Euskararen txukuntasuna aldatu

Euskara hori!

- "Txiklea, itsaskorregia zen" zioen testuak, soberako koma hori kendu nuen arte!

- "Hiru urte beranduago" halaber: "Three years later", euskaraz, "handik hiru urtera" esaten dugu; "hiru urte beranduago" horrekin, hiru urteko atzerapena izan zela ulertzen da, ez besterik!

- Aditzen kokalekua ere aski hobegarria zen (esaldi motzetan, bukaeran jartzeko joera baitu hizkuntzak): beraz, artikulugileak lehenbailehen begira eta zuzen bitza bere beste testuak, definizioak-eta euskaraz irakur ditzagun, ez euskañolezko mordoilo hartan! —Aurreko iruzkin sinatugabea 213.195.80.114 (eztabaidaekarp.) lankideak idatzi du (data: 2012-12-14, 14:25).

Arrazoi duzu zure iruzkinean, baina badira zure mezuaren mami baliotsuari balio zati handi bat kentzen dioten bi faktore:
  1. Zakar idatzita, balizko hartzailea zure mezutik uxatzen duzu. Gaizki eginekin batera, ondo eginak aipatzea ere ez al litzateke bidezko? Kontuan izan, artikulua inork sortu izan ez balu, zuk zer zuzendurik ere ez zenukeela izango... Ondo dago ezjakinari argi egitea, baina klasikoez geroztik badakigu gozaraziz irakastea dela eraginkorrena, ezen ez sufriaraziz.
  2. Zuk zuzendu aurreko testu horixe izan du artikuluak 2009az geroztik; halaxe ageri da artikuluaren historian. Beraz, egileek nekez irakurriko dute zure iruzkina. Agian (nahi bai!), geroztik beren idazmena gurea baino askoz goragoko mailetaraino landua dute; edo, beharbada (gertagarriago), artikulu hau aldatu denik ere ez dira ohartuko, geroztik berek ezertan aldatu ez dutenez.
Lan polita egin duzu artikuluan. Bisita gaitzazu maizago, zuzentzaile zorrotzen premia gorria du euskal wikipediak. --Xabier Armendaritz   2012-12-14, 14:27 (Eguzk.)

Xabier Armendaritzi:

Gaur ohartu naiz nire zuzenketak direla-kausa bidali zenidan mezuaz. Eskerrak eman nahi dizkizut eta, halaber, zenbait gauza argitu. Arrazoi duzu, bai, arrazoi osoa: batetik, nire testuaren doinua zakarra zen eta, bestetik, ez da gauza ziurra egilea jakinaren gainean geratu denik, 2009az geroztik testua halaxe zegoela ikusita (baina sinestezina da hiru urtean INORTXOK ERE ezer zuzendu ez izana!). Halaber, ongi egindakoak ere aipa nitzakeela idaztean oso-oso zuzen zaude: ez baitut nik wikirik sortu, soil-soilik kolaboratzaile frankorenak (edo gehiegirenak) euskara egokian eman, besterik ez; eta, azkenik, artikulutxo hori inork sortu ez balu, ez nukeela deusik ere esateko izanen.

Nolanahi ere, aitor dezadan ez zaidala buruan sartzen nola inor ausartzen den halako euskara kaxkarrean idaztera eta horrelakoak euskaldunontzako definiziotzat edo sarreratzat eskaintzera; era berean, ulertezina egiten zait nola oinarri-oinarrizko hamaika errakuntza behin eta berriz jartzen dizkiguten, gomagoxoa denifintzean, San Patrizio Eguna azaltzean, Birmaniako banderaren berri ematean eta beste hamaika kontutan. Eta ez naiz "haren" eta "bere" nahasteaz, "gizonak" eta "gizonek" ez bereizteaz, "*guzti hori" / "hori guztia", "*batetan" / "batean" edo "*gustoko" / "gustuko" idazteaz, baizik eta kontu askoz ere sakonagoez eta larriagoez. Esate baterako, nor eta nork kasuak dantzan ibiltzen dira maiz; mugagabea, itxuraz, galdu egin da, zaharkitua da, Maurizio uharteko dodoa da; "desberdinak" adjektibotzat ez, zenbatzaile zehaztugabetzat aurkezten zaigu aspertzeraino; "aipatu" aditza txitean-pitean dugu, gaztelaniazko "dicho", "dicha", "dichos" eta "dichas" partizipioen baliokidea balitz bezala; erlatibozko baldarrak arrunt-arruntak dira; puntuazio-ikurrak (komak, bereziki), nahi bezala darabiltzate askok, soberan nahiz faltan, faltan zein soberan; "ere" edonola eta edonon agertzen zaigu... Horrek guztiak sutan jartzen nau: "Atsedenik ez drogarik gabe" eslogan hura gogoan baduzu, gehiegitan estilo horixe dugu hemen eta, zer esanen dizut, Karlos Iturgaitzenaren gisako "euskara" topatzeaz lepo eginda nago. Helburua ez nuen, ez, inor sufriaraztea, askotxok mordoilo horrekin haserre-haserre naukatela agerian uztea baizik: inor lotsatu bainoago, hizkuntzari eta hiztunoi begirunea agertu behar zaigula aldarrikatu nahi nuen, baina oro har zakar geratu naizela iruditzen bazaizu, ez zabiltzala oker onartuko dizut, jakina. Ez dut ulertzen hizkuntzari buruzko utzikeria hura, eta urteak daramatzat ulertu nahian: jakin badakit euskara diglosikoa dela, eta zoritxarrez diglosiaren adibide aski ona dela ere bai, baina wikipediagileek, izatez, besterik agertu behar ligukete, eta ez, BERRIRO ERE, inguratzen gaituen mordoilokeria.

Izan ongi,

Edu

Wikipedian jardun dudan aldian ikusi ahal izan dudanez, informatikaren eta euskararen zaletasuna dutenak erakarri ditu euskarazko entziklopedia honek orain arte. Euskararen erabiltzaile onenen artetik gutxi dira hona etorri direnak. Horren ondorioz, euskal wikipediak oraintxe dituen 150.000 artikuluetatik, esango nuke erdiak hizkuntzaren aldetik ontzat ematekoak direla (akats txikiren batzuk gorabehera), laurdenak nabarmen hobetu beharrekoak, eta beste laurdenak goitik behera zuzendu beharrekoak.
Proportzio hori duela hiru urte baino askoz hobea da (orduan, euskal wikipediak zituen 50.000 artikuluetatik erdiak izango ziren goitik behera zuzendu beharrekoak, eta laurdenak-edo ontzat ematekoak), eta esango nuke hobetzeko joera garbia duela orain ere, tirriki-tarraka askoren artean egiten ari garen lan isilari esker.
Oraindik lan handia dago egiteko, azalez eta mamiz entziklopedia on-ona izan dadin, baina pixkanaka ari gara hurbiltzen. Eskerrik asko, dagokizun parteagatik. --Xabier Armendaritz   2013-03-20, 07:54 (UTC)
"Gomagoxo" orrira bueltatu.