Groom of the Stool (euskaraz, gorozkien zerbitzari) monarkia ingelesean zegoen gortesau intimoena zen eta erregearen beharrez arduratzen zen.

Historia aldatu

1527an, Londresen, Sir Henry Norris Ingalaterrako errege Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren Groom of the Stool izendatu zuten. Norrisek Sir William Compton ordezkatu zuen zeregin horretan, eta hamar urtez eutsi zion tituluari. Ondoren, Sir Thomas Heneagek beste hamar urtez bete zuen zeregina eta, azkenik, Sir Anthony Dennyk urte bakar batez eutsi zion karguari, erregea hil baino lehen. Izenaren aurreko “sir” horrek pertsonaion noblezia adierazten zuen[1].

Gorozkien morroien lanbidea noiz sortu zen garbi ez badago ere, Ingalaterrako gortean mendeetan aritu ziren. Erregearen zerbitzupean zeuden soilik, eta haien egitekoa agintariari iraizte funtzioan laguntzea eta, ondoren, hondakinak garbitzea zen. Baina erregearengandik hain “hurbil” egoteko aukera ematen zuenez, postuak gero eta garrantzi handiagoa izan zuen. Erregearen konfiantzazkoak ziren eta haren idazkari izatera ere iritsi ziren[1].

Henrike VII.a Ingalaterrakoaren (1457-1509) agintaldian zergak ezartzeko eskumena lortu zuten ipurdi garbitzaileek. Horrenbestez, ingeles nobleziako familia nagusien artean hain kargu ohoragarria lortzeko lehia gatazkatsuak izan ziren. Baina ofizioaren hurbiltasunak, pribilejioez gain, arriskuak ere bazituen. Aipatutako Sir Henry Norrisi Anne Boleynekin sexu harremanak izatea egotzi zioten, eta Henrike VIII.a Ingalaterrakoak lepoa moztea erabaki zuen, geroxeago Anne berarekin egingo zuen bezalaxe[1].

Gorozkien zerbitzarien tradizioak ez zuen luze iraun. 1558an, Elizabet I.a Ingalaterrakoak koroa jantzi zuenean, lehenengoz emakume bati egokitu zitzaion zeregina baina hurrengo urtean erreginak kargua bertan behera uztea erabaki zuen[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2011-06-26). «Erregeari ipurdia garbitzeko ohorea» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak aldatu