Lan harremanen euskal esparrua

Lan harremanen euskal esparrua Euskal Herriko politikan eta lan-harremanetan askotan aipatzen den kontzeptua da. Bertako langile eta enpresarien artean lana arautzeko burujabetza izateari egiten dio erreferentzia[1]. Kontzeptua komunikabideetan sarri aipatzen dute eta sarritan aurkezten dute errealitate argi eta iraunkor legez.

Lan harremanen euskal esparruari buruz interpretazio ezberdinak daude. Euskal Mahaia edo euskal esparruari erreferentzia egiten diogunean, Euskal Autonomia Erkidegoaren errealitateari erreparatuko diogu. Eragileetako batzuek Nafarroako Foru Erkidegoa kontuan hartzen badute ere, batetik, ez dago adostasunik honen inguruan, eta, bestetik, Nafarroako errealitatea hain da desberdina, ezen aparteko analisia eskatuko lukeen.

Lan Harremanen Euskal Mahaia: lege esparruaAldatu

Soldatapeko lana arautzeko eredua hiru aldagairen arabera xedatu ohi da: lan merkatua, legeria eta lan harremanak. Hirurek elkarrekiko eragina dute: lana arautzen duten legeek eta negoziazio kolektiboan gorpuzten diren lan harremanek zehazten dituzte beharraren eskaintza eta eskaria. Hortaz, lanaren inguruko legeak sortzeko eta lan harremanak bideratzeko eskumena duen horrek izango du enplegua eta bere ezaugarriak zehazteko gaitasuna.

Hortik dator Euskal Lan Harremanen Mahaiaren aldarrikapena; ezinbestekoa da bertako lan baldintzak bertan zehaztea, kalitatezko enplegu ugaritasuna lortzeko. Hala ere, gaur egungo egoera oso bestelakoa da. Espainiako Konstituzioak, EAEko Autonomia Estatutuak berak eta estatuko legeriak erabat zentralizatzen dituzte lan alorreko legeriaren eskuduntzak eta ez dute deszentralizatzeko tarterik uzten.

Alde batetik, Espainiako Konstituzioak 149.7 artikuluan jasotzen duenari jarraiki, “estatuaren eskumen esklusiboak dira (…) lan-legegintza, horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoetako ardura izan daiteke lege horiek betearaztea”. Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 12.1 artikuluan hau zehazten du: “Euskal Herriko Komunitate Autonomoari ondoko gaietan Estatuaren legegintzaren betearaztea dagokio (…) lanari buruzko legegintza, lan harremanei dagozkienetan Estatuak gaur egun dituen ahalmen eta konpetentziak bere gain hartuz”. Espainiako Langileen Estatutuak berak ere bide horretan aurrera egiten du, zehazki lan harremanei dagokienez. Hitzarmen sektorialetan langileen izenean negoziatzeko legitimazioa nork duen zehazteko orduan “Estatuan ordezkaritza handienekotzat jotako sindikatuek…” eta “Autonomia-erkidegoan ordezkaritza handienekotzat jotako sindikatuek” izango dutela adierazten du. Alabaina, estatu mailakoei hauteskunde sindikaletako ordezkarien %10 izatea eskatzen zaie eta erkidegoetakoei euren eremuko %15. Hortaz, erkidegoetako sindikatuen hauteskundeetako emaitzak hobeak izan behar dira ordezkaritza handiko sindikatu izendatzeko.

Beraz, euskal zuzenbide-iturri nagusiek garbi erakusten dute lan arloari dagokion legegintzaren eskumenak estatuari dagozkiola bakar-bakarrik.

Hastapeneko eragileak eta bilakaera historikoaAldatu

Espainiako estatuak lan-legegintza eta lan harremanak zentralizatzeko joera izan duela Trantsizioa abiatu zenetik eta horrek ez ziela leku nahikoa utzi sindikatu abertzaleen ekimenei. Eusko Langileen Alkartasunak (ELA) 1978an ordezkarien % 11,66 lortu zuen eta 1980an % 25,62 jadanik; epealdi horretan bertan, Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB) % 2,69tik % 4,7ra pasatzea lortu zuen. Sindikatu ez abertzaleek garai hartan ordezkaritza indartsuagoa izan zuten arren, Unión General de Trabajadores (UGT) eta Comisiones Obreras (CCOO) ziren horien artean azpimarragarrienak eta bien artean % 33-36ko ordezkagarritasuna izan zuten. Hortaz, indarrean gora egin zuten nabarmen, baina, arestian esan bezala, esparru juridikoa euren ekimenei bidea mozteko sortua zen.

Sindikatuak negoziazio kolektiboaren ezinbesteko osagaia badira ere, enpresaburuen elkarteak eratzea ere derrigorrezkoa da lan harremanen esparrua sortzeko. 1977an ADEGIren ibilbidea hasi zen eta 1983an sortu zen CONFEBASK. Ordurako lurralde historikoetako enpresaburuen elkarteak ere abian ziren: Sindicato Empresarial Alavés (SEA) Araban, Asociación de Empresas de Guipúzcoa (ADEGUI, egun ADEGI legez ezagutzen duguna) Gipuzkoan eta garaian Centro Empresarial de Vizcaya (CEV) legez eratu eta gaur egun Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren (CEBEK) izenarekin ezagutzen duguna Bizkaian.

Aurrekoak bezain garrantzitsua izan zen 1981ean Jaurlaritzak EAEko Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) sorrera erabakitzea. Hau ahalbidetzen zuen Kontseiluaren sorrerak, 9/1981 Legeak dioen moduan, “Lan-Harremanen alorrean hitzarmenetara iristeko bide izan dedin sindikaritza-erakundeen eta ugazaba-bazkunen arteko etengabeko elkarrizketa egingarri egitea du aurreneko xede Kontseiluak [sic]”. Eginkizun hori gauzatzeko arestian aipatutako legeak eskaintzen zizkion eskuduntzak, ordea, mugatu egin zituen Konstituzio Auzitegiak, estatuko sindikatu nagusien salaketak zirela medio. Oztopoak oztopo, Kontseiluak bitartekaritzan jarraitu zuen eta Gatazka Kolektiboak Ebazteko Prozedurak sortu zituen lehen aldiz 1984an (egun PRECO legez ezagutzen direnak). PRECOak gaur egun ere oinarrizko baliabideak dira lan gatazken ebazpenean.

Arestian aipatutako horiek izan ziren, hortaz, orduko Lan Harremanen Euskal Esparrua eratu zutenak: sindikatu abertzale eta ez abertzaleak, enpresaburuen elkargoak eta LHK. Gaur egun konfigurazio hori ez da asko aldatu; lan harremanen esparruak osagai berberak ditu, indarren oreka desberdina eta aldakorra izanagatik.

Sindikatuei dagokienez, azken hauteskundeetan ELAk ordezkarien %41 lortu du eta LABek %19; horren ondorioz, bi sindikatu abertzaleek % 60tik gorako ordezkaritza dute; ez abertzaleen artean CCOOek %18 eta UGTk %11, hau da, bien artean ez dute % 30 batzen. Aipatu bezala, sindikatu nagusiak lehengoak diren arren, abertzaleen indartze nabarmena jazo da eta EAEko negoziazio mahaietako solaskide nagusi bilakatu dira pixkanaka-pixkanaka.

Enpresaburuen elkargoek konfigurazio berdin-berdinarekin jarraitzen dute; lurralde historikoetan CEBEK, ADEGI eta SEA, eta Erkidegoan CONFEBASK izaten jarraitzen dugu. Barne antolakuntza eta dinamiketan, ordea, nabarmen egin dute aurrera erakundeok eta, egun estatuko gainerako elkargo guztiek ez bezala, kudeaketa eredugarria euren ezaugarri egin dute.

LHKk ere bere eginkizunean aurrera jarraitzen du eta, hasieran estatuko eragile asko aurka izan bazituen ere, urteetan egindako lanari ezbairik gabeko aitortza egin diote, gainerako erkidegoetan ere LHKren parekoak diren entitateak sortuz.

Egungo ardatzak eta erpinakAldatu

Azken urteetako bi gertaerak eragin zuzena izan dute lan harremanen konfigurazioan, orokorrean estatuan eta konkretuki Euskal Mahaian: mundu mailako krisialdiak eta Mariano Rajoyk bultzatutako lan erreformak.

Atzeraldi HandiaAldatu

Sakontzeko, irakurri: «Atzeraldi Handia»

Lehenengoari dagokionez, mundu mailako krisiak gogor eragin dio Espainiako ekonomiari eta, ezinbestean, lan merkatuari eta negoziazio kolektiboari. Helburua ez den arren mundu mailako ekonomiaren gainbeheraren arrazoiak aztertzea, ekonomian ekarri dituen eraginak ezagutu behar dira, lanean izan duen eragina argi izateko. Krisialdiak finantza entitateen kaudimen baldintzak gogortzea ekarri zuen, baita finantza entitate guztiek kreditua emateko zailtasunak jartzea ere, eta kasu larrienetan entitateen biziraupena bera ere kolokan jarri zen. Finantziazio-iturriak agortzeak ekonomian geldialdia areagotu zuen; 2013an langabezia %27ra igo zen, 2009an BPGak %3,6 egin zuen atzera eta zor publikoa modu neurrigabean hazi zen, besteak beste.

Espainaiko lan-erreformaAldatu

Bigarrenari dagokionez, 3/2012 Errege Lege-dekretuaren bitartez, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen agindupean, Alderdi Popularraren Gobernuak bultzatutako erreformak lan merkatuari eta lan harremanei bete-betean eragin zien. Erreforma horrek, besteak beste, hitzarmenen aurreraeragina bertan behera utzi zuen eta, horren ondorioz, iraungitako hitzarmena ez da automatikoki luzatzen akordio berria lortu artean. Praktikan horrek langileak ziurgabetasun egoeran jarriko lituzke, berez egun batetik bestera euren lan baldintzak adosten dituen akordioa bertan behera geratuko bailitzateke.

Aurreraeragina baliogabetzeaz gain, hitzarmen kolektiboen ordena hierarkikoa desegin zuen. Ordura arte, estatu mailako lan hitzarmenak sektore jakin bateko gutxieneko baldintzak ezartzen zituen, eta erkidego edo probintzia jakin bateko hitzarmenak bakarrik aurrekoaren baldintzak hobe zitzakeen. Enpresakoak, halaber, aurreko hitzarmenak jasotako guztiak hobetu besterik ezin zituen egin. 2012ko lan erreformak hori goitik behera aldatu zuen eta hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula eguneroko tresna bihurtu zuen. Errege lege-dekretuak berak dioen moduan, "indarrean den hitzarmen kolektibotik aldentzeko aukera dago, enpresaren hitzarmen kolektiboari ematen zaio lehentasuna". Horrek eragin praktiko nabarmena du: enpresako akordio kolektiboa sektorekoari (eta esparru zabaleko gainontzeko guztiei) gailen dakioke eta, horren ondorioz, lekuan lekuko lan baldintzak adostu beharko lirateke inolako zorurik gabe. Hori dela eta, sindikatuen boterea praktikan enpresa bakoitzean duten ordezkaritzara mugatuko litzateke.

Bada lan erreformari lotutako azken aldaketa garrantzitsu bat azpimarratzekoa: malgutasuna lan merkatuaren ezaugarri bihurtzeko saiakera izan zen. Ustez estatuko lan merkatua ez omen zen behar bezain malgua. Horregatik, lan erreformak zehazten duen bezala, "eskariak gorabeherak dituenean kaleratzera jo beharrean, enpresaren giza kapitalari eusten dioten bestelako tresna batzuetara jo" ahal izateko mekanismoak lehenetsi behar dira, kasurako, soldata edo lanaldia aldi baterako murriztea. Kontratazio mugagabea sustatzeko neurriak ere onartu ziren, betiere kaleratzeak ere malgutzeko ordainetan; funtsean kaleratzeak merkatzea eta azkartzea zekarren arauak. Lan merkatuaren erreformaren karma bihurtu zen malgutasuna; enplegua sortu behar zen, kopurua hazarazi, kalitateari erreparatu gabe. Enpresaburuentzako malgutasuna dena, langileentzako ziurgabetasuna da maila berean, enplegu horiek soldata apalekoak, enpresaren premien arabera jarduna egokitu beharrekoak eta emaitzen arabera kalte-ordain txikiaren truke eten beharrekoak izango direlako.

Hortaz, krisialdiak eta lan erreformak negoziazio kolektiboan eragin zuzena izan dute. Enpresaburuek erabili egin dituzte lan erreformak euren esku jarritako malgutasuna bultzatzeko tresnak eta lanaren kalitateari eragin diote. Sindikatuek erantzun egin dute euskal esparruan, bereziki sindikatu abertzaleek eta nagusiki ekintza sindikalaren bidez. Egoera gatazkatsuak eguneroko bihurtu dira eta grebak bata bestearen atzetik etorri dira, LHKk eta PRECOek hori ekiditeko bitartekoak ezartzen badituzte ere. Halako abagunean, lan harremanen euskal esparrua sortzeko aldarrikapenak urratsez urrats indarra hartu du.

BibliografiaAldatu

  • Kaiero Uria, Andoni (2004). Sindikatuak eta patronalak, negoziazio kolektiboa eta lan harremanen euskal esparrua. Bilbao: Fundación Manu Robles-Arangiz Institutua. ISBN 84-688-4596-5.
  • Kaiero Uria, Andoni (1991). Implantación y perfil de los sindicatos en Euskadi. San Sebastián: Eusko Ikaskuntza. ISSN 0212-7016
  • Kaiero Uria, Andoni (1999) Sindicatos y Marco Vasco de relaciones laborales. Nazioarteko Eusko Ikaskuntzen Aldizkaria RIEV(44, 1). or. 89-116. ISSN 0212-7016
  • Unanue Letamendi, José Miguel. (2002). Las relaciones laborales en Euskal Herria: Apuntes históricos y análisis de su evolución desde la transición política. Bilbo: Manu Robles-Arangiz Institutua.

Lege-erreferentziakAldatu

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu