Oro har, hiri-ekonomiak okupaturiko espazioaren eta jarduera ekonomikoaren arteko lotura aztertzen du. Hori dela eta, hiriaren berezkoak diren problematikak aztertzen ditu ikuspegi ekonomikotik. Ekonomiaren esparru hau gazte samarra da eta askotan beste eremu teoriko batzuekin nahasten da; besteak beste, geografia ekonomikoarekin edo eskualde-zientziarekin.[1] Hiri-ekonomiak erantzuten duen funtsezko galdera zera da: "zergatik erlazio ekonomiko zehatz bat leku batean garatzen da beste leku batean garatu baizik?"

Askotan aipatu egin da ekonomiak ez duela hiria aztertzearen ohitura.[2] Hiriaren existentzia berak kanpo-efektuen eragina suposatzen duenez, ohiko analisi neoklasikoa ez da automatikoki moldatzen hiriaren errealitate ekonomikoari.

Hastapenak aldatu

 
Von Thünenek garatutako kokapen-teoriaren irudia

Von Thünenek 1826. urtean egindako analisia nekazariak hiriaren erdialdetik zer-nolako distantziara kokatuko diren jakiteko izan zen oinarrizko eredu ekonomikoa hiri-ekonomiaren hastapenetan.

Eredu honen arabera, errenta txikiagoa izango da merkatutik (beti hiriaren erdigunean kokatuta) urrundu ahala. Hori dela eta, nekazari efizienteenak merkatutik gertu kokatuko dira (errenta altua ordainduz baina garraio-kostu baxuak ordainduz). Nekazari ez efizienteak, berriz, merkatutik urrun kokatuko dira, non landaren errenta baxua baina garraio-kostuak altuak diren. Eredu honetan, errentak hondakinezko izaera du: mozkinetatik gainerako kostuak (garraioa, kapitala...) deskontatu ondoren, nekazari bakoitzak erabakiko du ordaindu ahal izango duen errenta maila.


David Ricardok ekarpenak egin zituen ere hiri-ekonomiaren esparrura. Ricardoren ustez, landaren prezioa emankortasunaren arabera zehaztu egiten da. Horrenbestez, nekazariek errenta handiagoa ordainduko ohi dute landa-eremua emankorragoa izanez gero. Ricardoren oinarrizko ondorioa Von Thünenen antzekoa da: lurraren errenta determinatu egiten da mozkinak eta errenta ez diren gainerako kostuak zehaztu eta gero.

Etxebizitzen kokapena aldatu

Hiri-ekonomiaren baitan bi ikuspegi nagusi existitzen dira etxebizitzen kokapenaren inguruan. Alde batetik, konpentsazio-ereduek etxebizitzaren hautaketa lanpostura dagoen distantziaren arabera gauzatzen dela proposatzen dute. Eredu horien interpretazio muturrek etxebizitzaren aukeran bakarrik garraio-kostuak inportantetzat hartzen dituzte. Moderatuagoak diren interpretazioek ez dute soilik garraio-kostuak inportantetzat hartzen, baizik eta lekuaren eta ingurunearen garrantzia azpimarratzen dute. Beste aldetik, aurreko teoria kritikatzen duen ikuspegiak zenbait hutsune ikusten ditu konpentsazio-ereduan. Izan ere, errealitatean klase aberatsak bere lanpostuetatik urrun bizitzen dira (hau da, hiriaren kanpoaldean), hirien larritasuna ez baitute gustuko. Errealitate hau batez ere Estatu Batuetan betetzen da, non etxebizitzen aldaketak normalean lanpostutik ahalik eta urrun bizitzeko helburuarekin egiten diren.[3] Zentzu horretan, batez ere klase pobreek izaten dute kontuan etxebizitza lanpostutik gertu kokatzea, garraio-kostu altuak ez ordaintzearren.

Enpresen kokapena aldatu

William Alonsok egindako eredua da hiri-ekonomialariek gehien erabiltzen dutena enpresen kokapen optimoa zehazteko. Von Thünenek eta Ricardok landa-eremuaren kokapenaren inguruan garatutako teoriak hartu zituen Alonsok, tesi horiek hiri modernoetara egokitzeko xedez. Beraz, Alonsoren ereduaren arabera, gero eta etekin urriagoak dituzten enpresek alokairu baxuagoak ordainduz oreka ditzakete galdutako mozkinak. Alokairu baxu horiek hirien kanpoaldean kokatzen dira, produktibitate txikiko enpresentzat. Aldiz, produktibitate altuko enpresak hiriaren erdigunean ("Negozio-Barruti Zentrala" deituriko gunean) kokatuko dira, von Thünenen ereduan bezala.

Eredu guztiak bezala, Alonsok ezarritako baldintzak ez dira errealitatean betetzen. Izan ere, hiri moderno askotan ez da soilik erdigune bat existitzen. Zenbait erdiguneen existentzia berak eredu horen balioa zalantzan jartzen du.

Merkatu-indarrak hirien garapenean aldatu

Merkataritza izan da historikoki hirien garapena sustatu duen elementu garrantzitsuenetako bat. Zentzu horretan, hiri-ekonomialariek merkatuen eta enpresen indarrak nabarmendu dituzte, hiriaren forma eta itxura azaltzeko helburuz. Agente ekonomikoen artean sortutako erlazioek ekonomia-aglomerazioak sortzen dituzte eta, beraiekin batera, hiriak. Hortaz, hirian sortzen den biztanle-dentsitateak funtsezko zeregina betetzen du hazkunde ekonomikoarekiko. Testuinguru zehatz batzuetan, hazkunde ekonomikoa bakarrik agente ekonomikoen arteko hurbiltasunean oinarrituta garatzen da.[4]

Raymond Vernonek garatutako teoria produktuaren bizitza-zikloaren inguruan ekarpen oso inportantea izan zen hiri-ekonomiaren esparruan. Teoria honek produktu berrien sorrera eta garapena antolakuntza espazialarekin erlazionatzen ditu. Vernonen aburuz, produktu bakoitzak hiru fase ditu bere bizitza osoan zehar: sorrera, garapena eta helduaroa. Sorreraren momentuan ikerketa eta diseinua atal garrantzitsuak direnez eta honetarako langile gaituak, ingeniariak etab. beharezkoak direnez, produktua ekoizten duen enpresa herrialde garatutako metropolien erdiguneetan kokatuko da. [5]

Garapenaren momentuan, produktuaren ale gehiago ekoizten dira. Beraz, enpresak lantegi handiagoak behar ditu eta hirien kanpoaldean kokatuko da. Artisau-lanak beharrezkoak ez diren heinean, ekoizpena beste herrialde garatuetara eraman daiteke, enpresa filialen bidez. Produktua arrakastatsua izanez gero, ekoizpena herrialde azpigaratuetara mugitu egingo da. Testuinguru horretan, fabrikazio-prozesua sinplifikatuta dago eta ez dira beharrezkoak langile gaituak. Hori dela eta, enpresak langile ez-gaituak bilatuko ditu kostuak aurreztearren, produktuaren ekoizpen masiboa gauzatuz.

Aurreko guztiak hirietan duen eragina oso sinplea da: produktuaren fabrikazioa non kokatzen den arabera, hiri-aglomerazio mota ezberdinak sortuko ditu. Hala, ikerkuntza eta eraberritze prozesuak hiri aurreratuetan kokatuko egingo dira. Masa-ekoizpena, aldiz, herrialde azpigaratuen hirietan kokatuko da. Horrela, jarduera bakoitzak erlazio ekonomiko zehatzak sortzen ditu kokatzen den lekuan.

Vernonen eredua orokorregia den arren, modu oso argian azaltzen ditu herrialdeen artean dagoen lan banaketa, baita hiri zein auzo ezberdinen artean existitzen den lan banaketa ere. Hala ere, ereduak ez du kontuan hartzen herrialde aberats eta pobreen arteko ezberdintasunen zergatia, eta lanaren banaketa internazionala jakintzat ematen du. Ondorioz, eredua ez da batere dinamikoa, lan banaketa internazionalaren baitan eman daitezkeen aldaketak baztertzen baititu.

Ekarpen kritikoak aldatu

Marxismotik eta beste korronte heterodoxotik hainbat ekarpen egin dira hiri-ekonomiaren inguruan. Hala ere, ekonomiaren esparru honen baitan koka ditzakegun ekarpen kritikoak identifikatzea nahiko zaila da, hiri-ekonomiaren mugak oso argiak ez baitira. Izan ere, ekarpen hauek ez dira normalean hiri-ekonomiara mugatzen, baizik eta geografia, historia eta filosofiaren zenbait auziekin polemikan ibiltzen dira.

Idazle marxisten aldetik, David Harvey izan da auzi hau gehien landu duen egilea. Bere ustez, hirien eraldaketa funtsezkoa da krisialdietan, espazio eta eraikin berrien eraikuntzak kapitala eta lana xurgatzen baititu eta akumulazio mota berrien funtzionamendua baimentzen baitu.[6] Hori dela eta, hiriaren eraikuntza eta espazioaren ekoizpena baliagarria da kapitalismorentzat bi zentzutan: alde batetik, krisialdiaren egoera ekonomikoa suspertzen baita eta beste aldetik, krisialdia ondoren nagusia izango den akumulazio ereduaren oinarriak ezartzen baitira.

Erreferentziak aldatu

  1. Polèse, Mario. (2009). Economía urbana y regional : introducción a la geografía económica. Civitas ISBN 978-84-470-3302-7. PMC 630452282. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  2. Richardson, Harry Ward. (1975). Economía del urbanismo. Alianza Editorial ISBN 84-206-2126-9. PMC 5174640. (Noiz kontsultatua: 2021-03-05).
  3. Richardson, Harry Ward. (1975). Economía del urbanismo. Alianza Editorial ISBN 84-206-2126-9. PMC 5174640. (Noiz kontsultatua: 2021-03-06).
  4. Michael., Storper,. (1997). The regional world : territorial development in a global economy. Guilford Press ISBN 1-57230-258-5. PMC 37004384. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  5. Lipietz, Alain. (1979). El capital y su espacio. Siglo veintuno editores ISBN 968-23-0289-7. PMC 43335155. (Noiz kontsultatua: 2021-03-09).
  6. Harvey, David. (2014). Diecisiete contradicciones y el fin del capitalismo. (1ª ed. argitaraldia) IAEN-Instituto de Altos Estudios Nacionales del Ecuador ISBN 978-84-96453-50-0. PMC 913149808. (Noiz kontsultatua: 2021-03-10).

Bibliografia aldatu

  • Camagni, R. (2005): Economía Urbana, Antoni Bosch Editor.
  • O’Sullivan, A. (2012; 2019): UrbanEconomics, McGraw-Hill International Edition.
  • Polèse, M. & Rubiera Morollón(2009): Economía Regional y Urbana, Thomson Reuters.