Hebe de Bonafini
Hebe de Bonafini (Ensenada, 1928ko abenduaren 4a - La Plata, 2022ko azaroaren 20a) giza eskubideen aldeko ekintzaile argentinarra izan zen. Maiatzaren Plazako Amen elkartearen sortzailetako bat eta presidentea izan zen; erakunde horretan Jorge Rafael Videlaren diktadura militarrean desagertutako detenituen amak bildu ziren, justizia eskatzeko eta haien seme-alaben itzulketa aldarrikatzeko. Amen erakunde horrek ekintza ugari sortu zituen: unibertsitate-institutu bat, irrati bat, egunkari bat, kulturetxe bat... Bonafinik mundu osoan zabaldu ditu bere aldarrikapenak. Euskal Herrian bizi zen errepresioaren aurka sarritan hitz egin zuen.[1] Horregatik, ETAren aldeko jarrera zuela esanez, Espainiako Asociación Víctimas del Terrorismo eskuin muturreko elkarteak persona non grata deklaratu zuen 2000. urtean.[2]
Hebe de Bonafini | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Hebe María Pastor Bogetti |
Jaiotza | Ensenada (en) , 1928ko abenduaren 4a |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | La Plata, 2022ko azaroaren 20a (93 urte) |
Hobiratze lekua | Pirámide de Mayo (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktibista eta giza eskubideen aldeko ekintzailea |
Kidetza | Maiatzaren Plazako Amak |
Biografia
aldatuHebe Bonafini etxekoandre bat zen, oso ikasketa gutxikoa, apenas lehen hezkuntzako eskola bakarrik egin zuen. 1942ko abenduaren 29an ezkondu zen, 14 urte zituela, Humberto Alfredo Bonafinirekin, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Jorge Omar, Raúl Alfredo eta María Alejandra. 1977ko otsailaren 8an, Argentinako diktadura militarrak eragindako errepresioaren testuinguruan, bere seme nagusia, Jorge Omar, bahitu eta desager arazia izan zen, La Platan, eta, abenduaren 6an, gauza bera gertatu zen bere beste semearekin, Raúl Alfredo, Argentinako Berazategi Partiduan. 1978ko maiatzaren 25ean bere erraina ere desagertu zen, María Elena Bugnone Cepeda, Jorgeren emaztea.
Hebe de Borafini 1979tik Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko presidentea da, eta gizateriaren aurkako delituen errudunen zigorgabetasunaren aurkako borrokagatik nabarmendu da, baita desagertutakoen bizitza aldarrikatzeagatik ere. Bere senarra, Humberto Bonafini, 1982ko irailean hil zen.
Hebek Argentinan epaitegietan arazo handiak izan ditu eta behin baino gehiagotan hiltzeko mehatxuak jaso izan ditu. Esaterako, 1991an Carlos Menem Argentinako presidenteak "zaborra" deitu ziolako, epaitegietara eraman zuen.[3] 1996an, manifestazioa batean, polizia batek buruan kolpatu zuen. Emakumeak prentsa aurrean zapi odoleztua jantzita agertu zen. 2001an bi gizon haren etxean sartu ziren eta bera ez zegoenez, Alejandra alaba torturatu zuten.[4]
Hebe de Bonafini mundu osoan ibili da bereziki errepresioa pairatzen duten kolektiboei eta herriei haren elkartasuna adierazteko: Mato Grosson, Chiapas, Belgraden gerraren aurka hitz egiteko, Euskal Herrian... 2004tik, irratien bidez haren ideaik zabaldu ditu: 2007tik Transformaciones del Pañuelo Blanco edo La Voz de las Madres. 2008an, ESMA konzentrazio esparrua izandako tokian, amek Centro Cultural Nuestros Hijos kulturetxea sortu dute eta han sukaldaritzaz eta politikaz hitz egiten du. 2018tik Caput Irratian "Hebe en Caput" saioa zuzentzen du.[5]
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Hebe de Bonafini: «El que encarcela a la gente por lo que piensa es un Estado terrorista»» www.lahaine.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «La AVT declara `non grata` a la Asociación Madres de Plaza de Mayo por su `apoyo explícito´ a ETA en su web» ComputerWorld 2000-10-27 (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Página/12 :: El país :: Hebe de Bonafini le pidió al juez Petracchi que apure una sentencia» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
- ↑ «Página/12» www.pagina12.com.ar (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).
- ↑ «Hebe empezó su programa en Caput | Radio Caput» web.archive.org 2019-01-07 (Noiz kontsultatua: 2022-11-22).