondorioz langileen eskola bat asmatu beharra dago.

Kapitalismoak lana eta hezkuntza banatzen dituen bezala, Marxek biak harremanetan jartzea proposatzen du. Bi sexuetako ume eta gazteek gizarteak beharrezkoa duen lan kantitatean parte hartu beharko lukete, baina ez modu kapitalistan. Berak adinaren araberako lan sistema arautu bat aipatzen zuen: 9-12 urte arteko umeek bi ordu lan egin beharko lukete egunero; 13-15 urte artekoek lau ordu eta 16-17 urte artekoek sei. Lan karga honi hezkuntza fisiko, teknologiko eta intelektuala gehitu beharko litzaioke. Marxen hezkuntza sozialistak umeek prozesu produktiboan parte-hartzea suposatzen zuen beraz, prozesu horretan jarduera material eta intelektualak bateratu beharko liratekeelarik.

Hezkuntza eta ideologiaren arteko harremanari dagokionez, Marxek hezkuntza eta eskola kontzeptuak bereizten ditu: eskolan ez lirateke landu behar ideologia edo klase sozialaren arabera aldatu daitezkeen edukiak. Eskolan gramatika, matematika eta natur zientziak bezalako gaiak irakatsi beharko lirateke, gai hauetan ez baitio axola irakaslea «marxista» edo «burgesa» den. Baina gai bat ideologia ezberdinen arabera aldatzen denean, eskolatik kanpo landu beharko litzateke (familia, kalea, lana, lagun artea...). Eskolak gizartean bizitzeko beharrezkoa den minimoa erakutsiko luke, eta hortik aurrerakoa, belaunaldi berriek eguneroko beraien harremanetan ikasi beharko lukete. Marxismoan, langileei eskola gutxi proposatzen zaie beraz, eta eskolaz kanpoko hezkuntza asko.

Eskolak, politeknikoa, laikoa eta dohainekoa izan behar du. Eta eskola bakarra egotea ere lortu behar da, ume guztiei ingurune bakar berdina ziurtatzeko. Gainera, eskolak eliza eta gobernuaren kontroletik askatu beharko luke, langileen auto-hezkuntza bilatuaz. Eskolak beharrezkoa izan behar du, eta berdina denontzako. Estatuak ziurtatu behar du hori, baina gobernuak ez du eskola kontrolatu behar, hezkuntza klase dominatzailearen atzaparretatik askatu behar baita. Eta guzti hau lortzen bada, langile klasea ez da gehiago klase dominatua izango. Hezkuntza aldaketa sozialerako tresna garrantzitsua izan daiteke, beraz.

Bibliografia

aldatu

Taberner Guasp, Jose. (2009). Gizarte estratifikazioa eta hezkuntza. EHU ISBN 978-8498603057..

(Gaztelaniaz) A., Guerrero. (2002). Manual de Socoiologia. , 20-23, 131-133 or..

Sodupe, Jon. (1989). Karl Marx. Teoria eta politika. .

Kanpo estekak

aldatu

Imaz, Jose Ignazio. (2008). Hezkuntzari Soziologiatik begira. .