Labradorko itsaslasterra

Labradorko itsaslaster» orritik birbideratua)

Labradorko itsaslasterra[1] Ipar Atlantikoko itsaslaster hotz bat da.

Erdialdean, gezi urdin batez adierazia, Labradorko itsaslasterra, izen bereko penintsularen kostaren ondoan

Ozeano Artikoan sortzen da, eta hegoalderantz higitzen da. Artikoko bi itsaslasterren segida da: Groenlandiako mendebaldeko itsaslasterra eta Baffin uharteko itsaslasterra. Labrador penintsularen kostari eta Ternuako ekialdeko kostari jarraituz igaro ondoren, hego-ekialderantz abiatzen da, eta Eskozia Berriko kostara iristen da. Han, itsaslasterraren beso bat mendebalderantz abiatzen da, Ternuako hegoaldeko kostaren paraleloan, eta San Laurendi golkoan sartzen da. Beste besoa Golkoko itsaslasterreko ur epelarekin nahasten da Ternuatik hego-ekialdera dagoen Ternuako kala handian eta Ipar Karolinaren iparraldeko kostatik gertu. Bi itsaslasterren konbinazioaren ondorioz, laino itxi-itxiak sortzen dira, eta, halaber, munduko arrantza-tokirik aberetsenetako bat eratzen dute.

Udaberrian eta uda-hasieran, Labradorko itsaslasterrak iceberg-ak garraiatzen ditu Groenlandiako glaziarretatik hegoalderantz, itsasontzi transatlantikoen itsasbideetaraino. Bestalde, Labradorko itsaslasterren urek hoztu egiten dute Kanadako probintzia atlantikoetako eta Ingalaterra Berriko kostaldeko klima. Kosta horietako uraren tenperatura 7-10 °C hotzagoak dira latitude bereko Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldekoak eta Europako kostaldekoak baino. Labradorko itsaslasterreko urak gazitasun txikia du, eta, ondorioz, errazago izozten da. Horregatik, neguan Kanadako ekialdeko kostaldea izoztu egin daiteke baita latitude txiki samarretan ere.

Egindako kalkuluen arabera (Greenberg eta Petrie, 1988), Labradorko itsaslasterrak 7,6 Sverdrup garraiatzen ditu (1 sverdrup 1.000.000 m3/s da). Abiadura 0,3-0,5 m/s da.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu