E pur si muove

Galileo Galileiri egotzitako esapidea, bere zientzia ikuspegiari uko egitera behartu zutela eta
Eppur si muove» orritik birbideratua)

E pur si muove edo Eppur si muove italierazko esaldi bat da, Galileo Galilei matematikari, fisikari eta filosofoari (1564–1642) egotzia. Euskaraz, «Ibili badabil, ordea» du ordain.

Erretratua, Bartolomé Esteban Murillori edo haren ikasleren bati egotzia. Galileo Galilei ageri da, espetxeko ziegako hormari begira, bertan hitzok idatzita dituela: «E pur si muove» (irudi honetan irakurtezina).

1633an esan izango zuen Galileok, Lurra Eguzkiaren inguruan biraka zebilelako bere aldarrikapenari uko egin behar izan zionean, Inkisizioak hartara behartuta, are kontrakoa onartzean. Lurraren mugimenduaz esan izango zuen «Ibili badabil, ordea», sakonean bere ustea mantentzen zuen erakusgarri.

Esana, izana edo sortua?

aldatu

Zalantzak dirau Galileok inoiz esaldi hori benetan esan ote zuen.

1616rako Galileo itzal handiko gizona zen Erroman. Ikuspuntu kopernikarraren defendatzaile izanik, haren lagun Roberto Belarmino kardinalak teoria heliozentrikoa zabaltzeko debekua ezarri zion; Florentziara erretiratu eta elizarekin harreman ona mantendu zuen. Aldiz, Urbano VIII aita-santu zela, harekin gaiarekiko hainbat audientzia izan ostean, "Sistema maximoei buruzko elkarrizketa" idatzi zuen Galileok eta zentsurari aurkeztu. Bertan, bi sistema astronomikoak kontrajartzen zituen eta, beti hipotesi gisa, teoria heliozentrikoa planteatzen zuen, idatzi biblikoekin modu bateragarri batean. Akatsez edo asmo txarrez, Galileok ofizial eta osotzat jo zuen bere lanaren berrikuspen bat, Elizaren esanetan behin-behinekoa eta ez-osoa zena; eta 1632an, Florentzian, argitara eman zuen bere lana.

Elizak 1616ko debekuaren hausturatzat jo zuen hura eta Galileo epaitu egin zuen, ia 70 urte zituelarik. Epaiketa gehiago omen zen desobedientzia kontu bategatik, baina bere teoriari uko egitera behartu zuen Inkisizioaren tribunalak. Sententzia, Santa Maria sopra Minerva elizan eman zen 1633ko ekainak 22an, eta etxeko espetxeratzea ezarri zion jakintsuari, Arcetriko bere etxean bete zuena (inongo espetxe edo ziegan egon gabe).

Esaldia esan izan edo ez, teoria kopernikarra nahikoa ezarria zegoen ordurako eta, Galileoren ingurutik, ahozko tradiziora bidea egin zuen epaiketaren osteko urteetan; baita Galileo irudikatzen zuen 1640 inguruko margolan batera ere.

Stephen Hawkingen arabera, historiagile zenbaiten ustez, gertaera hau Galileo etxeko atxiloketan egon eta Florentzia gaineko mendixketako beste etxe batera zeramatela esan izango zuen, Ascanio II Piccolomini artzapezpikuaren zaintzapean zela [1] Beste etxe hori ere berea izango zuen, Arcetrin kokatua, Villa Il Gioiello.

Galileoren lehen biografian, ordea, esaldi hori ez da aipatzen, 1655-166an bere ikasle Vincenzo Vivianik idatzitakoan. Bere epaiketari buruzko idazkietan ere ez dago jasoa. Hainbat idazleren ustez, arriskutsua litzateke horrelako aipamen bat egin izana Erromako Inkisizioaren aurrean [2][3][4]

Giuseppe Baretti idazle eta bidaiari ilustratuaren esanetan, Galileok bere aldarrikapenari publikoki uko egin ostean esan izango zuen «Eppur si muove» esaldia («Ibili badabil, ordea»).

Stillman Draken[5] aburuz, ordea, ez da sinesgarria libre ez zen une batean Galileok horrelakorik esan izana, erronka handia zatekeelako Inkisizioko Kardinalen Tribunalaren aurrean horrelakorik esatea, bere ukoa urardotuz.

Eppur si muove esaldia duen margolana 1640 ingurukoa da, Espainiako Bartolomé Esteban Murilloren (edo bere eskolako artistaren batena jotzen den) artelanean. Margolanak Galileo preso irudikatzen du, bere ziegako horman idatzitako esaldi horri begira.

«E pur si muove» hitzak dituen koadro horren berri 1911n izan zen, Jules van Belle Beljikako arte bildumagileak Espainiako margolana erosi zuenean. Margolan hau Galileo hil eta urte bat edo bira amaituko zen, 1643 edo 1645ean, azken zenbakia ez baita argi ikusten. Margolana bera ez da historikoki zuzena, Galileo ziega batean irudikatzen baitu, baina adierazten du Galileo hil eta gutxira bazebilela «Eppur si muove» esamoldeari buruzko aipamenik haren inguruan, Pisako jakintsua ezagutu zutenetako asko oraindik bizi zirelarik. Mende betez ahoz-aho iraungo zuen esaldiaren zurrumurru edo usteak, idatziz argitaratua izan baino lehen.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu