Bariozko izarrak G eta K espektro motako izar erraldoiak dira. Izar hauen espektroek neutroi harrapaketako s prozesuaren bidez sortutako elementu gehiegi eta 455,4 nanometroko uhin luzeran Ba+ eta Ba2+ ionizatutako barioaren presentzia erakusten dute. Bariozko izarrek karbonoaren espektro ezaugarriak areagotuta ere aurkezten dituzte, CH, CN eta CN2 molekulen espektro lerroak. Mota honetako izarrak William Bidelmanek eta Philip Keenanek ezagutu eta antolatu zituzten.

Mota honetako izarren abiadura erradialen azterketak, barioko izar guztiak izar bitarrak direla pentsarazten du. International Ultraviolet Explorerrarekin ultramorean eginiko behaketek nano zuriak detektatu dituzte bariozko izar batzuen lagun bezala.

Bariozko izarrak sistema bitar batean masa transferentzia baten ondorio direla pentsatzen da. Transferentzia hori egungo izar erraldoia oraindik sekuentzia nagusiko izar bat zenean gertatu zen. Bere laguna, masa eman ziona, adar asintotiko erraldoiko karbonozko izar bat zen, bere barnean karbonoa eta s prozesuko elementuak sortu zituena. Produktu hauek, fusio nuklearraren ondorio, konbekzio bidez erraldoiaren azalera eramanak izan ziren. Material honen zati batek sekuentzia nagusiko izarraren azala kutsatu zuen masa eman zuenak bere eboluzioaren amaieran masa galdu zuenean, ondoren nano zuri bihurtuz. Orain, sistema transferentzia masa gertatu ondorengo zehaztu gabeko denbora baten ondoren ikusten dugu, masa eman zuen izarra detektatzeko zaila den nano zuri bihurtu denean eta kutsatutako izarrak, era berean, erraldoi gorri bihurtu arte eboluzionatu duenean.

Bere eboluzioan zehar bariozko izar bat G eta K arteko espektro motetako izarrentzako ezarritako muga baino handi eta hotzagoa izan daiteke. Kasu honetan, izarra M espektro motakoa den arren, s prozesuko elementu gehiegi izateak, konposaketa aldatu bat izatea eragin dezake espektro berezitasun bezala. Izarraren azaleko tenperatura M espektro motakoa den bitartean, izarrak zirkonio oxidozko (ZrO) xurgaketa lerroak erakus ditzake, s prozesuan sortutako elementuetako bat. Hau gertatzen denean, izarra S motako izar bezala sailkatzen da.

Era berean, CH izarrak antzeko orbita parametru, espektro berezitasun eta eboluzio egoeran dauden II populazioko izarrak dira. Uste denez, bariozko izarren antzekoak izan daitezke baina zaharragoak eta metaletan urriagoak.

Historikoki, bariozko izarrek enigma bat planteatzen zuten; izar eboluzioaren teoria estandarraren barnean, G eta K motako erraldoiek ez dute euren azaletan detektatutako karbonoa eta s prozesuko beste elementu batzuk sintetizatzeko haina masa. Izar hauek izar bitarrak direla aurkitu izanak arazoa konpontzen du, espektro berezitasunen jatorria aipaturiko elementuak sortzeko haina masa duen izar lagun batetan jartzen duen heinean. Uste denez, masa transferentziaren gertaera oso laburra da izar bitarraren bizitza denboraren eskalan. Hipotesi honek sekuentzia nagusiko bariozko izarren existentzia aurresaten du, eta ezaugarri hauek dituen izar bat behintzat ezagutzen da: HR 107.

Ereduzko bariozko izarrak ζ Capricorni, HR 774 eta HR 4474 dira. Beste bariozko izar ezagunago batzuk Alfard (α Hydrae), Gacrux (γ Crucis) eta Atria (α Triangulis Australis) dira.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu