Izenordain zehaztugabe

Izenordain zehaztugabea[1] erreferente zehatzik ez duen izenordaina da (nor, zer, norbait, zerbait etab.).[2]

Hizkuntza batzuen gramatika tradizionalean, batzuetan, "Izenordain zehaztugabeak" eta "determinatzaile mugagabeak" bereizi ziren, baina hizkuntzalaritza modernoaren analisiak uste du biak hitz-mota bera direla (baina konfigurazio sintaktiko desberdinetan), sintaktikoki bi kasuetan zehaztugabeak sintagma determinatzaile baten nukleo sintaktikoaren posizioa hartuko lukeelako.

Polaritatea aldatu

Euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan, zehaztugabeek polaritate-ezaugarria dute, eta horrek esan nahi du perpaus negatiboetan polaritate negatibokoak agertu behar direla.

Euskaraz aldatu

Hauen erreferentzia zehaztu gabe dago. Esaten da mugagabea indefinitua dela. Denen oinarrian galde-hitza den izenordaina dago. Galderazko izenordaina da, hain zuzen, zehaztu gabeetan zehaztugabeena. Beraz, bi multzo nagusi bereiziko dira:

galde-izenordainak galde-izenordainetatik eratorriak
NOR NORBAIT, NOR EDO NOR, EDONOR, NORNAHI, INOR, NORBERA
ZEIN EDOZEIN, ZEINAHI
ZER ZERBAIT, ZER EDO ZER, EDOZER, ZERNAHI, EZER

NOR eta ZEIN aldatu

NOR izenordaina pertsonez galdetzeko erabiltzen da. Haren ordez, zenbait euskaldunek ZEIN erabiltzen dute:

  • NOREKIN etorri zinen bart? / ZEINEKIN etorri zinen bart?

ZER aldatu

Hau da pertsona ez direnez galdetzeko erabiltzen dugun galde-izenordaina.

  • (a) ZER erantzun dizu maisuak?

Baina izenordain ez ezik determinatzaile ere izan daiteke zer. Goian ez bezala, perpaus honetan ikusten denez, zer-ek izen bati laguntzen dio izen-sintagma baten barruan:

  • (b) ZER ordu da?

(a) adibidean, ZER izenordaina aski da izen-sintagma osatzeko. Horregatik da, hain zuzen, izenordain. (b) adibidean, berriz, izen-sintagmaren ardatza beste izen bat da. ZER-ek, hor, izen hori determinatzen du. Horregatik, determinatzaile ere izan daiteke.

NORBAIT eta NOR EDO NOR aldatu

Hauek ere, oinarrian duten galde-izenordaina bezala, pertsonazkoak dira. Zehazki nor den esan gabe utzi nahi den pertsona bat aipatzeko erabiltzen dira:

  • NORBAIT dabil zure gelan = NOR EDO NOR dabil gure gelan.

ZERBAIT eta ZER EDO ZER aldatu

Izenordain hauek pertsona ez direnak aipatzeko erabiltzen dira. Zehaztugabea da hau ere. ZERBAIT eta ZER EDO ZER erabat baliokide dira.

  • ZERBAIT hartuko nuke = ZER EDO ZER hartuko nuke.

EDONOR, EDOZEIN, EDOZER aldatu

EDONOR pertsonazkoa da. EDOZEIN, berriz, alde horretatik definitu gabea da, eta pertsonei nahiz pertsona ez direnei erreferentzia egiteko erabil daiteke. EDOZER, berriz, pertsona ez direnei erreferentzia eginez bakarrik erabil daiteke. EDONOR beti izenordain da. EDOZEIN eta EDOZER, berriz, izenordain eta determinatzaile izan daitezke:

  • Edonork idatz zezakeen gutun hura. / *Edonor haurrek idatz zezakeen gutun hura.

(Beraz, izenordain).

  • Edozeinek ekarriko dizu liburua. / Edozein saltzailek ekarriko dizu liburua.

(Beraz, izenordain nahiz determinatzaile).

  • Horiek edozer erantzuten dizute. / Horiek edozer gauza erantzuten dizute.

(Hemen ere, izenordain nahiz determinatzaile).

Esanahiari dagokionez, sail honetako izenordainek, edo elementu horri esker, halako aukera bat edo, disjuntzio bat edo, adierazten dute. EDONOR-ek esan nahi du, gutxi gorabehera, honelako zerbait: «honek edo beste batek».

NORNAHI, ZERNAHI, ZEINAHI aldatu

Hauek ere zehaztugabeak dira, eta, aurrekoek bezala, aukera bat adierazten dute. NORNAHI pertsonazkoa da. ZEINAHIk bietarako balio du. ZERNAHI, berriz, oinarrian duen ZER izenordaina bezala, pertsona ez direnei erreferentzia egiteko baliatzen da. Azken bi horiek, gainera, izenordain nahiz determinatzaile izan daitezke:

  • NORNAHIK ez du horrelako autoa erosten.
  • ZERNAHI eros dezakezu denda horretan.
  • ZEINAHI euskaldunek gogoz irakurtzeko moduko liburu bat idatzi du Iñakik.

-NAHI-ren ezkerretara doana -n-z, -t-z edo -k-z amaitzen bada, zilegi da bi osagaiak marratxo bat tartean dutela idaztea. Beraz: zeinahi nahiz zein-nahi.

INOR eta EZER aldatu

Izenordain zehaztugabe hauek ere nor eta zer galde-izenordainen gainean eraikiak daude. NORBAIT eta ZERBAITen kidekoak dira beren ezaugarrietan: zehaztugabeak dira, bata pertsonei eta bestea pertsona ez direnei erreferentzia egiteko erabiltzen dira, etab. Baina badute diferentzia garrantzizko bat: INOR eta EZER testuinguru berezietan erabiltzen dira, oro har ezezko testuinguruetan erabiltzen baitira. Baina ezezkako testuinguruetan ez ezik, bestelako testuinguruetan ere ager daiteke: baldintzazkoetan, galderazkoetan eta konparaziozkoetan adibidez.

  • Inor ikusi al duzu?
  • Ezer baino lehen, ura edan behar dut.
  • Ezer erosi nahi baduzu, esan iezadazu, mesedez.

INOR / EZER eta NORBAIT / ZERBAIT izenordainen arteko diferentzia aldatu

Gorago esana dago INOR / EZER batez ere ezezko testuinguruetan ager daitezkeela. Baina testuinguru horietan NORBAIT / ZERBAIT saileko izenordainak ere ager daitezke:

  • Norbait ez da etorri bilerara.
  • Zerbait ez dut probatu oraindik.
  • Norbaitek ikusi al zaitu?

Hala ere, INOR/EZER sailekoak eta NORBAIT/ZERBAIT sailekoak ez dira baliokideak. Goiko adibideei erreparatuz gero, ikusten da NORBAIT / ZERBAIT sailekoak INOR/EZER sailekoak baino «baiezkoago» edo, direla. Ikus argiago honako adibide hau, non guztiz nabarmen gertatzen den bien arteko kontrastea:

  • Auto honetan zerbait ez dabil ongi.
  • Auto honetan ezer ez dabil ongi.

Aurreko bi perpausak ez dira batere baliokideak. Lehenbizikoa era honetara parafrasea liteke: «Auto honetan BADA ZERBAIT ongi ez dabilena». Bigarrena, berriz, era honetara: «Auto honetan EZ DAGO EZER ongi dabilenik». Beraz, zeharo esanahi desberdina.

INOR EZ / EZER EZ aldatu

INOR eta EZER ezezko testuinguruetan ibiltzen badira gustura, testuinguru hori agerian jarri behar da perpausa erabat murriztua dagoenean ere. Horrela, honako galdera honi:

  • Nork nahi du kafesnea?

perpaus oso batekin erantzun dakioke:

  • Inork ez du nahi kafesnerik.

Baina, dena den, erantzuna funtsezko osagaietara mugatu daiteke:

  • Inork ez.

Hori da erantzun zuzena, eta ez:

  • *Inork.

sarriegi entzun behar izaten den bezala. Hortaz, erantzun murritz horietan, beti INOR EZ, EZER EZ, etab. erabili behar da, ezeztapen-marka ongi aditzera emanez.

INOR ERE / EZER ERE aldatu

Sail honetako izenordainak, maiz, beren ezezkotasuna areagotzeko edo, ERE lokailua lagun dutela erabiltzen dira:

  • Gizon horrek ezer ere ez daki gure arazoaz.
  • Inork ere ez du deitu gaur goizean.

Testuinguru honetan, sarritan, -TXO atzizkiaz hornitua agertzen da izenordain zehaztugabea:

  • Gizon horrek ezertxo ere ez daki gure arazoaz.
  • Inortxok ere ez du deitu gaur goizean.

Enfasia emateko modu bat da.

NORBERA aldatu

Izenordain hau ere nor galde izenordainaren gainean eraikia dago; pertsonazkoa da, hortaz. Esanahiaren aldetik, berriz, BAKOITZAren hurbilekoa da: «(aipatu den) hura bera eta ez beste bat» esan nahi du:

  • Norberak daki ongien barnean zer darabilen. (= bakoitzak daki ongien …).
  • Lan hauek etxean norberak egiteko dira. (= lan hauek bakoitzak egiteko dira).

Haren baliokidea da ekialdeko BATBEDERA.

  • Batbederak ekarri zuen bere bazkaria.

Genitiboan, berriz, NOR BERE forma erabiliko da, lehenbiziko osagaiak dagokion deklinabide-marka harturik:

  • Nori berea da zuzenbidea. (= Bakoitzari berea da zuzenbidea).
  • Nork bere lanak egin behar ditu.(= Bakoitzak bere lanak egin behar ditu).

Erreferentziak aldatu

  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2013]
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa: izenordain

Kanpo estekak aldatu


  Artikulu hau hizkuntzalaritzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.