Araba Bai, Arabako alderdi politiko bat izan zen 2010eko azaroak sortua. Aralar alderdiaren banaketa baten ostean sortu zen. Zatiketa honen arduradunen arabera, Arabako Aralarreko militanteen %40a eta Aralarrek zituen udal zinegotzi guztiak Araba Bai alderdiarekin bat egin zuten[1].

Araba Bai
BuruzagiaJavier Aspuru
Diego Gastañares
Sorrera2010
Desegitea2011
Ideologia politikoaEzker abertzalea, independentismoa

Historia aldatu

Krisia 2010ean piztu zen, Aiaraldeko eta Asparrenako militante talde batek Arabako zuzendaritzarekin antolakuntzaren arloan zituen desadostasunengatik Aralar alderdia utzi ostean[2]. Tartean zeuden Javier Aspuru foru-diputatu ohia eta Asparrenako alkate Diego Gastañares. Antza denez, 2010eko azaroan, militante ohien talde hori euren marka propioekin jarduteko asmoa agertu ostean (Artziniegako zinegotziek “Artziniega Bai” taldea sortu zuten orduantxe), Aralarrek “Araba Bai”, “Laudio Bai” eta “Asparrena Bai” markak erregistratu zituen marka eta patenteen bulegoan. Handik egun gutxira, Aiaraldeko eta Asparrenako militante ohiek -hori jakin barik, antza- “Araba Bai” alderdi politikoa Ministerioaren erregistroan erroldatzeko tramiteak hasi zituzten. Bi erregistro ezberdin dira, eta beraz, marka erregistratua egoteak ez zukeen eragin zuzenik izan behar alderdi politiko berria sortzeko; Araba Bai-koek, berriz, “azpijokoa” ikusi zuten Aralarrek hartutako erabakiaren atzean. Aralarrek, bere aldetik, “gisa horretako markak aspalditik erabili izan dituela” esan zuen, eta “ez dagoela asmo txarrik”.

Egoeraz galdetuta, Mateo Lafragua Araba Bai-ko sustatzaileetako batek adierazi zuen “hainbat bilera” izan zituztela Aralarreko arduradunekin, “baina batean ere” ez zietela aipatu marken erregistroaren kontua. Adierazi zuenez, Aralarrek “koalizioan joateko proposamena” luzatu zien, baina “10 minutu iraun zuen bilera batean”, ezezkoa eman zuten. Lafraguaren esanetan, “markaren auzi hau ez da izan hausturaren edo proposamenari ezetz esatearen arrazoia”, baizik eta “lehendik datozen desadostasunak”. “Argi utzi" gura izan du "Araba Bai-ren asmoa ez dela panorama politikoa gehiago sakabanatzea”, baizik eta “aurrean dugun eszenatoki politiko berrian ezker abertzaleak bat egitea”[3]. Gaineratu zuen badakiela “herri batzuetan zauriak ixtea gaitza izango dena, denon aldetik”, baina dagoeneko “beste alderdi batzuekin hizketan” dabiltza (2011ko) maiatzeko hauteskundeei begira.

Azkenean, 2011ko udal eta foru hauteskundeetan Bilduren barruan aurkeztu zen. «Gure ezaugarririk nabarmenena indar bilketa izanda, Araba Bairen erabakiak Bilduren proiektu politikoa sendotu egiten du», adierazi zuen Itziar Amestoi koalizioko ordezkariak.[4]

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu