Oiartzungo Ihotik

Oiartzun herriko inauteri jaia

Oiartzungo Ihotik: Inauterien aurreko asteburuan ospatzen den jaia da, non Aiako Harriko Kataxulotik intxixuak eta basandreak jaisten diren Oiartzunera.

Oiartzungo Ihotik
Irudia
MotaInauteri
Indarraldi1989 - 
KokalekuOiartzun
HerrialdeaEuskal Herria

Webguneoiartzungoihotik.eus
Facebook: Oiartzungo-Ihotik Instagram: oiartzungoihotik Edit the value on Wikidata
Antzineko kuestazioa

Oiartzunen inauteriei lotutako usadioa gerra aurrekoa da eta urte askoan ezerezean egon ondoren lortu zen berau berreskuratzea eta berritzea. Herriko aitona-amonekin egindako elkarrizketatik, hainbat gauza jakin izan zen, besteak beste: “Iyotiak” deitzen zietela; doinu berezi bat bazeukatela: “iyote-baltsa” eta puxkak biltzen ibiltzen zirela kuestazioan, taldeka, euskal jantzi tradizional jakin batzuekin eta soinuarekin dantzan.[1] Zomorrozinko izeneko pertsonai bat ibiltzen zen ihoteetan jendea izutzen. Oiartzungo Ihotik modura ezagutzen den jaia, elementu gehiagoz ornitu den usadio berritua dela esan genezake, tartean intxixuaren figura eta sua sartuta.[2] 

Intxixuak ihote jaian

Berez Ugaldetxoko taldeak eman zion hasiera ihote edo intxixuen jaiari 1989.[1] urtean eta, jaiak berea duen sua bezala, errez zabaldu zen usadioa zortzi auzoetako herritarren artean. 1990. urtean herriko gazteak izan ziren ihotik antolatu zituztenak. Urtetik urtera osatzen eta eraldatzen joan den jaia, herrian ongi sustraitzera iritsi da. Azken urteetan, intxixuez gain, basandreak, sorginak eta suzko akerra ere figura ezagunak bihurtu dira.

Ihote jaieko pertsonaiak aldatu

Pertsonai desberdinak osatzen dute Ihote jaia. Garrantzitsuenak: Intxixua,[3] Basandria,[4] Sorgina,[5] Ote-gizona,[6] Zomorroa,[7] Zomorrozinko,[8] Poxpolin eta artzainak[9] eta Suzko akerra[10]

Intxixuei dagokienez, kontaeretako Intxixu misteriotsuak[11] haragizko bihurtu dira, bere itxura eta izaera propioa hartuta. Barandiaranek aipatu bezala, azal beltzarana, bizarduna eta gorputz iletxuko munstruo handi eta indartsu modura irudikatzen dira, tartean, larrua, egur-kakoak eta otea bezelako oinarrizko elementuak sartuta. Gaur egun ezagutzen ditugun 8 intxixu buruak, 1991an agertu ziren lehen aldiz herriko plazan, bakoitza bere auzoa ordezkatuz.[12]

 
Intxixuak udala hartzen

Oiartzungo Ihotik-en pertsonaia deigarriena Intxixua da, zalantzarik gabe. Intxixuak garrantzi berezia du Oiartzungo mitologian. Jatorria, izaera eta itxura zein den ez dago batere argi eta behin baino gehiagotan eztabaidatu izan den gaia da.[13] Gauza bera gertatu da Intxixuari erantsi zaizkion pertsonaia berrien inguruan ere. Intxixua emakumea ala gizona den inork esaterik ez duen arren, emakumeak gehiago bistaratu nahiean sortu ziren, 2006ean sorginak eta 2013an mendiko sorginak edo basandreak, genero ikuspuntutik kanpo, bakoitza bere zeregin espezifikoarekin.[1]

 
Altzibar kuestazioko kalejira
 
Ugaldetxoko kuestazio taldea

Auzo bakoitzak bere intxixua eta basandrea dauka; bere sorgina, bere zapia eta kolorea:

Auzoa Zapia Intxixua Basandrea Sorgina
Gurutze Berdea Zirri-Mirri Markelain Anderregi
Ergoien Lila Zirpi-Zibi Egieder Aristiburu
Altzibar Arrosa Zirbi-Zarba Altamira Urzelai
Karrika Gorria Zirri-Beltz Arritxuri Arlepo
Iturriotz Urdin argia Zirri-Latz Munandi Anerre
Ugaldetxo Morea Zirri-Zahar Arain Irantzi
Arragoa Horia Kurri-Kurri Miakatz Goikoeskola
Elizalde Zuria Zirri-Gor Urka Learre

Elementu hauekin batera beste bi aipatu behar: kainabelak (auzo bakoitzeko zapiekin bandera egiteko erabiltzen dena) eta zakoak. Batetik, zapiarekin batera bi hauek direlako, herria, auzoak eta auzoko etxeak aipaintzeko erabiltzen diren oinarrizko osagaiak. Eta bestetik, herritar-zomorroen arropak zakoz eginak izaten direlako.  

2009. urtetik Oiartzungo Ihotik hiru egunez ospatzen dira, ofizialki inauteriak ospatzen diren aurreko asteko asteburuan.[14]  Musika eta kantu propioak baditu.[15]

Egitarau banaketa aldatu

 
Basandrea

Ostiral gauean, intxixu, sorgin eta basandreen etorrera egiten da.[16] Banderen dantza, aldarrikapen, irrintzi eta bullaren artean plazaren erdian sua piztu eta udala hartuko dute. Aurrez herriko txikiak axeri dantza eta sorgin dantza dantzatuko dute. Udaletxeko balkoian auzo bakoitza ordezkatzen duen aginte bandera zintzilikatuko dute, kainabeletan lotutako oihal bereizgarriez osatutako aginte banderak, alegia.

Larunbatean. Auzoka, Puxkak biltzen edo kuestazioan ateratzen dira auzoko etxe eta baserrietan barrena. Zahar eta gazte, poxpolin eta artzainez jantzita dantzan ibiltzen dira musikarien laguntzarekin. Bisitariek etxeko ataria erratzez garbitzen dute eta bueltan etxekoek hamaiketakoa edo beste edozer puxka ekaintzen die esker-onez. Goizean bildutakoarekin-eta, bazkaria egiten dute eta ondoren talde guztiak herriko plazan elkartzen dira jaiari jarraipena emateko.

Igandean. Intxixuak, sorginak eta basandreak udaletxea utzi eta plazan egiten dute agurra Kataxulo haitzulora bueltatu aurretik. Suzko akerrarekin ematen zaio bukaera Ihote jaiari.  

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c «Nondik gatoz» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  2. 1993 Zer dira Intxixuak. Oiartzun. (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  3. «Intxixua» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  4. «Basandria» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  5. «Sorgina» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  6. «Otegizona» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  7. «Zomorroa» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  8. «Zomorrozinko» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  9. «Poxpolinak eta artzainak» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  10. «Suzko akerra» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  11. «404 Page» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  12. «Nondik gatoz» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  13. «Nondik datoz Intxixuak» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  14. «Egitaraua» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  15. «Musika» www.oiartzungoihotik.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).
  16. Intxixu dantza intzazu (Ihotik 2019). (Noiz kontsultatua: 2023-03-01).

Kanpo estekak aldatu