Lankide:Araitziturriza/Proba orria


Leokadi aldatu

Leokadi Ondarroako kondaira ezagun bateko pertsonaia nagusia da. Elizari hiru bira emateagatik elizaren goiko aldean harri bihurtuta geratu zen neska gaztea. Gaur egun elizaren goiko aldean bizi den sinesmena mantentzen dute herritarrek, herriaren zaindaria da.

 
Leokadi

Kondaira aldatu

Leokadi bizitzan neska gangar bat baino ez zan. Kortxeleko mamuengaitik esaten zena ez zuen aintzakotzat hartzen. Benetan esateko, ez zegoen orduan Ondarroan inor “abemaitaku” jo eta gero korretan hiru buelta emango zuenik. Halako batean, dantzan ibili eta gero, lagunekin zetorrela, Leokadik esan zien bere lagunei:

- Baietz nik korretari hiru buelta emon!

Abemaitaku jota zegoen ordurako. Lagun batzuk etxera joan ziren, baina han geratu ziren beste hiru-lau, zer egiten zuen ikusteko.

Esan eta egin. Hasi zen gure Leokadi korreta zaharrean zehar buelta ematen eta lehen buelta arin eman zuen, saltoka eta barrezka. Bigarren buelta emoten ari zela zarata batzuk entzun zituzten lagunek eta Leokadi agertzen ez zela ikusirik beldurtu egin ziren. Baina, han agertu zen Leokadi bigarren buelta emanda, baina ez zuen emakume bat izateko antzik ere, eta lagunei begiratu ere egin barik hirugarren buelta ematen hasi zan.

Lagunek bistatik galdu zuten unean bertan, kate zarata entzun zan lehenengo eta gero negarrak. Ordurarte eliza aurrean zeuden lagunak ere ihes egin zuten beraien etxeetara beldurtuta. Hurrengo egunean, Leokadi etxean falta zela ikusita, bere ama Leokadiren lagunengana joan zen eta hauek gertatutakoa kontatu zieten. Ama korretara joan eta gora begira hasi zenean harri zati bat jausi zitzaion bere albora eta kortxeleko mamuei begiratzean, honela esan zuen:

- Hura da gure Leokadi!

Harrezkero, han dago gure Leokadi harri bihurturik, kortxeleko mamuen artean.

Kondairaren bertsioak aldatu

Kondaira hau belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu izan da, eta zenbait idazlek jaso duten arren, kondairaren bertsioak anitzak dira. Denetan kondairaren muina berdin mantentzen da, Leokadik korretari hiru buelta eman eta harri bihurtzen da. Baina, bertsio bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, bai pertsonaien aldetik, bai eguneko unearen aldetik.

Idatizko bertsiorik ezagunena Andoni Basterretxearena da. Bertsio hau Andonik 1934. urtean jasotako da, orduan 84 urte zituen Josepantoni Iruetarengandik. [1]

Sorkunde Badiolak kontatutako bertsioa, ahoz aho transmititutakoa



Kondairaren eragina herrian aldatu

Leokadiren kondairak oraindik ere bizirik jarraitzen du herrian. Belaunaldiz belaunaldi gurasoek seme-alabei kontatu izan diete, maiz, neguan ilundu baino lehen etxeratu zitezen, harrizko mamu bihurtzeko beldurraren beldurrez.

Ondarroako herrian Leokadiren kondaira oso sustraituta dago; Leokadik ematen die hasiera herriko Andramari jaiei, abuztuaren 14ko gauerdian. Eliza azpian dagoen plaza jendez betetzen da, eta denak elizako kortxelera begira jartzen dira, han agertzen da orduan Leokadi mamua, foku batek argiztatuta. Soka batean behera jaisten da poliki poliki herriari urtean zehar herrian izandako gertaeren inguruan hitz eginez. Ondoren, gainontzeko kortxeleko mamuekin batera kalejira egiten dute herrian zehar; kalejirako izar nagusiak kondairako hiru sorginak izanik: Leokadi, Marixe eta Kontze.

Kortxeleko mamuak aldatu

Ondarroako Andra Mari elizaren gainean kokatuta dauden harrizko pertsonaiak dira. Andra Mari eliza herriko alde zaharraren bihotzean dagoen gotiko berantiar estiloko eraikina da, eta haren goiko aldean hamabi harrizko irudi aurkitzen dira, kortxeleko mamuak bezala ezagunak direnak.

XV. mendeko eskultura multzo hau hamabi pertsonaiek osatzen dute, zeinak erdi aroko gorte bat irudikatzen duten. Hamabi irudi horiek honako pertsonaia hauek ordezkatzen dituzte: Kentute erregea, Iaunti txistularia, folk biolinista bat, gizonezko erromesa, emakume erromesa, Moniko eta Monuto baleztariak, inude bat, Andera erregina, Zinemus monjea, Andozoni ezkutari gaztea eta Enego zalduna.

Kortxeleko mamuek herrian belaunaldiz belaunaldi trasmititu den istorio misteriotsu bat gordetzen dute. Esan izan da gauerdiko kanpaiak jo ondoren, korretari (eliza inguratzen duen pasealekuari) hiru bira ematen diona harri bihurtuta geratzen dela kortxelean, elizaren goialdean. Gertaera honekin lotuta Leokadiren kondaira dago, herriko neska gazte batena, zeinak elizari gauerdian hiru bira eman zion eta harri bihurtuta geratu zen.

Leokadi, kortxeleko mamuekin batera eta bere bi lagunekin batera kortxelean bizi dela esaten da. Guzti hauek soilik herriko jaietan bihurtzen dira hezur. Abuztuaren 14an, Andra Mari jaiei hasiera emateko, gauerdian Leokadi eta kortxeleko mamuak herrira jaisten dira kalejira bat eginez herrian zehar, eta Abuztuaren 17an, jaiei bukaera emateko kortxelera bueltatzen dira.

Erreferentziak aldatu

  1. Basterretxea, Andoni, 1914-. (2000). Ene Ondarru. Sendoa ISBN 8495378213. PMC 433319228. (Noiz kontsultatua: 2019-11-12).