Hernaniko Gazte Olinpiadak

Hernaniko Gazte Olinpiadak 1988an hasi ziren. Gazteen arteko lehiaketak dira, 1998. urtean etenaldi bat eta gero berreskuratu ziren, eta berriz ere 2010. urtean. Ordutik aurrera 2 urtetan behin egin dira.

2018ko Gazte Olinpiadak

Garaiko testuingurua aldatu

80ko hamarkada garai konplexua izan zen lan-egoera, sozial eta politikoari dagokienez. Gizartea eraldatzen ari zen, oinarritako beste balio eta ideiak hartzen hasiak ziren. Gazteen artean zalantzak nabariak ziren eta, euren beharrak asetzeko, eztabaidatzeari, mobilizatzeari eta politikoki antolatzeari ekin zioten. Gauzak horrela, antolakundeak pil-pilean egon ziren.

Zenbait gaztek politikoki antolatzeari ekin zioten arren, gehienak kuadrillaka antolatzen ziren. Ez zegoen inolako konexiorik kuadrilla ezberdinen artean, hau da, lagun taldeak itxiak ziren eta neska eta mutilen arteko bereizketa ere nabaria zen. Beraz, garaiko gazteriaren arteko harremana oso urria zen eta haien arteko hizkuntza nagusia gaztelania.

Garaiko eta lekuko testuinguruan drogen kontsumoa aipagarria da. Heroinaren kontsumoa nahiko zabalduta egon zen herrian, hutsune handiak ekarriz.

Urte haiek konplexuak izanda ere, garai emankorra izan zen, gaur egunera arte iraun duten hainbat gizarte mugimendu sortu zituena nazio zein herri mailan.

Gazte olinpiaden hasiera aldatu

Testuinguru horretan, Hernaniko gazteek aisialdirako beste ekintza batzuen beharra sumatu zuten eta horren harira sortu ziren oraindik herrian nagusi diren hainbat jarduera; hala nola, Akelarrea eta Gazte Olinpiadak.

Helburuak aldatu

Jarduera hauen helburuak herriko gazte talde ezberdinak antolatzea, euskara bultzatzea eta drogen kontsumoa murrizten saiatzea ziren.

Hernaniko Gazte Olinpiadak aldatu

1988ko olinpiadak: aldatu

Antolatu ziren lehen Gazte Olinpiadak 1988. urtean izan ziren. Parte hartzea kuadrilaka izan zen eta, 4 bat pertsona dena antolatzen eta jendearen atzetik ibiltzen nagusi izan baziren ere, azken finean denak izan ziren koordinatzaileak. Astero batzarrean biltzen ziren, kuadrilla parte-hartzaileetako bakoitzak ordezkari bat eramaten zuelarik. Batzar hauetan, besteak beste, egindako proba edo ekintzen inguruan hitz egiten zen eta haien balorazioa egiten zen.

Lehen urte hartan, 20 kuadrilla inguruk hartu zuten parte. Lagun talde bakoitzak proba edo ekintza bat antolatu zuen, era honetan kuadrilla guztien arteko elkarlana lortzen zelarik. Kuadrilla bakoitzak sorturiko eta antolaturiko frogak irabazle bakarra zuen; hala ere, jarduera ezberdin ugari zeudenez gero irabazle anitz egon ziren. Aipatzekoa da irabazteari ez zitzaiola garrantzirik ematen; emakumeek Olinpiadetan parte hartzeak, adibidez, garrantzi handiagoa zuen, eta kuadrillak emakume eta gizonetan banatuak zeudenez, hainbat talde elkartu egin ziren parte hartzeko.

Olinpiadek 90 egun inguru iraun zuten, 4 hilabetetan zehar, eta hainbat proba ezberdin egin ziren, batez ere kirolak; saskibaloia, futbola, xakea... Amaiera ekitaldi gisa, kiroldegian ospakizun handi bat egin zen kontzertuekin eta hainbat sariren banaketarekin. Sari hauek eskuz egindakoak ziren, zeramika eta beste hainbat materialekin.

Ondorio gisa, herriko kuadrillek elkarren arteko harremana sustatzea lortu zuten, hau da, bere helburua lortu zuten.

1998ko olinpiadak aldatu

10 urteko etenaldiaren ostean, Hernaniko hainbat gaztek berriro Olinpiadak antolatzea erabaki zuten. Garai hartan, egoera politikoa ezberdina zen. Bazegoen herrian nolabaiteko gazte antolaketa: gazte asanblada, aisialdi taldeak... Hau da, gazte mugimenduek indar handiagoa zuten. Ordura arte olinpiada berririk egon ez bazen ere, Gazte Asanbladak ekimen ezberdinak eraman zituen aurrera, herria berriro ere mugitzen hasteko asmoz. Asanbladako kideek karaoke bat antolatu zuten, eta bertan jende asko animatu zela ikusi zutenean, iruditu zitzaien ideia ona zela 88koak bezalako Olinpiada batzuk antolatzea.

Behin erabakia hartuta, kaleetan zehar kartelak jarri zituzten laguntzeko prest zeudenak bilera batera gonbidatuz. Asanbladako kideak eta hitzarmen hartara azaldutako gainerakoak hasi ziren ekimena antolatzen. Udalaren aldetik ez zen laguntzarik jaso, lekuak uzteko oztopoak jartzen baitzituen. Hala ere, ikastolek, tabernek eta herriko beste hainbat eragilek haien instalazioak eskaini zituzten.

Olinpiada haietan ere jende askok parte hartu zuen: aurreko Olinpiadetako garaiak gogoratu nahi izan zituztenek eta belaunaldi berriek. Izatez, hainbesteko arrakasta izan zuen deialdiak non udaltzainen taldea ere sortu zen.

Bi hilabete inguru iraun zuten, eta frogak asteburu nahiz astean zehar izan ziren. Olinpiaden amaierako ekimena Oialume biltokian izan zen eta, bertan, parte hartu zuen lagun talde bakoitzak “play-back” bat prestatu zuen.

Aipatzekoa da, 88ko Olinpiaden antza izanda ere, berezitasunak ere bazituela; aipagarriena balore ezberdin eta berri batzuetan oinarritu izan zela izanik. Taldeek mistoak izan behar zuten eta ez zen inolako bereizketarik egin kiroletan emakume eta gizonen artean, 88an ez bezala. Era berean, betiko kiroletatik aldentzen eta proba berriak antolatzen hasi ziren.

Hauen ostean, 2000. urtean antolatzaileak berriro saiatu ziren jarduerarekin jarraitzen, baina herriko gazteen aurkako sarekada baten ondorioz bertan behera uztea erabaki zen.

2010eko olinpiadak aldatu

Gazte Olinpiadak berriz ere 2010ean abiatu ziren. Gazte Asanbladaren eta 98ko olinpiaden antolakuntzan ibilitakoen artean harremana sortu ostean, berriro ere olinpiadak antolatzen hastea erabaki zen. Hasieran, ideia oso handia zenez, nola antolatu ikusteko mini-olinpiada batzuk antolatzea erabaki zen. Mini-olinpiada hauek aurrera ateratzeko egindako lehen biltzarrean ehundik gora pertsona azaldu ziren eta Gazte Asanbladako kideek olinpiada handiago batzuk antolatu beharko zituztela ikusi zuten. Hori horrela, talde bakoitzetik bozeramaile bat aukeratu eta Olinpiadak antolatzeari ekin zioten.

Hirugarren belaunaldiko Olinpiada haietan 30 taldek hartu zuten parte, 400 pertsonatik gora. Bai belaunaldi berriak bai 80 zein 90eko hamarkadetan parte hartu zutenak han izan zirenez, adin tartea 16 eta 50 urte bitartekoa izan zen.

Gazteek emandako erantzuna espero ez bezalakoa izan zen, eta hainbat taldek probak prestatzeko konpromisoa hartu zuten.

Gaur egungo olinpiadak aldatu

 
2018ko[Betiko hautsitako esteka] Hernaniko Gazte Olinpiadak

2010etik geroztik 2 urtean behin izan dira Olinpiadak, 2012, 2014, 2016 eta 2018 urteetan. Hauetan, 500 pertsona inguruk hartu izan dute parte. 2020. urtean ziren ospatzekoak hurrengo Olinpiadak, baina COVID-19ak ekarritako egoeraren ondorioz bertan behera utzi ziren.

Jokoen antolaketa aldatu

Olinpiadak bertan parte hartzen duten taldeetako partaide guztien artean antolatzen dira. Esan bezala, bi urtetan behin egiten dira eta, antolatzen hasteko garaia denean, herriko gazte guztiak gonbidatzen dira. Hala ere, egindako lehen bilera horretara ordura arte Olinpiadak antolatzen ibilitako KOI taldeko hainbat kide joaten dira ere, nondik hasi eta plangintzaren nondik norakoak azaltzeko asmoz. Hala ere, bilera horretan sortzen da hurrengo jardunaldia antolatuko duen KOI talde berria.

KOI herriko gazteek osaturiko taldea da, proposatutako probak, jokoak eta beste hainbat ekitaldi bideragarriak ote diren esateaz, materialak lortzeaz eta egitarau erregularra egiteaz arduratzen dena.

Probak asteburu eta ostegun iluntze-gauetan egiten dira eta haien artean guztiz ezberdinak dira. Gaur egun, 80ko hamarkadan ez bezala, jolas kooperatiboen aldeko apostua egin da, patin lasterketa bezalako klasikoak oraindik egiten badira ere.

Olinpik news aldatu

Olinpik news 2014 urtean sortutako komunikazio sare bat da. Proiektu berri honen helburua Hernaniko Olinpiaden jarraipena egitea eta hau sareetan zabaltzea dira. Hori horrela, YouTube bezalako plataformetan topatu daitezke urte ezberdinetako proba anitz.

Bibliografia aldatu