Getariako Sardinazaleen Errege Konpainia

Getariako Sardinazaleen Errege Konpainia (1764ko apirila-1773) XVIII. mendean Getarian sortu zen enpresa izan zen. Helburu nagusia sardinen gazitze industria indartzea zen, lurralde osoa hornitzeko. Ilustratuek eta Azkoitiko Zalduntxoek bultzatutako proiektua izan zen, eta ez zuen arrakasta handirik izan.

1756an, Pedro Cano Mucientes Gipuzkoako korrejidore zenean, Batzar Nagusiek lurraldean sardinaren industria eta kontsumoa zabaltzeko komisioa sortu zuten. 1757an korrejidoreak berak Batzarretan lurraldearen ekonomia indartzeko 11 proposamen aurkeztu zituen, tartean sardinen gazitze-industria garapena zegoen. Garai hartan, balearen eta bakailaoren arrantza aktibitatea behera zihoan.

Konpainiaren inguruko lehen erreferentzia 1764koa da, Gipuzkoako Batzar Nagusiei Getariako herriak bidali zien gutunean. Gutun horretan empresa berriaren proiektua azaltzen da eta, baita ere, Karlos III.a Espainiakoa erregearen oniritziaren itxoitean zeudela bera martxan jartzeko. Batzarrek oso ondo hartu zuten proposamena eta Errege Kontseiluaren aurrean proiektua defenditu zuten. Erregearen aldeko onarpena laster heldu zen eta, gainera, enpresaren bost akzio erosi zituen (1764-1765). 1770an, bestetik, Batzarrek Ogasun Ministroari idatzi zioten erregeari egokitzen zitzaizkien 150 peso erabiltzeko. Dena dela, konpainia berriari gauzak ez zitzaizkion oso ondo joan. Koldo Larrañagaren hitzetan 1773an enpresaren zuzendaritzak Batzarrei laguntza eskatu zien zeren eta gastuak handiegiak baitziren eta, hori gutxi balitz, zuzendaria, Juan Lorenzo Etxaves Asur Romero hila zen ordurako. Memorial horren sinatzailea Juan Lorenzoren alarguna zen, Maria Josefa Beldarrain, beste zuzendariaren alaba, hau ere hila, Jose Beldarrain. Pentsatzekoa krisialdian zuzendari nagusien heriotzak zer ikusi handia izango zuela.

Hortik aurrera ez dago informazio handirik. Domingo Ignacio Egañak zuzentzen zuen El guipuzcoano instruido[1] konpainiaren beste erreferentzia bat dago; horren arabera, 1777an kontuak Ahaldun Nagusiari aurkeztu zizkioten. Baina Xabier Alberdiren informazioaren arabera, enpresa 1773an desagertu zen eta, haren ordez, Bilbon, Kantauri Itsasoko Itsas-arrantzaren Konpainia Orokorra sortu zen.[2] Alberdiren ustez, arrainaren prezioen gorabeherek eta inbertitzaileen interes faltak konpainiaren porrota ekarri zuten.

Bibliografia aldatu

  • María Montserrat Gárate Ojanguren: "La Real Compañía Sardinera de Guetaria. Un estudio económico". Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, ISSN 0211-111X, 38. liburuki, 1-4 zenbakia, 1982, 3-29 or.

Erreferentziak aldatu

  1. 1777, 3.or.
  2. Xabier Alberdi Lonbide: "La pesca en el litoral de Gipuzkoa durante la Edad Moderna", Itsas memoria, Donostia, 2000, 30.or.

Kanpo estekak aldatu