Enpresa arloan, ekoizpen-prozesua lehengaiak edota produktu erdilanduak ekoizpen-faktoreak erabiliz, produktuak eta zerbitzuak eskaini ahal izateko egindako eragiketen edo faseen multzoa da.[1] Modu antolatu eta planifikatu batean eraldatuko dira lehengaiak edota produktu erdilanduak, lortutako produktu zein zerbitzuetan balio erantsia sortuz edo handituz. Eskariaren eta kontsumitzaileen nahien asebetetzea da prozesu hauen helburu nagusia, produkzio-kosteen kantitatea ahal den neurrian minimizatuz.[2][3]

Petrolioaren ekoizpen-prozesuaren diagrama, lehengaiaren lorpenetik erregaia erabilgarri eta beharrezkoa den tokian egon arte

Informazioari eta teknologiari esker ekoizpen-prozesuetan beharrezkoak diren baliabideak modu eraginkorragoan erabil daitezke, produktu edo zerbitzuen kalitatea hobetuz eta produktibitatea handituz, honen ondorioz prezio merkeagoa eskuratzen da. Lortu nahi den produktuaren zein honen kantitatearen arabera, ekoizpen-prozesu eta antolakuntza mota komenigarria zein den erabakiko da. Ekoizpen-prozesuak diseinatu, garatu eta kudeatzen dituen ingeniaritzaren arloari prozesu-ingeniaritza deritzo.[4][5]

Historia

aldatu

Harri Aroko azkenengo aroan, Neolitoan, ekoizpen-sistemak abeltzain eta laborantza-jardueretan oinarrituta zeuden bereziki eta familien beharrizanen asebetetzea soilik zuten helburu. Ez zen merkatu-ekonomiarik existitzen eta produktuen prezioa trukearen bidez ezartzen zen.

Erdi aroan kontratistek eta artisauek erabilitako lan egiteko era garrantzi handikoa izan da ekoizpen-prozesuen garapenerako. Hauek familiarentzat eta auzokide batzuentzat soilik egiten zuten lan eta ekoizpen-prozesuan lanaren zatiketa ez zen egiten, beraz, artisauek produktua hasieratik bukaerararte egiten zuten. XVI. eta XVII. mendeetan aldiz, artisauak desiratutako produktuak eskatzen zieten kontratistentzat egiten zuten lan. Kontratistek produktu gehiago saldu nahi zutenez artisauen produkzioa areagotu beharra zuten eta lanaren banaketa egiten hasi zen, artisau bakoitzaren trebetasunen arabera.

Enpresari hauek lehenengoak izan ziren lanaren zatiketak produkzioa bizkortu, kostuak murriztu eta produktu zein zerbitzuaren kalitatea hobetzen zutela ohartzen.

XVIII.mendean lurrun makinaren sorkuntzarekin batera ekoizpen masiboak fabrikatzeko prozesuak bizkortu ziren. Kontsumidoreak(eskaria) eta produktoreak(eskaintza) argi bereizita dituen merkatua sortu zen.

XIX.mendearen bukaeran eta XX.mende hasieran ekoizpen-prozesuen produktibitatea eta efizientziaren areagotzea bilatzearen ondorioz, langileak fabriketan jarraitu beharreko aginduak oso zorrotzak ziren. Taylorismoa eta Fordismoa izan ziren aldaketa nabermenenak eragin zuten teoriak. Kate-produkzioaren oinarri dira hain zuzen ere.

Bigarren industria iraultzaren ondorioz garraio eta komunikabideen aurrerapen handia eman zen, globalizazioari sarrera emanez. Garapen teknologikoa eta nazioarteko hitzarmenak izan dira globalizazioa eta automatizazioa ezartzen ahalbidetu duten ekintzak. Globalizazioarekin batera lehiakortasuna ugaritu da eta hori dela eta enpresak produktiboak izateaz gain, lehiakorrak izan behar dira.[6]

Etapak

aldatu

Ekoizpen-prozesu orotan hiru fase edo etapa nagusi bereiz daitezke. Hauetariko bakoitzak era erabakigarri batean esku hartzen du helburu finalaren lorpenean, hau da, kontsumitzaileen nahien eta eskariaren asebetetzean.[7][8][9]

Bilketa-etapa edo etapa-analitikoa

aldatu

Produkzioaren lehenengo etapa da, bertan lehengaiak edo produktu erdilanduak batzen dira geroago fabrikazioan erabiliak izango direnak. Enpresa baten helburu nagusia ekoizpen-prozesuaren fase honetan lehengaien edo produktu erdilanduen bilketa prezio txikienean lortzea da. Etapa honetan produkzio-zuzendariak produkzioaren helburua zein den adieraziko du, lehengaien zein beste edozein materialen bilketa egiterakoan helburua kontuan izatea ezinbestekoa izango baita produkzioa egokia izan dadin. Ekoizpenaren fase honetan garraio-kostuak eta biltegi-kostuak kontuan izan behar dira ere.

 
Erregai nuklearren produkzio-etapa, lehengaiak erregai erabilgarri bihurtu

Produkzio-etapa edo sintesi-etapa

aldatu

Fase honetan bilketa etapan lortutako lehengai eta produktu erdilanduak enpresak ekoizten dituen produktu errealetan eraldatzen dira. Etapa honetan funtsezkoa da kalitate baldintzei buruz erreparatzea eta hauen betetzea kontrolatzea. Fase hau espero den moduan gauzatu ahal izateko, inguruaren behatzea beharrezkoa da. Horrela, aldaketei buruz aurretiaz konturatu eta behar izatekotan beste plan ezberdin batzuk erabil daitezke enpresak dituen helburuak lortzeko. Inguruaren behapena produkzioan sortutako zenbait arazo ekiditzeko baliagarria da ere.

Produktuak ekoizteko moduaren arabera lau lan egiteko era nagusi bereiz daitezke:

Ekoizpena eskaerapean

aldatu

Ekoizpenaren modalitate honetan produktu edo zerbitzu bakarra ekoizten da soilik eta guztiak dira desberdinak. Hori dela eta, eskulan intentsiboko prozesua kontsideratzen da. Produktuak eskuz eginak izan daitezke edota eskuz eta zenbait makinen interakzioen arteko emaitza.

Loteen bidezko ekoizpena

aldatu

Berdinak diren produktuen kantitate txiki bat ekoizten da aurretiaz kalkulatutako beharrezkoa den maiztasunarekin. Eskulan produkzio intentsiboa kontsidera daiteke, baina askotan ez da horrela izaten, normalean prozesua gauzatzen laguntzen duten patroiak eta txantiloiak erabiltzen baitira. Behar izatekotan makinak errez alda daitezke produktu desberdin bateko lote bat ekoizteko .

Masa-ekoizpena

aldatu

Produktu berdinen kantitate handien manufakturari deritzo eta fabrikazio-katean ekoiztea da ohikoena. Produkzio-prozesu honetan, sarritan, piezen muntaketa egiten da eta eginkizunaren bakoitzaren zati handi bat automatizatuta dago, beraz, langile kopuru txikiago bat behar da eta produktu akastun gutxiago ekoizten dira.

Ekoizpen jarraitua

aldatu

Berdinak diren produktuen kantitate izugarri handiak ekoiztea ahalbidetzen du. Kate-ekoizpena izaten da beti. Automatizazio gradu altuko prozesuak izaten dira eta horrenbestez langile gutxi batzuk besterik ez dira beharrezkoak. Masa-ekoizpenean ez bezala, fabrikazio katea egunero 24 ordu dabil lanean eta 7 egun astero. Era honetan prozesua gelditu eta martxan jartzeko kostu gehigarriak saihesten dira eta errendimendua maximizatzen da.

Prozesaketa-etapa edo egokitzapen-etapa

aldatu

Fase hau produktu edo zerbitzuen merkaturatzearekin dago estu lotuta. Bezeroen beharrizanei egokitzapena edota produktuaren moldaketa helburu berri batera bideratzea dira ekoizpen-fase honen jomugak. Garraioa, biltegiratzea eta eskariari lotutako elementu ukiezinak dira kontsideratu beharreko hiru aldagai printzipalak etapa honetan. Behin produktua/zerbitzua entregatua izan, entregatutakoa eskatutako helburuak eta kalitate baldintzak betetzen dituen edo ez jakiteko, kontrol-atazak gauzatzen dira.

Prozesu motak

aldatu

Ekoizpen-prozesuan zehar egiten den eraldapenaren arabera sailka daitezke prozesuak:

Prozesu teknikoak: Mota hauetako prozesuetan produktu zein zerbitzuen eraldapen intrintsekoa izaten da.

Modu-prozesuak: Ekoizpen-faktoreen edota produktu erdilanduen eraldapen fisikoa ematen diren prozesuei deritze.

Toki-prozesuak edo leku-prozesuak: Lehengai eta produktu erdilanduen zein bukaerako produktu eta zerbitzuen garraioa helburutzat duten prozesuak dira.

Denbora-prozesuak: Objektuak luzaroan kontserbatzea helburu duten prozesuei deritze.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Procesos productivos industriales. 2019-09-04 (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  2. (Gaztelaniaz) Sistema de producción. 2019-11-22 (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  3. (Gaztelaniaz) Proceso de producción: qué es y cómo se desarrolla | EAE. (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  4. (Gaztelaniaz) Proceso de fabricación. 2019-10-29 (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  5. Produkzio-sistema. 2019-03-19 (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
  6. (Gaztelaniaz) Monografias.com, octavio BRAVO. «Evolución de los Procesos Productivos - Monografias.com» www.monografias.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  7. Nuño, Patricia. (2017-11-15). «Proceso productivo de una empresa | Etapas del proceso productivo» Emprende Pyme (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  8. «Proceso productivo | Aula Empresarial - Mass» aula.mass.pe (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  9. «Proceso de Producción: Concepto, Tipos y Etapas» concepto.de (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).

Ikus gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu