Eskala-errendimendu

Eskala ekonomia» orritik birbideratua)

Ekonomian, eskala-errendimenduek ekoizpen-faktore guztiak proportzio berdin batean gehitzean, ekoizpena proportzio berean igotzen den adierazten dute. Batera igotako ekoizpen-faktoreen proportzio berean igotzen bada ekoizpena, eskala-errendimendu konstanteak daude; adibidez, ekoizpen-faktore guztiak bikoiztean, ekoizpena ere bikoizten bada.

Ekoizpena ekoizpen-faktoreen igoera baino gehiago igotzen bada, eskala-errendimendu gorakorrak daudela edo eskala-ekonomiak gertatzen direla esaten da.

Eskala-errendimendu beherakorrak edo eskala-desekonomiak daudela esaten da ekoizpena ekoizpen-faktoreak baino proportzio txikiagoan igotzen direnean. Nabarmendu behar da eskala-errendimenduak aztertzean ekoizpen-faktore guzti guztiak igotzen direla batera. Faktore mota bat konstante mantendu (gehienetan, kapital finkoa) eta bestea aldatzen denean, ekoizpenaren bilakaerak errendimendu beherakorren legeari jarraiki izaten da, zeinaren arabera ekoizpenaren gehikuntzak edo produktibitatea gero eta txikiagoa izango den.

Ekoizpen-prozesu batean eskala-ekonomiak sortzeko zenbait arrazoi daude, makinak eta bestelako kapital finkoaren erabilera-maila hobezinera heldu ez izana. Adibidez, 100 lanordu sartuta zelai batean, traktore-erdia dugula (traktorea beraz ezin da erabili), ekoizpena 200 unitatekoa bada; faktoreak bikoiztuz, traktore oso batekin eta 200 lanordu sartuta, seguru asko 200×2=400 baino askoz gehiago ekoiztuko da. Ostera, eskala-desekonomiak sortzeko arrazoietako bat, ekoizpena maila bat gainditzean, ekoizpen prozesua kudeatzeko beharrezko administrazio eta antolakuntzaren zailtasuna izaten da.

Eskala-ekonomiak daudenean, batez besteko kostua murriztu egiten da, kostu marjinala batez besteko kostua baino txikiagoa da eta kostu totala gero eta erritmo txikiagoan gehitzen da, unitateak ekoiztu ahala. Ekoizpen-funtzio batean hiru zati bereizi ohi da: lehenengo zati batean, eskura dauden ekoizpen-faktoreen erabilera eskasa erabiltzen denean, eskala-ekonomiak edo eskala-errendimendu gorakorrak daude; bigarren zati batean, errendimenduak konstanteak dira eta hirugarren zati batean, ekoizpen-faktoreen erabilera erabatekoa denean, eskala-desekonomiak edo eskala-errendimendu beherakorrak daudela esaten da.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu