Itzulpen prozedura edo itzulpen prozedura tekniko deritze itzultzaileak testu bat sorburu hizkuntzatik (SH) xede hizkuntzara (XH) bihurtzeko prozesuan erabiltzen dituen baliabide linguistikoei.

Itzulpengintzaren sistematizazioaren hastapenetan itzulpen prozeduren azterketa diziplinaren teorizazioaren oinarrietako bat izan zen. Izan ere, alderatutako estilistika bildumetan oinarrituta itzultzaileari arazo jakinen aurrean konponbide zehatzak bilatzen laguntzea dute helburu tradizionalki itzulpen prozedurek. Hau da, hizkuntza pare jakin baten azterketatik abiatuta errepikatzen diren arazoak identifikatzea eta itzulpen prozesuan horiek konpontzeko baliatu diren teknikak zerrendatzea, itzultzaileak eskura izan ditzan baliatu nahian.

Vinayren eta Darbelneten proposamena aldatu

Itzulpen prozeduren zenbait sailkapen ditugu egun eskuragai, eta horien guztien aitzindari da J.P. Vinay eta J. Darbelnet autoreek 1958an argitaratutako Stylistique comparée du français et de l'anglais liburukoa. Bertan, ingelesaren eta frantsesaren arteko itzulpen adibideetatik abiatuta 7 itzulpen prozedura bereizten dira:

Itzulpen zuzena aldatu

1.- Mailegua. XHn dagoen hutsune linguistiko bat betetzeko SHko unitate bat inolako aldaketarik gabe baliatzean datza (the connected software/konektatutako softwarea).

2.- Kalkoa. SHtik batasun semantikoko unitate bat (sintagma oso bat) hitzez hitz XHra itzultzean datzan mailegu mota berezia da (science fiction/ciencia ficción/zientzia-fikzio).

3.- Itzulpen literala edo hitzez hitzezko itzulpena. Testu bateko unitateak hitzez hitz itzultzean datza, izenak dioen bezala. Hala, lortzen den emaitza linguistikoki egokia bada (eta askotan izango da), erabili beharreko teknika dela defendatzen dute Vinayk eta Darbelnetek.

Zeharkako itzulpena aldatu

4.- Transposizioa. SHko unitate baten esanahi semantikoa aldatu gabe egitura sintaktikoa edo morfologikoa egokitzean datza, XHn ulergarria eta garbia izan dadin unitate hori (financial risk/finantza-arriskua).

5.- Modulazioa. SHko eta XHko testuinguruetan errealitate bat bi modu desberdinetan hautematen edo kontzeptualizatzen denean errealitate hori adierazteko XHko moldea erabiltzean datza (no trespassing/sartzea debekatuta dago).

6.- Baliokidetza. Kontzeptu baten nondik norako semantikoak transmititzeko mezuaren edukia bera aldatzean datza (as hard as nails/harria bezain gogorra). Baliokidetasun semantikoa mantentzeko baliokidetasun morfologikoa hautsi behar da batzuetan hizkuntzen adierazpideak desberdinak badira.

7.-Egokitzapena. XHko hartzaileei SHko esapide bat arrotza iruditzen zaienean, XHn ohikoagoa den eta helburu semantiko bera betetzen duen beste molde bat erabiltzean datza (you are doing my head in/neure onetik ateratzen nauzu).

Vázquez Ayoraren ekarpen gehigarriak aldatu

Vinay eta Darbelneten sailkapen hau da gehien hedatu dena, eta bertan oinarritu dira beste zenbait egile eta teorialarik egindako ekarpenak eta gehiketak. Vázquez Ayora egileak, adibidez, bere 1977ko Introducción a la traductología liburuan zenbait ekarpen gehigarri egiten dizkio sailkapen honi, aurreko elementuekin konbinatzen diren prozedurak aurkeztuz

1.- Anplifikazioa. SHn monema kopuru jakin batekin adierazten den unitate bat XHn monema gehiagoren bidez adieraztean datza (beyond that house/más allá de esa casa).

2.- Esplizitazioa. SHko testuan inplizitu dagoen eta jakintzat ematen den elementu bat XHra itzultzerakoan azaleratzean datza (presentation and referral/presentación de proyectos y traslado al comité).

3.- Omisioa. Esplizitazioaren aurkako prozedura da. Hau da, SHn agertzen den unitate bat XHn ez azaleratzea testuinguruan jakintzat ematen delako (I can feel your pain/siento tu dolor).

4.- Konpentsazioa edo ordaina. Itzulpena egitean galtzen den unitate bakoitza beste unitate batekin ordeztu behar da esanahia ez galtzeko eta jatorrizkoaren eta itzulpenaren arteko oreka ez hausteko.

Bestelako kritikak eta ekarpenak aldatu

Historian zehar egin den sailkapen edo gehikuntza orok antzeko kritika jaso izan du: estilistika manualetan alderatutako hizkuntza bikote jakinetan oinarritzen direnez, sailkapenek oso balio mugatua dutela eta, hortaz, ezin dutela itzulpen prozesuaren hautu oro islatu. Hauxe da Vinayk eta Darbelnetek jaso zuten kritika nagusia, eta alternatibak bilatzeko grina piztu zuen iritzia.

Honen harira, Sánchez Trigo egileak bere Teoría de la traducción: convergencias y divergencias lanean azaltzen duen moduan, sailkapen hauetako prozedurak sailkapen teoriko gisa baino ez dira ulertu behar, eta ez prozedura aktibo gisa. Hau da, lagungarriak dira egoera jakin batzuetan itzultzaileak izandako jokaerari “etiketa” edo izen bat jartzeko, baina ez dira berez itzultzaileak itzulpen prozesuan egiten dituen hautu kontzienteak. Hortaz, prozedurak baino, arazo jakinei emandako konponbideen zerrenda bezala ulertu behar dira sailkapen hauek eta ez jokabide-arau gisa.

Bibliografia aldatu

  • Munday, J. (2012) Introducing translation studies. Theories and Applications (56-58). Routledge. Abrington, New York.
  • Sánchez Trigo, E. (2002) Teoría de la traducción: convergencias y divergencias (207-211). Universidade de Vigo. Vigo, Espainia.

Kanpo estekak aldatu