Estatistikan, maiztasun-banaketa datu-multzo batean balio bakoitza zenbat aldiz errepikatzen den azaltzen duen taula eta horri dagokion diagrama da, datu-multzoaren banaketa irudikatzeko. Datu-multzoan balio bakoitza zenbat aldiz agertzen den adierazten duen balioari maiztasun absolutu deritzo. Maiztasun absolutuen ordez maiztasun erlatiboak, datu kopuruari buruz, ere ezartzen dira.

Maiztasun-banaketa batek datu-multzoa era ordenatuan emateaz gainera, datu-multzoaren ezaugarri nagusiak erakusten ditu, hala nola zein den maiztasun handieneko kategoria edo balioa, datuak zein balioren inguruan biltzen diren eta datuen sakabanatzea zenbaterainokoa den.

Aldagai kualitatiboen maiztasun-banaketak

aldatu

Atributu edo aldagai kualitatiboen kasuan, maiztasun-taulak kategoria bakoitza datuetan zenbat aldiz agertzen den azaltzen du, era absolutuan zein erlatiboan. Gehienetan, kategoriak maiztasun handienetik txikienera ordenatzen dira. Adibidez, ikastetxe batean ikasleen jatorriari buruzko inkesta bat egin ondoren datu hauek jaso dira (G: Gipuzkoa, B:Bizkaia, A: Araba, N:Nafarroa, I:Iparraldea):

G-B-B-B-G-A-N-G-I-B-G-B-G-N-N-B-B-A-I-I

Datuei dagokien maiztasun-taula, maiztasun absolutuak (ikasle kopuruak) zein erlatiboak (ikasleen ehunekoak) zehaztuz honako hau da:

Ikasleen jatorria lurraldearen arabera
Lurraldea Ikasleak Ikasleak (%)
Bizkaia 7 % 35
Gipuzkoa 5 % 25
Nafarroa 3 % 15
Iparraldea 3 % 15
Araba 2 % 10

Aldagai kualitatiboen maiztasun-taula hauek grafikoki irudikatzeko, sektore-diagramak eta zutabe-diagramak erabil daitezke.

Aldagai kuantitatiboen maiztasun-banaketak

aldatu

Aldagai diskretuak

aldatu

Aldagai kuantitatiboak balio ezberdin gutxi hartzen dituenean, aldagaia diskretua denean alegia, aldagaiak hartzen dituen balio ezberdinetan biltzen dira datuak, txikienetik hasita gehienetan. Maiztasun absolutuak eta erlatiboak eman daitezke, modu bakunean zein metatuan. Adibidez, 20 ikaslek lortutako kalifikazioak jaso dira:

5-7-7-6-9-10-8-7-7-7-7-7-6-8-6-6-7-8-3-5
Ikasleen kalifikazioak
Kalifikazioa Ikasleak (n) Ehunekoak (f) Ikasle metatuak (N) Ehuneko metatuak (F)
3 1 %5 1 %5
4 - - 1 %5
5 2 %10 3 %15
6 4 %20 7 %35
7 8 %40 15 %75
8 3 %15 18 %90
9 1 %5 19 %95
10 1 %5 20 %100

Aldagai jarraituak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Histograma»

Aldagaiak balio asko hartzen dituenean, aldagaia jarraitua denean, alegia, maiztasun-banaketa luzea suerta daiteke balio guztiak taula batean zerrendatzen badira. Oztopo hori saihesteko, datuak tarteetan biltzea komeni da, maiztasun-banaketa laburtzeko. Dagokion datu-diagrama histograma da. Adibidez, 20 ikasleren kalifikazio hauek jaso dira:

5.6-6.4-8.7-2.4-5.2-3.4-7.6-8-8.8-9.6-10-1.2-2-3.7-4.6-5.8-6.2-6.6-7.5-8.1
Ikasleen kalifikazioak
Kalifikazioa Ikasleak (n) Ehunekoak (f) Ikasle metatuak (N) Ehuneko metatuak (F)
0-2 1 %5 1 %5
2-4 4 %20 5 %25
4-6 4 %20 9 %45
6-8 5 %25 14 %70
8-10 6 %30 20 %100

Maiztasun banaketa hauetako tarteak   motakoak dira. Adibidez, aurreko adibidean 8 datua 8-10 tartean barneratzen da [1].

Osatu beharreko tarte-kopuruari buruz, 5-15 bitartekoa izatea komeni dela esan behar da. 5 tarte baino gutxiago eratzen badira, datuak tartetan biltzeak dakarren informazio-galera handiegia da. 15 tarte baino gehiago eratzen, maiztasun-banaketaren bitartez lortu nahi den informazio-laburpena edo ordenatzea hutsean geratzen da.

Bi aldagaien baterako maiztasun-banaketa: bazter-maiztasunak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Kontingentzia-taula»

Bi aldagai kualitatibo zein kuantitatiboren baterako maiztasunak irudikatzeko, sarrera biko taula bat erabiltzen da, kontingentzia taula bat osatzeko. Adibidez, 20 ikasleren sexua (gizonezkoa: g; emakumezkoa:e) eta kalifikazioa (gainditua:Ga / ez gainditua:eG) jaso dira:

g-eG, e-Ga, e-eG, g-Ga, g-eG, e-Ga, g-eG, e-Ga, e-Ga, e-eG, e-eG, g-eG, e-Ga, e-eG, g-Ga,  g-eG, e-Ga, e-eG, g-Ga, g-eG.

Bi aldagaien baterako maiztasun-banaketa hau da, maiztasun erlatiboak jarriz ere osa daitekeena:


Gainditua Ez gainditua Guztira
Gizon 3 6 9
Emakume 6 5 11
Guztira 9 11 20

Aldagai bakar bati buruzko maiztasun-banaketak, bazter-maiztasun izenekoak, errenkada eta zutabeetako maiztasunak gehituz eskuratzen dira. Aurreko adibidean bazterreko maiztasun-banaketa bi daude: (gizonak: 9, emakumeak:11) eta (gainditua: 9, ez gainditua:11).

Ikus, gainera

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  1. Dena den, zalantza hauek sor ez daitezen, tarteak (0-1.9), (2-3.9), ... eran azal daitezke, estatistika hau gomendagarria ez bada ere, datuak horrela biltzean, aldagaia jarraitua dela suposatzen baita. Hala ere, adinen kasuan bai definitu ohi direla 20-24, 25-29, ... motako tarteak.