Balkoietako polizia[1][2] edonolako arrazoiengatik toki jakin bateko biztanleria osoari etxeratzeko agindua ematen zaionean sortzen den fenomenoa da. Balkoietako polizia biztanle arrunt bat da, kalera ateratzea debekatuta dagoenean bere bizilagunak zelatatzen edo kontrolatzen egoten dena, agintariek emandako agindua betetzen duten edo ez jakiteko.[3] Jarrera horrek mesfidantza, etsaitasuna eta muturreko kasuetan, bortizkeria sor dezake bizilagunen artean, horien arteko ohiko adiskidetasunari amaiera emateraino.[4][5] Balkoietako polizia beti subjektiboa da, kasu bakoitzaren xehetasunak jakin aurretik epaitu egiten baitu.[4]

Balkoietako polizia gizartea kontrolatzeko modu bat izan daiteke agintarientzat, izan ere, norbanako horiek salatari bihur daitezke euren ezinegon, berekoikeria, beldurra edo amorruak bultzatuta (sentimendu horiek askatasunaren mugaketak eragin ohi ditu).[4][3] Balkoietako polizia izenak 2020ko konfinamenduan du jatorria, zeinetan Estatu bietako gobernuek Euskal Herriko biztanle guztiak etxean itxita egotera behartu zituzten bi hilabetez, COVID-19 pandemiak eraginda. Garai hartan, lurrak ez zituzten biztanleek balkoira ateratzea zuten bide bakarra kanpoaldearekin harremana izateko; eta zenbaitek hortik jardun zuten, poliziak bailiran.[3]

2020ko konfinamendua aldatu

Sakontzeko, irakurri: «2020ko konfinamendua Euskal Herrian»

2020ko konfinamenduaren garaian Balkoietako polizien fenomenoak indarra hartu zuen. Ez ziren gutxi izan bizilagunak zelatatzen ibili ziren biztanleak, zenbaitek salatari gisa ere jardun zuten, baina muturreko kasuak ere egon ziren. Horren adibide da Arantzazu Lopez Bilboko Udalaren etxez etxeko zerbitzuen kideak jaso zituen irain eta garrasiak, kalean lanean zebilela.[6] Langile horri petardo bat ere jaurti zioten.[6]

Bestalde, konfinamendu garaian autismoa bezalako eritasunak zituztenek kalera ateratzeko eskubidea izan zuten, behar bereziak zituztelako, baina gaixo haiek kalean bortizkeria eta bidegabekeria ugariren biktimak izan ziren. Andrea Rocha Irungo gizarte hezitzailearen kasua da horietako bat, kalean zebilela, bere ardurapean zegoen gazte autista bat iraindu egin zuen bizilagun batek eta horrek gaixoari krisia eragin zion; balkoietan, bizilagunek lagundu egin beharrean, bideo bat grabatu eta sare sozialetara igo zuten.[4]

Balkoietako polizien fenomenoak kalera ateratzeko beldurra sortu zuen biztanleengan, kasu batzuetan, beldurrarengatik biztanle batzuek ez zituzten baimendutako ekintzak egin (haur bat pediatrarenera eraman, txakurra paseatu, etab.).[5][7]

Erreferentziak aldatu

  1. Balkoietako poliziak agertu dira. (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  2. «Balkoietako poliziak -» Hiruka.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  3. a b c Lizaso, Eider Goenaga. «Balkoietako poliziak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  4. a b c d «Autismodun gazte baten zaintzailea: Hitzez eraso gaituzte askotan, egunero» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  5. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-05). «Irune Pinatxo: Badago jendea bizilagunen beldurrez txakurrik ateratzen ez duena» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  6. a b Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-05). «Arantzazu Lopezi petardo bat bota zioten balkoietako poliziek lanerako bidean» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).
  7. Telebista, Euskal Irrati. (2020-05-05). «Balkoiko salatariak beti sartzen dira txikiekin; lantegiak ez dituzten kritikatzen» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-08-15).