Munduaren sorrera (mitoa)

Munduaren sorrera (mito)» orritik birbideratua)

Munduaren sorrera munduaren agerpena azaltzeko historia mitikoak eta erlijiosoak dira. Mito hauek unibertsoa, Lurra, bizitza eta lehen gizakia nola agertu ziren kontatzen dute. Normalean, lehen gizakiaren agerpena jainko baten edo batzuen borondateaz gertatu zen. Erlijio eta kultura bakoitzak bere kondaira propioa du. Kultura batzuetan kronologikoki une hori markatzen saiatu dira. Sorkuntza mitoek berebiziko garrantzia dute mundua baloratzeko, gizakiak unibertsoan orientatzeko eta bizitzako eta kulturako oinarrizko ereduak izateko.[1]

Odin eta bere anaiak mundua sortzen, Lorenz Frølichen grabatu batean.
The Creation (c. 1896–1902) James Tissot margolariaren lana.

Munduaren sorrera Biblian aldatu

Unibertsoaren, munduaren eta gizakiaren sorrera kontatzen da 7 egunetan zehar, argia, gaua eta eguna lehenengo egunean [2], goiko eta beheko urak, itsasoa eta lehorra bigarrenean, landareak eta zuhaitzak hirugarrenean, argizagiak laugarrenean, itsasoko animaliak eta hegaztiak bosgarren egunean, animaliak eta gizona (adam hebreeraz) eta emakumea azkenik seigarren egunean. Nabarmena da hebreerazko tohu wabohu edo hasierako kaos horretatik unibertsoa eta mundua bereizketaz (ura eta lehorra, esaterako) sortzen dela: beraz, sorrera ordenarako lana ere badela baiezta daiteke. Dena den, Bibliako beste zenbait liburutan Jainkoak unibertsoa ezerezetik sortu zuela baieztatzen da (2 Makabearrak 7,28). Zazpigarren egunean bere lana amaitutzat eman eta sakratu izendatzen du Jainkoak. Bere lanaren gailurra gizakia izanik, gizakia leku berezian jartzen dela geratzen da agerian, beste animaliak menderatuz. Nabarmentzekoa da ilargia eta eguzkia ez direla espreski aipatzen, orduan jainkotzat hartzen ziren izenak zirelako, Jainko bakarraren ideia nagusituz horrela. Kontakizun osoan zehar, nabaria da erritmoa: «Jainkoak esan zuen» 10 aldiz agertzen da, «Eta hala izan zen» eta «Eta Jainkoak ona zela ikusi zuen» esaldiak 7 aldiz agertzen dira. Perfekzioa islatzen duen 7 zenbakia behin eta berriz agertzen da kontakizunean. Testu hau K. a. VI. mendean osatu zela uste da, Babiloniako herbestean eta apaizen eskutik (P iturria). Babiloniako mitoen arrastoa nabarmena da, hasierako itsaso edo ur-nahasketa aipatzen duen Enuma Elish izenekoa esaterako.

Erreferentziak aldatu

  1. Womack, Mari (2005). Symbols and Meaning: A Concise Introduction. AltaMira Press. ISBN 978-0-7591-0322-1.
  2. Argizagiak laugarren egunean sortzen badira ere.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu