Muskulu-dismorfia

gaixoak bere burua gihartsu ikusteko obsesioan datzan osasun-arazoa da

Muskulu-dismorfia edo bigorexia gaixoak bere burua gihartsu ikusteko obsesioan datzan osasun-arazoa da. Dismorfia muskularra duten pertsonek akats ugari ikusten dituzte haien gorputzetan, nahiz eta askotan akats horiek benetakoak ez izan[1]. Adonis-en konplexua edota alderantzizko anorexia bezala ere ezagutzen da[1][2] . Gaixotasun hau gorputzaren osasun arazo dismorfikoen taldearen barruan sartu egiten da, baina ez gaixotasun psikiatrikoen barruan[1]. Batez ere gizonen artean gertatzen den arazo bat da, 18 eta 35 urte bitartekoetan, hain zuzen ere[3]. Gorpuzgintzaren eta borroka librearen munduan dauden pertsonek jasaten dute gehien bat[4]. Anorexia urduriaren aurkako gaitza da.

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du aholku medikorik ematen
Muskulu-dismorfia
Deskribapena
MotaGorputz dismorfikoaren nahasmendua
Identifikatzaileak
GNS-10F45.2
GNS-9300.7

1997an sortu zen muskulu-dismorfia izendapena, Harrison Pope psikiatrak McLean ospitalean (Belmont, AEB) gertakari hau aztertzen zuen bitartean. Gaur egun, oraindik ere ez dago ofizialki gaixotasun bat bezala aitortuta.[5]

Estatu Batuetan, gimnasiora doazen gizonen % 10 muskulu-dismorfia du. Beste era batera esanda, 9 milioi gizonetik, 900.000 bigorexia dute. Espainiaren kasuan, 700.000 pertsona daude egoera berean[6].

Ezaugarriak aldatu

 
Esteroideen erabilera ohikoa da bigorexia pairatzen duten pertsonen artean

Muskulu-dismorfia duen pertsona batek honako ezaugarriak ditu[4]:

  • Denbora eta ahalegin gehiegi entrenatzen, gihar-masa irabazteko
  • Gehiegi kezkatzea entrenatzen ez duenean
  • Entrenatzea nahiz eta lesionatuta egon
  • Neurrigabe jatea, dieta bereziak erabiliz edota proteina gehigarri gehiegi erabiliz
  • Esteroideen gehiegizko erabilera
  • Haien gorputza etengabe alderatzea eta begiratzea
  • Larritasuna eta gogo-aldarte aldaketak
  • Beste gorputz atalei buruz kezkatzea: Ilea, larruazala, genitalak

Gaixotasun hau jasaten duten pertsonek etengabe ispiluari begira daude eta ez dute bere burua ondo ikusten. Gaixotasun honek lobulu parietalean sortzen duen alterazioa dela eta, bigorexia duten pertsonek lortu nahi dituzten ezaugarri estetikoetara ez direla ailegatzen uste dute, beren gorputzaren pertzepzioa aldatu egiten baita. Horretaz gain, egunean zehar pisatu egiten dira, bai eta gorpuzgintzaren barruan dauden pertsonekin alderatu egiten dira[3]. Ezaugarri hauen guztien ondorioz, bigorexia dutenek, jarrera negatibo bat garatzen dute, haien eguneroko jarduerak alde batera utzi eta ahalik eta denbora gehiena erabiltzen dute ariketa fisikoa egiteko.

Esteroideen erabilpena ohikoa da dismorfia muskularra duten pertsonen artean. Substantzia horren erabilpenak holako ondorioak izan ditzake[1]:

  • Sexu-ezintasuna
  • Ugatzen handipena (ginecomastia)
  • Testikuluen atrofia eta espermaren kalitate baxua
  • Akne
  • Ilea galtzea
  • Depresioa
  • Bihotzeko alterazioak
  • Alterazio hepatikoak
  • Edemak eta likidoen erretentzioa

Kausak aldatu

 
Bigorexia duten pertsona askok Bullying-a jasan zuten, horrek desoreka psikologikoak sorraraziz

Nortasun obsesiboa duten pertsonek, hau da, haien buruengan presio handia jartzen dutenek, bai eta haien erlazio pertsonal nahiz profesionaletan arazo emozionalak dituztenek bigorexia izateko aukera gehiago dituzte. Haien gorputza dela eta zirikak edo bullying-a jasan dutenen artean ere ohikoa da gaixotasun hau.  Nahasmendu obsesibo-konpultsiboarekin erlazionatu egiten da ere, kausak nahiko berdinak baitira kasu honetan ere. Trastorno hauek arrisku faktore ugari dituzte[7]:

  • Larderia jasan izatea
  • Harmonia falta familian
  • Perfekzionismoa
  • Tentsio zorrotza
  • Estetikaren ikuspegia
  • Kultur-masen eragin negatiboa gorputz idealizatua sustatzen duena

Komunikabideek eginkizun oso garrantzitsua dute pertsona batek bere burua nola ikusten duen baldintzatzeko. Iragarkietan, telebista programetan eta aldizkarietan ateratzen diren gizon-emakumeak ikusita, pertsonak pentsa dezake txikia eta ahula dela, nahiz eta errealitatean horrela ez izatea[7]. Gainera, komunikabideek, gorputza modara moldatzea eragiten du eta ez alderantziz.

Interes ekonomikoek ere bigorexia sorraraztea bultza dezakete. Edertasun produktuen laborategiak, produktu argalgarrien industria edo gimnasioak oso irabazi handiko negozioak  dira. Horregatik interesatu egiten zaie biztanleria argal eta gihartsu izateko nahia sustatzea, gaur egungo gizartearen edertasun kanonei hurbiltzeko aukera izateko. Honekin lotuta presio soziala ere faktore esanguratsua da. Bizitzan arrakasta izateko, gizarteak irudi zehatz bat izatera bultzatzen du. Presio honek kirolaz gozatzeari uztea eragiten du, eta perfekziora heltzeko borroka bat bihurtzen da, hau da, obsesio bat bilakatzen da[8].

Gizarteak sortutako gehiegizko pisua duten pertsonenganako errefusa, bai eta elikaduraren gehiegizko kezka, faktore nabarmenak dira dismorfia muskularra bezalako desorekak dituzten pertsonen kopurua handitzeko[8].

Pisu entrenamenduak eta jarduera fisikoak ere eragina izan dezake dismorfia muskularra garatzeko. Entrenatzeko momentuan sortu egiten den adrenalina bai eta beste pertsona batzuk mirestea haien entrenamendu ostean ere bigorexia garatzera bultza dezake. Baina desoreka guztiekin gertatzen den bezala, ez dago kausa bakarra pertsona batek bigorexia duen ala ez zehazten duena, baizik eta zenbait faktoreen konbinazioa, esaterako: ingurugiroaren egoera eta iraganean izandako erlazioak[7].

Tratamendua eta prebentzioa aldatu

 
Taldeko terapia oso lagungarria izan daiteke arazo honi aurre egiteko

Adonis-en konplexua duen gaixo batek tratamendua jasotzea onartzen badu, tratamendu hori diziplina anitzekoa izango da, desoreka psikiatriko gehienen kasuan bezala. Medikamentu ansiolitikoen eta depresioaren aurkako medikamentuen erabilpena, clomipramina adibidez, baliagarria izan daiteke, tratamenduaren hasierako etapetan batez ere[1][9]. Terapia psikologikoa mesedegarria da ere, bai kognitiboa baita taldeko terapia. Era berean, nutrizionista baten laguntza beharrezkoa da, elikadurari buruz hezitzeko eta jarduera fisikoarekin izandako erlazioa aztertzeko. Oso garrantzitsua da familiakideen eta lagunen laguntza eta sostengua izatea[9][10].

Fitness-aren ingurugiroa duela oso gutxi antzematera eman du dismorfia muskularra, baina errekonozimendu honen ondorioz, kirol komunitate honek laguntza taldeak sortzea bultzatu egin du, gaixotasun hau jasaten duten pertsonak haien artean laguntzeko eta bigorexia ahalik eta azkarren diagnostikatzeko, modu honetan sendatze prozesua goiz hasteko[9].

Prebentzioari dagokionez, dismorfia muskularra saihesteko oinarrizko jarraibideak eta gomendioak hauek dira[3]:

  • Jarduera fisikoa programatzeko orduan, beharrezkoa da entrenatzaile profesional batek gainbegiratzea.
  • Gomendagarria da azterketa fisikoak egitea, osasun egoera zein den jakiteko, bai eta pertsonaren beharrak nahiz gaitasunak jakitea, egingo dituen ariketak moldatzeko
  • Adituek gomendatzen dute bakoitzaren gaitasun fisikora egokituta dauden ariketak egitea, gehiegizko esfortzua eskatzen duten jarduerak alde batera utziz
  • Garrantzitsua da jarduera fisikoa etetea baldin pertsonak eta muskuluetan mina  badu, atsedena behar badu eta gehiegizko nekea badu
  • Beharrezkoa da pertsonak bere egoera fisikoari buruz dituen pentsamendu negatiboak alde batera uztea, obsesioa bilakatu ahal delako.

Nahiz eta nerbio-igorleetan dauden hainbat hormonen desoreka gertatzen dela frogatu den, bigorexia eratzea sortzen dituzten faktoreak kulturalak, sozialak eta heziketa-faktoreak dira. Horregatik tratamendua portaera aldatzera bideratu behar da, haien gorputzari dagokion perspektiba aldatzeko. Ingurumen afektiboak funtzio oso garrantzi handia du sendatze prozesuan, jasotzen duten laguntza eragin positiboa duelako jarduera fisikoaren murrizketa ematen denean (gehiegizko jardueratik zentzuzko ariketa fisikora). Ezinbestekoa da ere entrenamenduak sorrarazten duen antsietatea murriztea baita gogoberotasuna ere, horrela kaltegarri ez diren jardueretan interesa izatea lortzen delako[3].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e (Gaztelaniaz) Dismorfia muscular o complejo de Adonis. (Noiz kontsultatua: 2018ko Ekainak 1).
  2. (Gaztelaniaz) «💪 Vigorexia. Definición, síntomas, tratamiento y complicaciones» Vigorexia.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  3. a b c d (Gaztelaniaz) «Vigorexia: Síntomas, Tratamientos y Definición» CuidatePlus (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  4. a b (Ingelesez) «Muscle Dysmorphia & Body Image in Men - BDD» BDD (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  5. (Gaztelaniaz) SOTO, DIEGO. Vigorexia, el enemigo llamado músculo. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).[Betiko hautsitako esteka]
  6. (Gaztelaniaz) «Vigorexia una obsesión por el físico» Salud180 2011-07-27 (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  7. a b c (Gaztelaniaz) «Causas de la vigorexia» Vigorexia.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Vigorexia: síntomas, causas y tratamiento - Cuida tu Salud Emocional» Cuida tu Salud Emocional 2016-07-11 (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  9. a b c (Gaztelaniaz) «Tratamiento de la vigorexia» Vigorexia.org (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
  10. (Ingelesez) «ANRED: Muscle Dysmorphia» Anred (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo-estekak aldatu