Asunción García Asarta

euskal herriko artista

Asunción García Asarta (Gastiain, Nafarroa, 1905eko ekainaren 30a - Bilbo, Bizkaia, 1986ko uztailaren 6a)[1] bilbotar artista izan zen.

Asunción García Asarta
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakAsunción García Aranzamendi
JaiotzaGastiain1905eko ekainaren 30a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaBilbo1986ko uztailaren 6a (81 urte)
Familia
AitaInocencio Gartzia Asarta
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakmargolaria

Biografia eta obra aldatu

García Asartaren benetako izena Asunción García Arantzamendi zen. Aita Inocencio García Asarta pintore nafar ezaguna zuenez, haren bi abizenak hartzea erabaki zuen, garai hartako Bilbon tokia egiteko.

Oso gazterik hasi zen marrazten, eta lehendabiziko erakusketa 15 urterekin egin zuen; izan ere, Viuda de Salces pentsioa irabazi zuen, eta 1920an erakusketa bat atondu zuen Euskal Artisten Elkarteak Bilboko Kale Nagusian zeukan aretoan. Orduko hartan, kritikari batzuek emakumezkoek egindako arteari buruzko topikoak errepikatu zituzten: emakumeen irudiak zirela, emakume batek eginak izateko ez zeudela gaizki, eta antzekoak. J. Luno gaitzizenez izenpetzen zuen Arte Vasco aldizkariko Estanislao Maria Agirre kazetari eta arte-kritikariak arranguraz idatzi zuen kritika haien aurrean; bere ustez, margolanak edozeinek egindakoak izanda ere, miresgarriak ziren eta emozioz beteak zeuden. García Asartak marrazki librea baina zehatza egiten zuen, eta konposizio-estilo nabarmena zeukan, baita kolorearen kontzeptu dotorea ere; haurren gaiak interesatzen zitzaizkion, eta haurren lehen planoko erretratuak egiten zituen. Agirreren esanetan, 1920ko erakusketan García Asartak pinturatik gertuen zeudenak harritu zituen: profesionalak.

1926an Bilbon egin zen Euskal Artisten Lehenengo Erakusketan ere parte hartu zuen, obra bakarrarekin: Brussi doktorearen erretratua. Orduko hartan ez zen izan erakusketako emakume bakarra, katalogoaren arabera beste batzuk ere baziren-eta: Dolores Padilla, Maria Luisa Reyes eta Mari Vallejo.

Ismael Manterola Ispizuak dioenez[2], "Asunción García Asarta ezaguna izan zen beste artista gazte batzuekin batera, baina hurrengo urteetako historiografiak kanpoan utzi du, ez bere lanak interesik ez duelako, baizik eta bere ibilbidea moztu egin zelako eta, seguru asko, bere lanetan irudikatzen zituen gaiak eta balioak gizonezkoen interesekoak ez zirelako".

García Asartaren obretatik, bakarra dago ikusgai museo publiko batean: Nire eskolako aretoa (1920). Paper gaineko pastel bat da, eta neskentzako mojen ikastetxe bateko joskintza-gela erakusten du. Garai hartan, paper gaineko pastela arte nagusitzat hartzen ziren gai eta tekniketatik urrun zegoen; halere, 1922an Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarra zela-eta Gernikan egindako erakusketan erakutsi ondoren, Bilboko Arte Ederren Museoak erosi zuen, eta orain museo horretan ikus daiteke.

Erakusketak aldatu

  • 1920, Euskal Artisten Elkartearen aretoan, Bilbo
  • 1926, Euskal Artisten Lehenengo Erakusketa, Gernika
  • Gaur egun: Nire eskolako aretoa lana, Bilboko Arte Ederren Museoa

Obra ezaguna aldatu

  • Nire eskolako aretoa (1920), Bilboko Arte Ederren Museoa
  • Brussi doktorearen erretratua

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu