Errobi (albuma)
Errobi albuma Errobi musika talde euskaldunak Daniel Landarten hitzekin 1975an argitaratutako diskoa da, Rock musikazko lehen diskoa izan zen euskaraz.[1]
Errobi (albuma) | |
---|---|
Errobiren albuma | |
Egilea(k) | Errobi |
Argitaratze-data | 1975 |
Izenburua | Errobi |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | rock |
Hizkuntza | euskara |
Diskoetxea | Elkar |
Hitzak | Daniel Landart |
Bestelako lanak | |
Musikagilea | Errobi |
Euskarazko lehen rock diskoa grabatu izanaren ohorea du Errobi taldeak. 1975. urtea zen, eta Hego Euskal Herrian zalaparta politiko eta soziala nabaria zen arren, Ipar Euskal Herrian dena zen lasaitasuna eta herriko giroa. Urte hartan, 45 kontzertu eman zituen. Bacchanales taldearen inguruan ibilitako lagunek Donibane Lohizunen (Lapurdi) eraikitako estudioan grabatu zen Errobi (Elkar, 1975), eta Jean Phocasek soinu teknikari gisa egindako lehen lanetako bat izan zen. Phocas bera Errobiko baxu jotzailea izan zen garai hartan, eta Robert Suhas lagundu zien teklatuetan.
Ipar Euskal Herrian baino harrera beroagoa jaso zuen Errobik Hegoaldean, non "Perttoli", "Aitarik ez dut", "Kanpo..." edota "Zuretzat" ezinbesteko bilakatu ziren garaiko dantzaldietan. Kantaldi politikoen garaia zen, mezua musikari nagusitzen zitzaionekoa, eta Errobik haize freskoa ekarri zion gazte jendeari. Hitzak kutsu politiko handikoak izan arren, Errobiren agerraldiak kontzertuak ziren, ez mitin politikoak. Errobik euskal kantagintzari zekarkion berrikuntza nagusia ahots harmonien erabileran eta moldaketak lantzeko joeran zetzan, eta haiek euskal tradiziotik gertu zeuden melodiekin josteko trebetasunean. Halaber, folk-rock soinu aratza, garbia lortzen zuen taldeak.
Abestiak
aldatuAbesti guztien hitzak Daniel Landartek idatzi zituen. Hauek dira albumeko hamar kantak.
- Kanpo... (Musika: Mixel Ducau)
- Gure zortea (Musika: Anje Duhalde)
- Perttoli (Musika: Anje Duhalde)
- Nora goaz? (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau)
- Zuretzat (Musika: Mixel Ducau)
- Andere haundi (Musika: Mixel Ducau)
- Euzkadi (Musika: Mixel Ducau) Oldarra abesbatzak lagundu zien ahotsekin
- Euskadi (Musika: Mixel Ducau / Moldaketa: Iñaki Urtizberea)
- Aitarik ez dut (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau)
- Hi (Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau)
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Errobi (albuma)» artikulutik hartua da. Artikulu hark Xabier Doncel du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
Kanpo estekak
aldatu- «Errobi (albuma)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-06-21).