Eureka interjekzio bat da, aurkikuntza edo asmakuntza bat ospatzeko erabilia. «Aurkitu dut» esan nahi du, eta greziera klasikotik dator: εὕρηκα, heúrēka. Arkimedesi egozten zaion istorio bati lotuta dago, baina istorio apokrifoa izango da, ziur aski.

XVI. mendeko irudia. Arkimedes bainua hartzen. Heroiaren koroa, eskuinean, lehen planoan.

Posible da ustez urrezkoa den koroa batek urre garbiak baino dentsitate txikiagoa duen ala ez zehaztea? Arkimedesek, galdera horri erantzuteko bidean, orain bere izena duen printzipioa asmatu zuen.

Arkimedesi eskatu zioten koroa bat aztertzeko. Kontua zen jakitea ea urre hutsez egina zen ala zilarra nahasita zuen. Arkimedesek arazoa ebatzi behar zuen koroa kaltetu gabe; beraz, ezin zuen urtu eta gorputz erregular bihurtu, haren dentsitatea kalkulatzeko (masa/bolumen erlazioa kalkulatzeko). Bainu bat hartzen zuen bitartean, ur-maila bainuontzian igotzen zela nabaritu zuenean, konturatu zen efektu hori erabil zitekeela koroaren bolumena zehazteko. Ura ezin da konprimitu: koroa murgiltzean, bere bolumena bezainbesteko ur kantitatea mugituko litzateke. Koroaren pisua zati mugitutako ur bolumena eragiketa eginez, koroaren dentsitatea lortuko litzateke. Dentsitate txikiagoko beste metal batzuk gehitu balitzaizkio, koroaren dentsitatea urrearen dentsitatea baino txikiagoa izango litzateke.

Esaten da Arkimedes, aurkikuntzaz konturatu zenean, bainuontzitik altxatu eta kalera biluzik irten zela, «Eureka! Eureka!» oihukatuz, hau da, «Aurkitu dutǃ Aurkitu dutǃ».

Hala ere, urrezko koroaren istorioa ez da ageri Arkimedesen lan ezagunetan. Gainera, kontuaren inguruan zalantza handia sortzen da, muturreko doitasun-maila eskatuko lukeelako mugitutako ur bolumena neurtzeak. Istorioak deskribatzen duen metodoa Arkimedesen garaian egingarria izan zedin, neurtzeko tresnek garai hartan zeudenak baino zehatzagoak izan beharko zuketen.

Kanpo estekak aldatu