Hidroeléctrica Ibérica

Hidroeléctrica Ibérica energia elektrikoa sortzen eta banatzen zuen euskal enpresa izan zen. Bilbon sortu zuen Juan Urrutia Zulueta ingeniariak 1901eko uztailaren 19an, Banco de Vizcayak jarritako kapitalarekin.[1] Hasiera batean, konpainia horrek hainbat jauziren aprobetxamendu hidroelektrikoa egin zuen, batez ere Ebro ibaiaren arroan. 1944an, Hidroeléctrica Ibericak bat egin zuen Saltos del Duerorekin; azken hau Duero ibaiaren aprobetxamendu hidroelektrikoa ustiatzeko, Portugaleko mugan, 1918an sortua zen. Enpresen bat-egitea 1944ko irailaren 30ean egin zen, horrela Iberduero sortuz.[2]

Hidroeléctrica Ibérica
Datuak
Motaenpresa
HerrialdeaEspainia
Agintea
Egoitza nagusi
Legezko formaprivate company limited by shares (en) Itzuli
Historia
Sorrera1901eko uztailaren 19a
Desagerpena1944ko irailaren 30a
Barakaldoko Burtzeñako zentral termikoa, 1907 eta 1985 artean martxan egon zena.

Historia aldatu

XIX. mendearen amaieran, Iberiar penintsulan energia hidroelektrikoa sortzea elektrizitatearen ekoizpenaren oinarria zen, eta, horrela, hainbat enpresa sortu ziren sorkuntza merkaturatzeko, ibaien ibilgua aprobetxatzen zuten presetan instalatutako zentralen bidez. Horrela, 1901. urtearen hasieran, Eduardo Aznar y Tutor (Berrizko markesa eta Eduardo de Aznar y de la Sotaren semea) eta José Orueta y Nenín (Sociedad Española de Construcciones Metálicas sozietatearen diputatu eta zuzendaria) enpresariek, Ebro Garaiko Quintana, Besantes eta Camajóngo jauzien ustiapena zeukatenek, Juan de Urrutia y Zulueta meatze-ingeniariarekin harremanetan jarri ziren euren ekoizpen elektrikoa kudeatuko zuen sozietate bat eratzeko.[3]

Oruetak Alfontso XIII.a erregearekin zituen harreman bikainek 1901eko uztailaren 19an eratu zen Sociedad Hidroeléctrica Ibérica izeneko enpresa eratzea erraztu zuten.[4] Hasierako emakidei berehala gehitu zitzaizkien beste batzuk Leitzaran, Urdon, Mijares, Júcar eta Segre ibaietan, eta ondoren Tajon, Madril ere hornitzeko.[5] Urrutiaren helburua Espainian ahalik eta ur-jauzi gehien eraikitzea izan zen, ahalik eta biztanle gehienei energia eskaintzeko, banaketa-sare handi bat instalatu beharrik gabe.[5]

Fundazioaren kapital soziala 20 milioi pezetakoa izan zen, Banco de Vizcayaren laguntza finantzario garrantzitsuarekin. 1904an jarri zen martxan bere lehen instalazio handia, Quintanaren jauzia Cillaperlatan, Ebro ibaian, zeinaren ekoizpena Bizkaira eramaten zen.[5]

1907an, Lucas de Urquijo Urrutia bankariarekin batera, Juan de Urrutiak Hidroeléctrica Española sozietatea sortu zuen, 12 milioi pezetako hasierako kapitalarekin, eta Hidroeléctrica Ibericak % 44ko partaidetza izan zuen. Hidroeléctrica Ibericak 18 kontseilarietatik 6 izendatu zituen, eta, beraz, filialtzat hartu zen. Urtebete geroago, hainbat konpainia banatzaile bateratu zituen Unión Eléctrica Vizcaína sortzeko, eta, horrela, Bizkaiko merkatuaren zatirik handiena menderatzea lortu zuen. Gainera, bere lehen instalazio termoelektriko handia jarri zuen martxan, Barakaldoko Burtzeñako zentral termikoa, alegia.[4]

1923an, Lafortunadako zentrala jarri zen martxan, Aragoiko Pirinioetan, Bilbori 132 kV-ko lineen bidez energia ematen ziona. 1925ean, sozietateak Hidroeléctrica Españolan zituen akzioei uko egin zien, eta kapitalaren % 55 izatera iritsi zen.[6]

1927an Saltos del Duero jaio zen, Espainiak eta Portugalek Duero ibaiaren eta haren ibaiadarren aprobetxamendu hidroelektrikorako nazioarteko hitzarmen baten ondorioz.[7] Sozietate berri horrek, Esla ibaiaren uretan Ricobayoko urtegia aktibo nagusi zela, Iberiarentzat lehia garrantzitsua izan zen, ekoizle nagusi bihurtu baitzen.[6] 1936an Espainiako Gerra Zibila pizteak sektorearen garapenean geldialdi larria eragin zuen, eta instalazio asko suntsitu zituen.

Gerraren ondoren, eta frankismoaren autarkia iritsi zenean, sektorea birmoldatu egin zen, eta erregimenak Hidroeléctrica Ibérica eta Saltos del Duero enpresen bat-egiteari ekin zion. Horren ondorioz, Iberduero sortu zen 1944ko irailaren 30ean.[8] Hidroeléctrica Ibericak 250 milioi pezeta eman zizkion enpresa berriari akzioetan, 62 milioi obligazioetan eta 188 GWh-ko ekoizpenean.[6]

Presidenteak aldatu

Bibliografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/artikuluak/artikulua.php?id=eu&ar=72403
  2. García Adán, 6.or.
  3. Sánchez Molina, 15.or.
  4. a b García Adán, 3.or.
  5. a b c Sánchez Molina, 16.or.
  6. a b c García Adán, 4.or.
  7. Sánchez Molina, 18.or.
  8. Sánchez Molina, 22.or.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu