Leire Fernandez Beitia

Leire Fernandez Beitia (Ondarroa, 1992) jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan graduatua da eta kirol teknikaria da lanbidez. Hainbat kiroletan aritu izan da, batez ere, futbolean. Txikitatik futbola izan da bere kirol ibilbidea markatu duena eta Athletic eta Aurrera Vitoria bezalako taldeetan jokatu du. Behin futbola utzi eta gero, hainbat kirol probatu ditu.[1]

Lehen Hezkuntzako 6. mailan Ondarroako Zubi Zahar ikastolako atletismo taldean hasi zen. Ikasturte bat egin zuen atletismo taldean, eta Bizkaiko txapelketan parte hartu zuen Durangoko atletismoko pistan egin zen lehiaketan. Hurrengo ikasturtean areto-futboleko taldean hasi zen bera baino zaharragoekin.

Aurrera Kirol Elkarteak emakumezkoen areto-futbol talde bat zeukan, eta jokalariek taldean sartzea proposatu zioten. Beraz, 14 urterekin futbol taldean sartu eta beste bi urte egin zituen bertan. Hiru leku ezberdinetan entrenatzen zuten: Zeledonio eraikineko jolastokian, kiroldegiko kantxan edo Anexoko futbol-zelai zaharrean. Hamasei neskako taldea osatu zuten. Futbol-hamaikako taldea sortu nahi izan zuten, eta Berriatuko taldean egin zieten leku.

Lau urtez jokatu zuen Berriatuako taldean, eta azkenengo urtean Lezamatik deitu zioten, Athleticekin entrenatzera joateko. Berriatuako laugarren denboraldia amaitu ondoren, hurrengoa Athleticen hasi zuen, eta bertan eman zituen beste bi denboraldi, zehazki, Batxilergoko bi urteak.

2010ean hasi zuen Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietako Gradua Gasteizen. Athletic utzi eta Gasteizko Aurrera Vitoriarara joan zen, ordura arte jokatzen egon zen klubaz hitz egin eta horrela bideratuta.

2014an amaitu zuen Leire Fernandezek Gasteizko etapa. Behin ikasketak amaitu zituenean, Eibartik deitu zioten, kirol sektoreko enpresa baten lan egiteko. Beraz, Aurrera Vitoriako bere ibilbidea ere bertan amaitu zen. Horrela, ibilbide profesionalari hasiera eman zion, eta Ondarroara egin zuen buelta. Ostean, Mutriku Futbol Taldean jokatzen hasi zen Karmele Lopez lagunak taldean sartzea proposatuta.

Sei urte egin zituen Mutrikuko Futbol Taldean Fernandezek, lehenengo bi urteak jokalari, hirugarrena jokalari-entrenatzaile eta hurrengo hiru urteak, entrenatzaile soilik. Mutriku Futbol Taldean hiru urte zihoala lesionatu zen. Beste hiru urte egin zituen entrenatzaile lanetan eta 2019an agur esan zion futbolari.

Leire Fernandez Beitia
Leire Fernandez Beitia

Kirol munduan murgildurik jarraitzen du Leire Fernandezek, bai lanari dagokionean, bai jarduera fisikoa praktikatzeko orduan. Egun, kirol teknikaria da, eta formatzen jarraitzen du. Esaterako, duela gutxi lortu du kirol kudeaketa masterreko titulua. Horrez gain, Mutrikuko eta inguruko herrietako emakumeekin batera, pala txapelketetan ibili izan da. Gaur egunean, bizikletan eta mendizaletasuna uztartzen ditu.