Narvako gudua Iparraldeko Gerra Handiko lehen guduetako bat izan zen, non Karlos XII.a erregearen suediar armadak Petri I.a Errusiakoa Handia tsarraren errusiar armada garaitu zuen Narvan. Guduaren emaitza arrazoi taktikoetan oinarritutako erabateko suediar garaipena izan zen.

Narvako gudua

Gudua aldatu

Gregoriotar egutegiko 1700eko azaroak 30ean Karlos XII.aren agindupean zeuden 8.140 soldaduko armada nagusiak gaur egun Estonian dagoen Narva suediar gotorlekua setiatzen ari zen errusiar armadari kontraeraso zion. Suediar armada nagusiak gotorleku barneko beste 2.500 soldaduren laguntza izan zuen. Errusiar armada nagusitasun numerikoan zegoen, 80.000 soldadu baitzituen.

Suediar armada erregeak berak zuzentzen zuen, Carl Gustav Rehnskiöld generalaren laguntzarekin, eta errusiar armada, nagusiki prestakuntza edo esperientzia militarrik gabeko nekazariek osatua, Charles Eugène de Croÿren agindupean zegoen. Petri I.a tsarrak tokia egun batzuk lehenago utzi zuen.

Suediar armada eguardian hasi zen borrokan, errusiarrengana zihoan eta, ondorioz, hauek itsutu egin zituen haize ufada batek babestuta. Suediarrak errusiar lerroen artean joan ziren, izua sortuz. Errusiar komunikazioa, ofizialek, gehineak atzerritarrak zirenak, errusiar soldaduei aginduak igortzeko zuten zailtasunengatik ere oztopatua zegoen.

Gudua suediar garaipen handi batekin amaitu zen. Suediak 667 soldadu baino ez zituen galdu (ia %7), errusiar armadak 20.000 soldadu galdu zituzten bitartean, horietako askok gudu zelaitik ihes egin zutelarik, azkenean Narva ibaian itotzeko.

Ondorioak aldatu

Suediarrek gudua irabazi zuten, baina ez gerra. Porrot handi honen ondorioz erabaki zuen Petri I.ak bere erreforma programa jarraitzea, errusiar makinaria militarra eguneratuz. Apenas urte batzuetan, errusiar armada berria aurkari gogorragoa izango zen.

Epe luzera, galtzailea Karlos XII.a izan zen. Errusiarren atzetik joan ordez, hala gomendatzen baitzioten bere generalek eta suediar legebiltzarreko diplomatikoek, Bi Nazioen Errepublikaren aurka joatea erabaki zuen, su-eten bat zegoen arren. Hurrengo urteetan, Karlos XII.ak zenbait garaipen lortu zituen poloniar erregea zen Augusto II.a Poloniakoa tronutik kenduz eta honen ordez Estanislao I.a Leszczynski jarriz.

Etenaldi honen ondoren, Petri tsarrak azkenean suediarrak Poltavako guduan garaitu zituen armada eraberritu bat bildu zuen, honek Suediar Inperioak Baltiar Itsasoan zuen nagusitasunaz amaitu zuelarik, nagusitasun hori, ordutik aurrera, Errusiar Inperioak izango zuelarik.



Aurrekoa
Humblebækeko lurreratzea
Iparraldeko Gerra Handiko guduak
1700eko azaroak 30
Ondorengoa
Dünaren zeharkaketa

Kanpo estekak aldatu