Gauaren usaina
Gauaren usaina Andrea Camilleri idazle italiarrak 2001ean Sellerio argitaletxearekin plazaratutako eleberri bat da, jatorrizko izenburua L'odore della notte duena. Euskaraz 2011n kaleratu zen itzulpena, Josu Zabaletak egina eta Ereinek argitaratua.
Gauaren usaina | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Andrea Camilleri (2001) |
Argitaratze-data | 2001 |
Generoa | Nobela poliziako |
Jatorrizko izenburua | L'odore della notte |
Herrialdea | Italia |
Bilduma | Inspector Salvo Montalbano |
OCLC | 71347307 |
Euskaraz | |
Izenburua | Gauaren usaina |
Itzultzailea | Josu Zabaleta |
Argitaratze-data | 2011 |
Bilduma | Uzta Gorria |
Orrialdeak | 264 |
ISBN | 978-84-9746-673-8 |
Beste liburu batzuetan bezala, hemen ere benetan izandako hilketa bat hartzen du abiapuntutzat. Eleberri honekin, Montalbano komisarioari buruzko telesailaren atal bat egin zuen RAIk, Luca Zingaretti aktorea izanik protagonista nagusia.
Argumentua
aldatuVigàtan eta inguruko herrietan, iruzurgile batek jende askoren dirua eraman du: askotan gertatzen den bezala, jende inuzentea interes altuak eskainiz erakarri ondoren, haien diruarekin ihes egin du. Mirariak egiten omen zituen Emanuele Gargano izeneko kontulari eta finantza-adituaren biktima izandako jende asko, mota askotakoa, topatuko du Montalbanok bere ikerketetan. Ziur aski kontularia urrutiko hondartzaren batean eguzkia hartzen egongo den arren, badago pertsona bat, bakarra herri osoan, harengan ustea galdu ez duena: haren idazkari Cosentino andereñoa, harekin maiteminduta dagoena. Haren aita bihotzekoa hil ondoren bakarrik eta maitasun behar handian gelditu den emakume honek bere zuzendariaren zintzotasunean sinesten du oraindik, egunen batean itzuliko delakoan dago eta horregatik jarraitzen du bere kontura bulegoa irekitzen, dirua galdu dutenen haserreari aurre egin behar dion arren. Garganorekin batera, ordea, haren laguntzaile Giacomo Pellegrino ere desagertu da, kontulariarekin negozioetan eta maitasun kontuetan sartuta egonagatik ihes egiteko arrazoirik ez bazuen ere; are gehiago, landetxe bat eraikitzen ari zen. Montalbano komisarioak ondo ezagutzen du landetxe hori; izan ere, bertara doan batean, asko miresten duen olibondo zahar handi bat ikustera, moztuta eta zatitan puskatuta aurkituko du, landetxeari lekua uzteko, hain zuzen. Montalbanok, orduan, etxeko kristalak hautsiko ditu, bai eta lorategiko Edurne Zuri eta zazpi ipotxen estatuatxoak ere, zuhaitz zaharraren heriotza mendekatzeko. Bada uste duenik bi gizonen desagerpenen atzean mafia dagoela, iruzurraren biktima izan delakoan; 'dottor' Guarnotta, ikerketen arduradun ofiziala, esaterako; baina Montalbanok ez du horrela pentsatzen.