Olaeta bizkaitar dantzari, musikari eta koreografo familia baten abizena da.

Segundo Olaeta Mugartegi aldatu

Artikulu nagusia: «Segundo Olaeta»

Bizkaitar musikagilea eta koreografoa (Gernika, 1896 - Miarritze, 1971). Bere jaioterrian egin zituen musikako lehen ikasketak, Seber Altube idazle eta filologoa irakasle zuela. Bartzelonara joan zen ondoren, eta kontrapuntu, fuga eta instrumentazioko ikasketak egin zituen. 1920. urtean, Gernikako Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten. Dantza-talde bat osatzen hasi zen garai hartan, eta Euskal Herri osoan zehar arrakasta handia izan zuen Elai-Alai dantza taldea sortu zuen. Taldeak antzezturiko obren artean baziren Olaetak berak konposatuak: Meza Osteko Jaya, Donibane Gaba, Estei-taldea, Kandelario, Agate-Deuna eta Jaun Zurian Zinegitea, besteak beste. Frantziako eta Belgikako hiri garrantzitsuenetan egin zituen emanaldiak Olaetaren Elai-Alai dantza-taldeak. Geroago, Miarritze, Baiona eta Donibane Lohizuneko Euskal Dantzetako Akademien zuzendaria izan zen. 1950. urtean, Victor eta Lourdes seme-alabekin, Ballets Olaeta dantza-taldea eta eskola sortu zituen Bilbon. Taldeak Madril, Bartzelona, Bilbo eta Oviedon antzeztu zituen euskal musikagileen (Aita Donostia, Uruñuela, Aranbarri, Guridi) obrak eta euskal kutsuko musika: Aurresku de anteiglesia, Cortejo suletino o Mascarada suletina, Sagar-Dantza eta abar. Ballet horrek Europako (Londres, Amsterdam) eta Ameriketako (Estatu Batuak, Kanada, Mexiko, Venezuela, Puerto Rico, Jamaika) hiri nagusietan jarduteko kontratuak izan zituen 1965 eta 1967 urteetan.

Javier Olaeta Torrezuri aldatu

Artikulu nagusia: «Javier Olaeta»

Bizkaitar dantzaria eta abeslaria, Segundo Olaetaren semea (Gernika, 1923). Elai-Alai dantza-taldeko kidea izan zelarik, taldearekin Europan, Estatu Batuetan eta Kanadan ibili zen. Elai-Alai dantza-taldearen zuzendaria izan zen 1991. urtean Gernikan jendaurrean berriro agertu zirenean.

Lide Olaeta Torrezuri aldatu

Artikulu nagusia: «Lide Olaeta Torrezuri»

Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Gernika). Dantza klasikoa eta modernoa ikasi zituen 14 urtez Parisen. Ballets Olaeta dantza-taldeko lehen dantzaria izan zen 1957-1984. urteetan. Dantza-talde horren zuzendariordea izan da 1971. urtean haren aita hil zenetik. Bilboko Irakasle Goi Eskolako dantzako irakaslea izan da.

Lourdes Olaeta Torrezuri aldatu

Artikulu nagusia: «Lourdes Olaeta»

Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Gernika). Haurra zelarik Elai-Alai taldearekin egin zuen dantza. Bere anai-arrebek bezala, Parisen egin zituen dantza klasikoko ikasketak, eta, ondoren, Miarritzera joan zen bizitzera. Familia Gernikara itzuli zenean (1948), aitak Olaeta dantza-taldea berriro osatu zuen, eta Lourdes izendatu zuen lehen dantzari.

Miren Teresa Olaeta Torrezuri aldatu

Artikulu nagusia: «Miren Teresa Olaeta»

Bizkaitar dantzaria, Segundo Olaetaren alaba (Bidarte, Lapurdi, 1939). Piano-ikasketak egin zituen Bilbon eta Parisen. Orobat dantza klasikoak, jazza eta yoga ikasi zituen, eta arrakasta handiko emanaldiak izan zituen Olaeta dantza-taldearekin Europan eta Ameriketan zehar. Ballets Olaeta dantza-taldeko irakasle eta Bilboko Olaeta akademiako zuzendari izan zen 1988. urteaz geroztik.

Victor Olaeta Torrezuri aldatu

Artikulu nagusia: «Biktor Olaeta»

Bizkaitar musikagilea, koreografoa eta dantzaria, Segundo Olaetaren semea (Gernika-Lumo, 1922). Bilbon egin zituen solfeo, piano, harmonia, konposizio eta dantza klasikoko ikasketak. Parisen ikasten jarraitu ondoren, Ipar Ameriketako, Kanadako, Kubako eta Puerto Ricoko antzezlekurik garrantzitsuenetan jardun zuen, arrakasta handiz, bere arreba Lourdesekin batera. Ballets Olaeta dantza-taldeko lehen dantzaria eta koreografoa izan zen.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu