Ireki menu nagusia

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia eskubide zibil eta politikoen babeserako eta bere urraketen salaketarako gobernuz kanpoko erakunde bat da. Euskal Herri mailan giza eskubideen esparruan lan egiten duten beste erakunde batzuk bultzatua sortu zen ekimena da, hala nola TAT (Torturaren Aurkako Taldea), Etxerat (euskal espetxeratuen senitartekoen erakundea), Eskubideak (euskal abokatuen erakundea) eta Gurasoak (errepresio poliziala jasan duten gazteen gurasoen elkartea), nazioarte mailan haien lana bideratzeko helburuarekin. Bi norabideko lana, beraz, Euskal Herrian sortzen diren salaketak nazioartera bideratu eta nazioarte mailan jasotako gomendioak eta salaketak Euskal Herrian hedatzen lagundu.

Behatokiaren helburua Nazioarteko Erakunde, Gobernuz Kanpoko Erakunde eta giza eskubideen arloan aritzen diren talde aditu eta espezializatuekin interlokuzio zentro bat eratzea izango da, eskubide zibil eta politikoen bortxaketa ezagutzera emateko modu orokor eta berezituan. Bestalde, Behatokiak nazioarteko instantzia eta auzitegien aurrean egingo du lan, oinarrizko eskubideen urraketa baten zantzuari erantzunez, eta Espainiako eta Frantziako instantziek horiek bermatu ez dituztenean.

Hau guztiarekin batera, oinarrizko eskubideen urraketa ematean horren inguruko informazioa kaleratzea eta ezagutaraztea izango da Behatokiaren lana; horrela, giza eskubideen babes, sustapen eta bermatzearen alde erabilgarria da bere helburu gorena.