Aroztegia (proiektua)

Aroztegia Lekarozko auzo horretan (Baztan), Nafarroa Garaian, egin asmo den etxegintza proiektu handi bat da, 225 etxebizitza, 135 gelako hotel bat eta 46 hektareako golf zelaia biltzen dituena. Proiektua UPNk onartu zuen 2016an, eta PSNren zein Geroa Bairen onespena izan du. Palacio de Arozteguia SL konpainiak sustatzen du.[1]

Eraikitzeko lanak 2021eko apirilean hastekoak ziren, Covid-19 pandemiaren erdian eta oposizioko herri mobilizazioen artean, baina herri protesten erdian, eten egin ziren urte bereko maiatzean. Sustatzaileak 43 milioi euro erreklamatu zituen kalte-ordainetan.

Aroztegiaren ikuspegi orokorra.
Aroztegia proiektuaren mapa
Aroztegia proiektuaren mapa

Bilakaera aldatu

Proiektuak berehala harrotu zituen kontrako iritzi eta jarrerak. 2016an, "Aroztegia eta gero zer?" plataformak lehendabizi. Baztango Batzar Nagusiak arbuiatu egin zuen Aroztegia proiektua, inposiziotzat hartuz. Hainbat mobilizazio antolatu ziren Baztanen eta Nafarroan. Ekologiaren, herri borondatearen eta eskualdeko herri nortasunaren eta herri euskal kulturaren kontrako erasotzat hartu izan da, eragingo lituzkeen kalte handiak gogora ekarriz.

Palacio de Arozteguia SLk, berriz, 50.000 euroko kalte ordaina eskatu zien plataformako zazpi kideri, "prentsaurreko batean parte hartzeagatik".[1][2] Enpresa horrek, gainera, Joseba Otondo eta Garbiñe Elizegi (EH Bildu) Baztango alkate eta alkate-ohiaren kontra jo zuen, prebarikazioa leporatzen zien demanda bat aurkeztuz 2016ko maiatzaren 2an.[3] EH Bilduk "UPNren pozoitutako herentziatzat" jo zuen.

Auzitegiek Garbiñe Elizegiri isuna jarri zioten proiektuari "hirigintza pelotazo" deitzeagatik. 2016ko ekainaren 5ean, proiektuari buruzko herri galdeketa egin zen Baztanen, eta bozkatu zutenen % 80k kontra egin zuten. Hamar alkatek emaitza onartzea eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko presidentea Baztanen egon zen urte bereko abenduaren 23an; proiektuak "interes turistikoa" duela esan zuen, eta aurka zeudenei "ikuspegi globala" galdegin zien.[4] 2017ko abenduaren 27an, Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu zuen Aroztegia proiektua, Baztan, Etxalar eta Ultzamako udalen alegazioak baztertu ondoren.[5]

Protesten eta borroken erdian, 2021eko maiatzean obrak geldiarazi egin ziren, eta bertako hainbat herritarrek eta proiektuaren kontrako mugimenduak besta batez ospatu zuten hurrengo urteko maiatzean.[6] Haatik, 2022ko ekainean, proiektuaren sustatzaileak 43 milioi euro erreklamatu zituen kalte-ordainetan.[7]

Aroztegiaren aurkako akanpada aldatu

2021eko apirilaren 8an proiektua gauzatzeko obrak hasi baziren, protestariak obrak geldiarazten saiatu ziren hondeamakinen aurrean jarriz. Apirilaren 16an, bestetik, Aroztak herri ekimenak lursailetan aurkako erresistentzia-akanpada egitera deitu zuten. Baztango nahiz kanpoko jendeak akanpada antolatu zuten bertatik proiektu txikitzailea gera arazteko asmoz. Astebete ondoren, TEX enpresaren makinak lekutik eraman zituzten eta ekologistek akanpada altxatu zuten, aldi berean, maiatzaren 15ean, Elizondon, manifestazio batera deituz.[8]

Erreferentzia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu