Arro kanpoko sedimentu

Arro kanpoko sedimentuak jatorri eskualdean sortu eta garraio bidez arro sedimentariora iritsi diren sedimentu mota dira. Sedimentuen %80-a osatzen dute, eta bi mota nagusi daude: terrigenoak (siliziklastikoak) eta piroklastikoak (bolkaniklastikoak).

Terrigenoak edo siliziklastikoak aldatu

Jatorria eta konposizioa aldatu

Arroka zatiz osatuta daude, meteorizazio kimiko zein fisikoz sortuak.

  • Meteorizazio fisikoz sortutako partikulak zuzenean arrokatik askatuak izan dira, adb. krioklastismo bidez, eta ez dute aldaketa kimikorik izan. Horregatik deitzen dira partikula jarauntsiak, gizakien oinordekotza legeei erreferentzia eginez. Partikula hauek harriak direnez, sedimentu konplexuak dira, mineral ezberdinez osatuak daudelako. Partikula hauei litoklastoak deritze. Badaude, bestalde, meteorizazio fisikoz sortutako eta mineral bakarrez osatutako sedimentuak ere: kuartzoak eta feldespatoak. Jarauntsitako sedimentu hauek ikertuz jatorri eskualdearen konposaketa berreraiki dezakegu.
  • Meteorizazio kimikoak gehiago higatzen du fisikoak baino. Prozesu honen bidez sedimentuen konposaketa eta itxura aldatu egiten da. Esaten da eraberritutako partikulak direla, eta jatorri-eskualdean nolako klima zegoen irudikatu dezakegu sedimentuek jasandako eraldaketa kimikoa ikertuz.

Heldutasun mineralogikoa aldatu

Arroka baten konposizioa identifikatuz (kuartzoa, feldespatoa edo litoklastoa), bere adina jakin dezakegu.

Partikula bigunenak lehenago desegiten dira garraioan zehar, beraz, garraia luzea izan bada partikulak denbora asko igaroko zuten bidaiatzen eta arro sedimentariora partikula gogorrenak baino ez ziren iritsiko, adb. kuartzo zatiak. Orokorrean, esan dezakegu arroka zaharrek ez dutela partikula bigunik eta gazteek aldiz, feldespato edota litoklasto asko dituztela.

Sinplifikazio hau, ordea, ez da erabat fidagarria: batzuetan, partikula gogorrez soilik osatutako inguruneak topa ditzakegu eta honek datazioa faltsutu lezake. Adb.: Kuartzoz soilik osatutako mendia meteorizatu egiten da, eta arro sedimentarioan kuartzoa baino ez dugu topatzen. Ikerlariak pentsa dezake arroka zaharra dela ez dagoelako feldespato edo litoklastorik, baina egiazki, kuartzoz soilik eratutako arroka gaztea dauka aurrean, ez baita inoiz egon ez feldespatorik ez eta litoklastorik ere.

Ehundura aldatu

Ehundura, sedimentuetako partikulen formaren eta partikula horiek elkarrekiko duten orientazioaren araberakoa da. Partikula hauen pikor-tamainak sedimentua metatu duen prozesuaren indarrari buruzko informazioa ematen digu. Adibidez: pikor tamaina larria bada, prozesuak nahikoa indar ukan du partikulak jatorri eskualdetik arro sedimentarioraino garraiatzeko. Ezaugarri honek sedimentuaren heldutasuna determinatzen lagunduko digu.

 
Konglomeratu bat, litoklastoez osaturiko arroka.

a) Paketatzea aldatu

Pikor tamainaren arabera, bi sedimentu bereizten dira: trama, harea eta legar tamainako partikulez osatua (meteorizazio fisikoaren eraginez) eta matrizea, basa tamainako partikulez eratua.

Paketatzea, trama eta matrizearen erlazioaren araberakoa da. Matrizeak sedimentuaren %15a osatzea balio kritiko bat da, izan ere, harriaren sendotasuna adierazten du honek:

  • Matrizea < %15 bada, trama osatzen duten partikulek elkar ukitzen dute. Esaten da harriak tramak eutsitako ehundura duela.
  • Matrizea > %15 bada, trama osatzen duten partikulek ez dute elkar ikutzen. Esaten da harriak matrizeak eutsitako ehundura duela.

b) Hautespena aldatu

Zenbait prozesuren bidez, sedimentuetako partikulek antzeko tamaina edo erabat ezberdina izan dezakete. Sedimentologian, begiz edo matematikoki, sedimentuen hautespen bat egiten da partikulen tamainetan oinarrituz.

  • Hautespen oso ona: partikulen gehiengo zabala tamaina berekoa denean.
  • Hautespen ona: partikula gehienak tamaina berekoak direlarik. Kasu honetan, sedimentua izendatzerakoan, partikulen gehiengoak duen tamainaren izena hartzen da, adb.: Harea larria, hartxintxarra...
  • Hautespen txarra: partikulak oso tamaina ezberdinekoak direnean. Izendapena egiteko, partikula ezberdinen proportzioa erabiltzen da. Adb.: Legarra %80 bada eta harea %20, "legar hareatsua" dela diogu. Basa %30 badugu eta harea &70, berriz, "harea basatsua" deritzo.

c) Gradazioa aldatu

Geruza bateko sedimentuak oinetik gainerantz eta tamainaren arabera kokatuta badaude, gradazioa ematen da.

  • Gradazio normala: Partikula larrienak geruzaren oinean kokatzen dira, eta arinenak aldiz, gainean. Gradaziorik arruntena da, eta korronte batek energia galtzean sortzen duen geruza da: lehenik partikula pisutsuenak eroriko dira hondora (legarrak), gero arinagoak (harea, basa).
  • Alderantzizko gradazioa: Partikula finenak oinean kokatzen dira, korronteak energia gutxi zuelako. Gero, beste fenomeno batzuen ondorioz, partikula handienak gainean pausatuko dira.
  • Nahasketa: gradazio bikoitza. Alderantzizko gradazioa duen geruza baten gainean gradazio normala duen bat jartzen denean sortzen da. Aurkakoa ez da posible.

d) Partikulen esferizitatea eta biribiltasuna aldatu

Esferizitatea partikulak esfera batekin duen antzari deitzen zaio. Propietate hau ez da biribiltasunarekin nahastu behar: azken honek partikularen gainazalak duen leuntasuna neurtzen du. Adb., ibaiek sortzen dituzten higatutako harriek azal leuna dute, eta beraz, biribiltasun handia. Baina ez dute zertan esferizitate handia eduki, errugbi pilota edo arrautz forma eduki dezaketelako, eta ez esfera perfektu batena.

e) Fabrika aldatu

Partikulak sedimentuetan duten orientazioan datza fabrika. Partikula esferikoa bada, ezin da orientatu. Bestela, ardatzik luzeena lurrarekiko paralelo egon behar du. Fabrika kaotikoa dela diogu orientaziorik ez badago. Hiru fabrika mota daude:

  • Pikor lerrokadura: pikorrak esferizitate txikikoak dira (luzexkak). Ardatz luzeena lurrarekiko eta korrontearekiko paraleloa da. Fabrika hau korronteak sortzen du. Batzuetan, adb. olatuen kasuan, ardatz luzeena korrontearekiko perpendikular jartzen da.
  • Teilakapena: sedimentuak etxe bateko teilak bezala jarrita daude, gainazalarekiko okertuta eta elkar pixka bat estaliz. Partikulek esferizitate txikia dute eta zapalak dira. Teilakapena norantza bakarreko (adb. ibaietako) korronteek sortzen dute.
  • Zutikako fabrika: partikula zapalak lurrarekiko perpendikularrean agertzen direnean. Legarrezko sedimentuetan eratzen da, olatuen eraginez. Multzoak ikus daitezke, eta multzoan geroz eta periferietara gehiago hurbildu, partikulak orduan eta etzanago aurkituko ditugu.

Piroklastikoak edo bolkaniklastikoak aldatu

Lur barnetik ateratako magmaren bidez eratzen dira, eta tefra ere deitzen zaie. Sumendietatik atera ondoren egoera solidoan metatzen diren partikulak dira; izaera eta tamaina ezberdinetako solidoak. Piro hitzak, grezieraz, "su" esan nahi du eta klasto-k, berriz, "zati".

Hiru mota bereiz ditzakegu:

  • Mineralak: Sumendietatik magma egoera likidoan ateratzen da eta hoztuz doan heinean kristalak sortzen dira. Zernahi gisaz, magmak kristalak ukan ditzzke jada, ateratzeko momentuan. Adb.: Leherkariak diren sumendien kasuan, iadanik lurpean kristalizatuta zeuden partikulak airean doaz eta oraindik kristalizatu gabekoak laban, sumendiko maldan behera, gutxinaka hoztuz.
  • Litoklastoak: Lito hitzak "harri" esan nahi du grezieraz. Beraz, litoklasto = harri zati. Magmak, lur barnetik ateratzean, kanpoan dauden harri zatiak bereganatzen ditu eta hoiek dira litoklastoak. Harri zati hauek ez dira magman desegiten.
  • Beira: Egoera likidoan ateratzen da sumendietatik (adb. airean doazen tantak), baina lurrazala ukitu baino lehenago hozten dira ( = kristalizatzen dira).

Tefra partikula askeek osatzen dute, eta pikor tamainaren arabera ezberdintzen dira heuren artean. Tamaina zehatz bateko partikulen kantitateak baldintzatzen du osatuko duen arroka piroklastikoaren izena.

Tamaina Sedimentuen izena Arrokaren izena
64 mmtik gora Bonba: egoera erdi-likidoan ateratzen da sumenditik. Higadurak (haizek, lurrak) biribildu egiten ditu partikulak. Aglomeratu bolkanikoa
64 mmtik gora Blokea: bonba ez bezala, angelutsua da. Bretxa bolkanikoa
64-2 mm Lapilli Lapilli toba edo Lapilli harria
2-0,064 mm Errauts larria eta errauts fina Toba piroklastikoa

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu