Koadro sinoptiko

ideiak grafikoki aurkezteko baliabidea

Koadro sinoptikoa testu idatzi edo diagrama mota bat da, laburbildu nahi diren ideia garrantzitsuenen maila desberdinetako antolaketa grafikoki adierazten duena. Koadro sinoptikoak gai bat, azalpen bat edo teoria bat irudikatzen du grafikoki.

Koadro sinoptikoetan, kontzeptuak modu hierarkikoan antolatuta daude, ideia nagusi batetik abiatzen baita, eta azaldu nahi den ideia multzotik ideia nagusiak, bigarren mailako ideiak eta ideia osagarriak ateratzen dira. Koadro sinoptikoaren banaketa grafikoan autoreak irudikatu nahi dituen ideiei esleitzen dien hierarkia islatuko da.

Gainera, ideia horiek modu sintetikoan adierazten dira. Ideiak gehiago edo gutxiago daude nabarmenduta grafikoki, eta giltzekin, geziekin, koloreekin, figura geometrikoekin-edo, edukien arteko erlazioak eta kontrasteak erakusten dituzte. Ideien artean giltzak, marrak eta geziak ohikoak izaten dira koadro sinóptikoetan.

Ezaugarri horiei esker, informazioa bisualki ulergarriagoa da, eta horrek, aldi berean, gai edo testu bat hobeto ulertzeko aukera ematen du. Horregatik, koadro sinoptikoak oso erabilgarriak dira hainbat gai aztertzeko edo azaltzeko. Ikaste prozesuan asko laguntzen dute.

Nola sortu koadro sinoptiko bat? aldatu

  1. Lehen eta behin, koadro sinaptikora ekarri nahi den testua edo materiala sakon irakurri behar da. Informazio iturriak sakon aztertu behar dira, koadro sinaptikora ekarri nahi den kontzeptua ahalik eta gehien ulertzeko.
  2. Ondoren, testuaren gako-hitzak, hitz esanguratsuenak eta testua osorik ulertzeko ezinbestekoak diren hitzak identifikatu behar dira. Gako-hitzak azpimarratu, nabarmendu, kolorez markatu edo aparte idatzi behar dira, gai nagusia eta ideia nagusiak identifikatzeko, bigarren mailakoak ondoren eta azkenik ideia osagarriak ere identifikatzeko.
  3. Geroago, gai nagusia zein den eta ideia nagusia zein den zehaztu behar da. Testuaren ideia nagusia zein den zehaztu eta nabarmendu behar da, koadro sinoptikoaren izenburu gisa balioko baitu, edo erdiguneko ideia nagusi gisa, ideiak kontzeptu mapa itxurako ingurune batean antolatu nahi izanez gero.
  4. Azkenik, ideien hierarkia zehaztu beharko da. Ideiak beren garrantziaren arabera eta beren arteko erlazioaren arabera antolatuko dira, eta kontuan hartuko da orokorretik partikularrera joan behar dela, garrantzitsuenetik garrantzirik txikienera joan behar dela.
  5. Koadro sinoptikoa irudikatzea besterik ez da falta. Koadroa irudikatzeko giltzen alde egiten badugu, eskema egiten da kontuan hartuta erdiko gaia, goiburua, titulua, ezker-ezkerrean edo goi-goian jartzen dela eta ideia nagusiak, bigarren mailakoak, osagarriak eta xehetasunak eskuinerantz edo beherantz idatziko direla, ematen diegun garrantziaren arabera. Gainera, ideien artean, ikusizko lokailuak marraztuko dira, hau da, giltzak, geziak edo lerroak erabiliko dira. Koloreak erabil daitezke hautatutako hitzen garrantzia markatzeko.

Koadro sinoptiko motak aldatu

Hainbat koadro sinoptiko mota daude[1]:

  1. Giltzen koadro sinoptikoa. Koadro sinoptiko mota honetan, ideiak hierarkikoki antolatuta daude: nabarmenduta nagusiak, gero bigarren mailakoak eta azkenik ideia osagarriak. Antolaketa hori modu bisualean islatzen da, kontzeptuak ezkerretik eskuinera jartzen baitira, garrantziaren arabera, eta giltzen bidez konektatuta baitaude. Edo bestela, modu bertsuan, goitik behera, garrantziaren arabera eta giltzak erabiliz.
  2. Diagramaren koadro sinoptikoa. Koadro sinoptiko mota horretan, ideiak ere hierarkikoki antolatuta daude, baina giltzak erabili beharrean, lerroak edo geziak erabiltzen dira kontzeptu bat beste batetik nola ateratzen den erakusteko. Gainera, normalean, ideia nagusia goian jartzen da, eta gainerakoak beherantz. Edo bestela, modu bertsuan, ideia nagusia erdi-erdian eta ideia nagusiak inguruan, eta bigarren mailako ideiak ideia nagusien inguruan. (Ikus: kontzeptu mapa).
  3. Sareko koadro sinoptikoa. Koadro sinoptiko mota horretan, ideien artean hierarkia dago, baina espazioaren banaketa libreagoa da, kontzeptuak elkarrekin lotu daitezkeelako.

Koadro sinoptikoen adibideak aldatu

 
Giltzen koadro sinoptikoa - Wikipedia artikuluaren egitura
 
Diagramaren koadro sinoptikoa FreeMind softwarea erabiliz egindako kontzeptu mapa bat.
 
Sareko koadro sinoptikoa. IHMC CmapTools programa erabilita sortutako kontzeptu mapa.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Ejemplos de Cuadro Sinóptico. (Noiz kontsultatua: 2023-03-21).

Kanpo estekak aldatu